Hizkuntza eskola ofizialetako euskara agiriak

Rosa Gandarias
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Egunotan euskara egiaztagirien gainean prentsan agertu diren artikuluen harira, hainbat lagun etorri zaigu Hizkuntza Eskola Ofizialetara (HEO) galdezka ea euskara mailak egiaztatzen jarraituko dugun. Izan ere, zabaldu den informazioan, euskararen ezagutza egiaztatzeko dauden zertifikazioen artean, Hizkuntza Eskolen agiriak ez baitira aipatu ere egiten. Sortu den nahasketa ikusita, argibide batzuk eman beharrean gaude.

EAEko Hizkuntza Eskola Ofizialak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen araubide bereziko ikasketak eskaintzen dituzten erakunde egiaztatzaileak gara. Hori horrela izanda, gure zeregina eskolak ematea eta hizkuntzen ezagutza mailak ofizialki egiaztatzea da. Ibilbide luzea dugu hizkuntza eskola ofizialok hizkuntzen irakaskuntzan eta egiaztatze zereginetan. 1969an zabaldu zituen ateak Bilboko HEOak eta 1975-76ko ikasturtean hasi zen euskara irakasten eta egiaztatzen. Gaur egun, 14 hizkuntza eskola gara EAEn, eta 8 dira irakasten eta egiaztatzen diren hizkuntzak: euskara, ingelesa, frantsesa, alemana, espainiera, italiera, errusiera eta portugesa.

Hasierako urteetatik hona, hizkuntzen irakaskuntzan aldaketak izan dira eta EAEko hizkuntza eskola ofizialok aldaketa horietara egokitu gara. Hori dela eta, 2007tik ari gara lanean, Europako Erreferentzia Markoak ezartzen dituen mailak kontuan hartuta. Markoaren deskribatzaileei egokitutako curriculumak eta programazioak ditugu, hizkuntza guztietarako berdinak direnak, eta, jakina, hizkuntza guztietako azterketek eta zuzenketa-irizpideek curriculum eta programazio horiek dituzte oinarri. Halaber, azterketak prestatzeko jarraibideak, zehaztapenak, bete beharreko protokoloak eta zuzenketa-irizpideak berdinak dira hizkuntza guztietarako. Honek guztiak, hizkuntza guztiek, euskarak barne, trataera bera izatea bermatzen du.

Gure eskaintza 16 urtetik gorako edozein herritarri zabalik dago. A1, A2, B1, B2 eta C1 mailak irakasten ditugu modalitate presentzialean edo semipresentzialean; eta, lehenago ere esan dugun bezala, egiaztatu ere egiten ditugu. Maila egiaztatzeko antolatzen diren probak ezinbestekoak diren estandarrei jarraituta daude prestatuta, administratuta eta ebaluatuta (balioa, fidagarritasuna, ekitatea eta eragin positiboa). Urtero, deialdi libre bat egiten dugu eta eskoletako ikasle ofizialek bi deialdi izaten dituzte. Probek hizkuntza jarduera guztiak neurtzen dituzte eta lehenengo deialdian GAI izan diren hizkuntza jarduerak ez dira bigarren deialdian errepikatu behar.

Amaitzeko, argitu behar dugu EAEko Hizkuntza Eskola Ofizialetan makina bat urtetan bete ditugun eginkizunekin jarraituko dugula aurrerantzean ere. Urte hauetan guztietan, milaka titulu edo ziurtagiri eman ditugu, euskarakoak zein aipatutako hizkuntzetakoak.

Hizkuntza bat, euskara barne, ikasi zein egiaztagiria lortu nahi duenak Hizkuntza Eskola Ofizialetan aukera publikoa eta bermeduna aurkituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.