Jone Miren Hernandez Garcia.

Hitzen arkeologia

2013ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Aurten 90 urte bete dira Emakume Abertzale Batza (EAB) erakundea sortu zela. Urtemuga horren inguruan hainbat ekimen burutu dira, besteak beste, hainbat egileren artean osatutako liburu baten argitarapena, Emakumeak hitza eta bizitza, eta izenburu bera duen erakusketa bat. Egun hauetan, hain zuzen ere, amaiera eman zaio erakusketa honi EHUren Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan. Merezi zuen bisita bat. Emakume horien bizitzaren eta hitzaren inguruko arkeologia ariketa moduko bat izan da, urteek estalitakoa berriro azaleraziz, aztertu eta aitortu ahal izateko.

EABren historia ezaguna izanda ere, iradokitzaile da beti. Emakume hauen ideologia edo ikuskera baloratzera sartu gabe, argi da horietako asko benetan modernoak, berritzaileak eta apurtzaileak izan zirela. Nahiz eta gaurko pentsamoldetik aurkakoa pentsatzeko tentazioa izan. Familia eta etxearen kudeaketaz arduratzen ziren euskal emakumeak ziren gehienak, (sozialki) beraiek betebeharreko zeregin nagusia omen zen eta. Zentzu klasikoan matriarkatzat hartzeko aukera asko zituzten: jakina da, mitoak dioen bezala, etxean edota baserrian agintedunak; hori bai eremu pribatutik kanpo, ikusezin.

Baina ohiko eginkizun horiei lotuta euskal nazionalismoak (zehatzago izateko, Eusko Alderdi Jeltzaleak), bestelako betebehar batzuk ere egokitu zizkien emakumeei. Alderdiaren aburuz, Jaungoikoa eta Lagi Zarraren leloa jarraituz, euskal emakume zintzoek hainbat praktika eraman behar zituzten aurrera: alde batetik beti laguntzaile, behar zutenei emateko prest (ikastoletan, arropategietan katekesian…); bestalde tradizioen zaintzaile eta, bereziki, hizkuntzaren (euskararen) babesle. Miren Llona historialariaren ustez, momentu horretan finkatzen da aberriari atxiki izan zaion amaren figura. Ama honek ardura zehatzak zituen: nazioaren ongizatea eta tradizioen zaintza, eta horien barruan hizkuntzak lehentasunezko lekua zuen.

Ondorioz, emakumeek birritan bete behar zuten amaren rola: etxean eta aberrian.

Planteamendu honek bereizketa nabarmena ezartzen zuen: alde batetik, ekintza politikoa zegoen, bestetik, ekintza edo jarduera aberkoia. Lehenengoa gizonezkoen eskuetan bakarrik geratzen zen; bigarrena emakumeenean.

Jarduera soziala (bereziki karitatearen bitartez, baina baita ere hezkuntza arloan edo presoak laguntzen) eta jarduera aberkoia (aberria sortuz eta birsortuz) ziren garai hartako emakumeen eragin-eremuak eta euren boterearen mugak. Eta muga horiek finkatzeko beste elementu bat gehitu zitzaion sexu-banaketari: arrazoia eta emozioen arteko bereizketa. Ekintza edo jarduera aberkoia sentimenduei geratuko da lotua, bihotzari eta emozioari, hau da, feminitate klasikoaren oinarrian topatzen ditugun bi elementuri. Ekintza politikoaren kasuan, aldiz, hau arrazoia eta inteligentziarekin lotzen da, eta horrek muga bat suposatzen du —garaiko pentsamenduan behintzat— emakumeen parte hartzeari dagokionez. Llonak azaltzen duen moduan, politika adimenarekin lotzen zen, gizonezkoen gaitasunekin. Jarduera mota hau gainera, esparru publikoan garatu behar zen, eta emakumezkoek, printzipioz ezin zuten eremu horretan parte hartu.

Modu horretan, teorikoki, eremu politikoaren eta aberkoiaren artean muga zorrotzak ezartzen ziren. Beste gauza bat da, emakumeek (edo gutxienez hainbat emakumek) praktikan beteko zuten rola. Horrela ez da denboran oso atzera joan beharko lehenengo tentsioak antzemateko, hau da teoriatik praktikara jauzi egiterakoan sortukoak zein diren ikusteko.EABren sorrerak (1922) aurrerapauso bat suposatu zuen euskal emakumeen parte hartze sozialean. Erakunde honen bultzatzaileen artean Elías Gallastegui dugu. Dirudienez bera izan zen lehenengoetariko bat aldarrikatzen emakumeen presentzia (baita ere) eremu politikoan. Horren ildotik, beste batzorde batzuk eratzeaz gain, propagandaren inguruko lantaldea sortu zen EABren barruan. Horren betebeharrak? Ideia eta emozio abertzaleak zabaltzea.

Propagandaren helburua ezartzearekin batera inflexio puntu bat ematen dela pentsa daiteke. Emakumeen kasuan propaganda ekintza aberkoien artean kokatzen bada ere, praktikan jarduera horrek eremu politikoari loturiko hainbat ezaugarri bereganatzen ditu, eta horiek emakume mitinlari edo propagandistengan gorpuztuko ziren. Alde batetik, emakume hauek hitza eta hitz egiteko (baita entzunak izateko) eskubidea bereganatzen zuten. Gainera, eszenatokiaren erdian kokatzen ziren, batzuetan (edo askotan) bakarrik, beste batzuetan gizonezkoekin batera. Azkenik, esan daiteke sortzaile bihurtu zirela, euren diskurtsoa eratzeko aukera izan zutelako eta praktikan inprobisatu ere egiten zutelako.

Argi dago, inplizituki bada ere, garai hartako emakumeei zegozkien diskurtsoa oso ondo barneratuta zutela, baina, pentsatzekoa da, propagandista edota hizlariaren profila zehazterakoan ereduaren transgresiorako bidea zabaltzen ari zela, edo gutxienez zirrikitu bat irekitzen. Hori ez zen noski helburua: emakume propagandistak erabiltzerakoan emozioen erabilpenaren alde egiten ari ziren. Emakume hauek, bihotza eta sentimenduen ordezkari gisa, euskal arimaren esentzia eta ama aberriaren kultura transmititzeko figura egokienentzat jotzen ziren, eta horregatik bilakatu ziren mezulari.

Zorionez euren hitzak (eta bizitzak) jasota geratu dira aipatutako erakusketan eta bestelako materialetan (liburu, artikulu…). Hitzen arkeologia honek euskal emakumearen irudi konplexuaz ohartarazten digu, bere dimentsio aktiboaz, sortzaileaz eta sozialaz jabetzeraino. Baina, euren bizitza, ibilbidea eta lorpenak ezagututa, ahanzturaren beldurra ere pizten da une batez. Ez dakigulako hemendik 90 urtera emakumeen lorpenaz zer geratuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.