Oraindik orain izan dugu Ama-hizkuntzak: denon ondarea deritzan artikulua irakurtzeko parada prentsan. Valentziar Gorte, Galiziako eta Balear Uharteetako eta EAE eta Nafarroako parlamentuetako presidenteek sinatua, Unescok otsailaren 21ean Ama-Hizkuntzen Nazioarteko Eguna ospatzen duela profitaturik. Esanguratsua begitantzen zait Kataluniako Parlamentuko presidenteak sinatu ez izana. Zergatik ote?
Baina gatozen artikuluaren mamira. Aipatzen dute idazkiaren sinatzaileek erantzukizun publikoak dituztela bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia-erkidegoetan, eta horregatik, bi hizkuntza ofizialak berdintasunean eta inolako diskriminaziorik gabe gero eta normalizatuago erabiltzen saiatzen direla. Aldi berean, babes berezia ematen omen zaie hizkuntza mendeetan gutxitutakoei:
«Izan ere, herri-administrazioek bermatu egin behar dute herritarrek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko duten eskubidea, bai eta hizkuntza horien ezagutza bermatuko duten hizkuntza-politikak gauzatzekoa ere. Esparru horretan ere esperientzia handia dugu hizkuntza koofizialen normalizazioan eta hizkuntza horiek ikastea bermatuko duten hezkuntza-sistemak sustatzen».
Zer pentsatuko eta/edo sentituko ote dute nafar euskaldunek aldatu ditugun hitz autokonplazentziazko horiek irakurrita? Eta EAEko euskaldunok? Gure eguneroko bizitzan zenbat aldiz utzi behar izaten dugu ama-hizkuntza edo hitz egin nahiko genukeen hizkuntza alde batera, eta gaztelaniara igaro?
Euskal Herriko zenbat etxepetako bilera egiten dira euskaraz?, zenbat euskaldun gaude behartuak euskara baztertzera, bestela, berehala esaten digutelako ez gaituztela ulertzen, eta ezin delako aurrera egin?
Etxepetik beste era bateko jendaurreko bileretara iraganik, Euskal Herriko zenbat bilera publikotan baztertu behar izaten dugu euskara eta gaztelaniara jo, bilera-antolatzaileek ez dutelako hizkuntza-neurririk hartzen euskaldunok eroso mintza gaitezen geuk nahi dugun hizkuntzan?
Batzuetan, gertatzen da bilera-antolatzaileak euskaldunak direla, baina jakinik bilera-partaide guztiak ez direla elebidunak izango, euskararen erabilera gutxi-asko sinbolikoa egin ohi dute; azkenean, denak natural-natural gazteleraz mintzatzeko. Ez dakit zer den hobea: elebakarrek gaztelaniaz antolatutako bilera publikoak —orduan, badakigu nora goazen—, edo elebidunek gaztelaniaz antolatutakoak. Bi elebidun dira hizlariak, eta galderak euskaraz edo erdaraz egin daitezke, teorian; baina antipatiko gertatzen da, ze badakizu askok ez dizutela ulertzen, eta tentsioa sortzen duzula.
Horrelakoetan, bi bide egoki ikusten ditut euskaldunok Euskal Herrian gaztelaniara igarotzeko beharrik ez izateko: bata da bi talde egitea, euskaldunena eta erdaldunena. Bestea, aldibereko itzulpena jartzea. Azken aukera hau guztiz egingarria da eta, egungo teknologia mugikorrei esker, inoizko merkeena, baina borondate apur bat eskatzen du, eta aldez aurretik barneratzea interpreteak kontratatu beharra.
Gehienetan, errazena delako, jendaurreko bilera gaztelaniaz egiteko hautua egiten da. Kohesio-hizkuntza gaztelania. Gaztelaniadun elebakarrek ez dute euskara ikasi beharrik. Euskaldunak onartu behar du gaztelania dela jendaurreko hizkuntza, eta praktiko izanik hobe duela gaztelaniaz erraztasuna lortu, eta ahal badu, ama-hizkuntza erdara dutenek baino hobeki egin, oratoria dohainak gaztelaniaz landurik, eta, jakina, erabiliena da egokien ezagutzen dena, eta erabiltzen ez dena gutxi landua gelditzen da, hizkuntza nagusiaren premia tristean. Non dago hizkuntza-berdintasuna? Auzoan! Ama-hizkuntza gaztelania dutenen aldean.
Noiz izango dugu posible euskaldunok Euskal Herrian, jendaurreko bileretan, euskaraz egitea natural-natural, erdaldunek egiten duten bezala, pentsatu beharrik izan gabe batzuek ez digutela ulertuko, batzuek bekozkoa jarriko digutela edota modu onez edo txarrez hizkuntzaz aldatzeko eskatuko digutela, bizikidetza linguistiko harmoniatsuaren izenean?
Horri buelta emateko agintariek, besteak beste, parlamentuetako presidenteek, bai diskurtso publikoan, eta batez ere erabaki politikoetan, euskararen unibertsalizazioaren beharraz hitz egin behar dute behin eta berriz, eta hura lortzeko plangintza zorrotzak burutu, jarraipen estua egin eta jendaurrean horren berri eman, euskal herritarrak argi ikus dezan euskalduntzearena serio doala Euskal Herrian, eta euskara ikasteko betebeharra duela euskaraz egin nahi duena ez oztopatzeko, eta euskaldun osoa sentitzeko, behingoz, kontxo!
Abiapuntutzat hartu dugun artikulua honela amaitzen da:
«Ama batek alabari bere sentimenduak bere hizkuntzan adieraztea munduko gauzarik naturalena da, gehiegitan horrela izan ez bada ere. Europako ezein lurraldetan inor ez dadila gehiago bere ama-hizkuntzari, altxor handi berezi eta denona den horri, uko egitera behartua sentitu».
Oso mezu kuttuna da, baina Euskal Herrian bertan, Euskal Herrian bakarrik, ehun bat ama-hizkuntza dituzte bertako herritarrek, eta horietatik gaztelania eta frantsesa bakarrik eskubide guztiekin,bakoitza bere lurraldean, eta euskaldunoi dagokigunez, hizkuntza-berdintasuna 2021ean, ipuin samin-sumina da. Noiz arte jarrai dezake, onenean, etorkizunerako ametsa izaten?
Hizkuntza-berdintasuna: ipuina eta ametsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu