Eskolako hizkuntza ereduak auzitan daude. A eta B ereduak betidanik egon dira. Baina D eredua ere aspalditik dago kritikapean. Orain Euskadin hezkuntza sistemari buruzko lege kontuak hizpide diren honetan, euskara ikasteko hizkuntza ereduak birpentsatu beharrean gaudela dirudi.
Ereduak indarrean jarri ziren garaian, 1980ko hamarkadan, konbentzituak geunden eskola euskaldunduta herria euskaldunduko genuela. Gure kultura soziolinguistikoak ez bide zuen bestetarako ematen, eta jakin behar duzuna ez dakizunean, sinesten hasten zara. Eta guk sinetsi egin genuen, sinetsi behar ez zen gauza bat. Hezkuntza sistemak ezin baitu hizkuntza minorizatua bere onera ekarri, honek legitimazio soziala eta politikoa alde ez baldin baditu behintzat.
Orain, dirudienez, D eredua ezarri nahi dugu hezkuntza sistemaren maila eta ikastetxe guztietan, eta era horretan orain arte lortu ez duguna lortu. Murgiltze ereduan sinesten dugu. Baina oker gabiltza. Oker gabiltza, zeren eta euskararen transmisio eskolarraren arazoa ez da soilik auzi linguistikoa, ezta eskoletan ikasleak erregistro informaletan trebatu ezina ere, askoz harago doa hizkuntza minorizatu baten sozializazioan esku hartzen duen aldagaien arazoa.
Euskararen erabilerak huts egiten baldin badu D ereduko belaunaldietan, hutsegitea ez dagokio soilik gaitasun linguistikoaren maila eskasari. Euskararen eskolako transmisioan gaitasun linguistikoarekin batera beste ahalduntze-gaitasun batzuk daude jokoan. Eta, gure ustez, beste osagai horiek egiten dute huts D ereduko ikasleen praktika euskaldunean.
D ereduak sortzen duen euskalduntasunak euskal hiztun engaiatuak sortzeko gaitasunik ez baldin badu, hots, eskolako esparruan bertan ikasgelako atea atzean utzi orduko ikasle euskaldunak beren artean erdaraz mintzo baldin badira, bistan da ikasleen euskara-atxikimenduak huts egin duela. Hala ere, jardun akademiko formalaren alorrean funtzionatzen du murgiltze ereduak. Gaitasun akademiko formal horrek ez du bermerik eskaintzen, ordea, D ereduko ikasleak euskaltzaletasunean ahalduntzeko. Eta nora goaz euskaltzaletasunik gabeko gaitasun linguistiko formalarekin?
Ikastolen mugimenduaren hasierako urte haietan ikasleen ezaugarri soziolinguistikoek bazuten orain sumatzen ez dugun ahalduntze-tresna bat. Orduko hartan D ereduko ikasleen euskalduntasuna ez zen murrizten gaitasun linguistiko formalera. Aitzitik, orduko ikasle askoren gaitasun komunikatiboak gaitasun linguistikoa gainditu egiten zuen; alegia, gaitasun linguistikotik gaitasun komunikatibora dagoen jauzia egiten zuen, ikasle haietako askoren identitate euskalduna euskaltzaletasun ideologikoak ezaugarritzen zuelako. Alegia, motibazio integratzailea gailentzen zen, gaur ez bezala. Gaur egun nagusi den motibazio instrumentalak umezurtz uzten ditu ikasle euskaldunak espainieraren edo frantsesaren itsaso itogarrian.
Hizkuntza minorizatu baten normalizazio soziala gaitasun linguistikoaren terminoetan planteatzea euskaldun gisa geure buruaz beste egitea litzateke. Gaitasun komunikatiboaren osagai ideologikoa alde batera utzita, eta euskal nazioan integratzeko curriculumik gabe, ez daukagu zer eginik. Euskararen ikaskuntza kontzientzia nazionalean errotuta transmititu nahi ez dugun bitartean, ez goaz inora. Eta euskararen ikaskuntza kontzientzia nazionalean mamitzea euskararen baldintza nazionalak, ideologikoak, kulturalak eta politikoak problematizatzea da. Hizkuntza hegemonikoekin daukan orotariko mendekotasunaz jabetzea. Azken batean, eskolako eta etxeko transmisioaren egungo euskalduntasun etnokulturak interpelatzen ez bagaitu, alferrik ari gara.
Zer-nolako baldintza soziolinguistiko eta politikoetan ari dira euskara ikasten gure haur eta gazteak, izan ere? Ba al dakite hizkuntzaren, nazioaren, identitatearen eta kulturaren arteko harremanak nola egituratzen diren nazio politikoen arabera eratua dagoen gaurko munduan? Ba al dakite euskal identitate linguistiko akademiko hutsak ez dituela euskaltzaletuko? Ba al dakite euskararen aldeko atxikimenduak euskal identitate nazionalaren aldeko jarrera eta praktika dituela ordain? Ba al dakite euskalduntasun nazionala, kulturala eta soziala abertzaletasun euskaltzalearen praktikak soilik bermatzen duela gaurko testuinguru espainol eta frantses itogarrian?
Bistakoa denez, ez dakite. Euskara politizatzea ez dagoelako onartuta gure hezkuntza sisteman. Nazionalismo espainolak eta erregionalismo euskotarrak ez lukete halakorik onartuko, erotuta ere. Hortxe dago, ordea, balio sozioekonomiko eta erakarpen pragmatikorik ez duen hizkuntza minorizatuaren arazoa konpentsa dezakeen irtenbide bakarra. Edo nazio burujabe bat eraikitzen duzu zure identitate linguistikoa eta kulturala zaintzeko, edota hizkuntza hegemoniko baten jabe zara. Ez dugu beste aukerarik euskaldun izateko modu duingarri bat erdiesteko. Ez dezagun ahantzi, bidenabar esanda, nola bizi nahi dugun aukeratzeko ahalmenean datzala giza duintasuna.
EAEko botere autonomikoaren politikak nazio-identitate espainolean sozializatzen ditu gure ikasleak. Bestela esanda, identitate nazional horren erreferentzia eta marko hegemonikoaren baitan taxutzen ditu belaunaldi berriak. Hori da gure eskoletako geletan agerian ez bada ezkutuan indarrean dagoen curriculum nazionala. D ereduak zer egin dezake ikasleen praktika euskaltzalearen alde, ordea, curriculum nazional espainolaren hegemonia erabatekoa baldin bada? Zertarako balio du euskalduntasun akademiko formalak botere soziolinguistikoaren mekanismo nagusiak nazionalismo espainol estrukturalaren esku baldin badaude?
Hizkuntza ereduak auzitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu