Googlen sartu, Real Academía Española (RAE) tekleatu eta Diccionario de la lengua española delako gunera joateko parada izango dugu. Bertan, bilatzailean, sexo hitza idatzita aukera ezberdinak agertzen dira. Horien artean, bitan jarriko dugu arreta. Batetik, bello sexo dugu, sexo débil adieraren sinonimo gisa; bestetik sexo feo, sexo fuerteren parekotzat jotzen dena. Aurrera egin dezagun. Nola definitzen du bello sexo RAEko hiztegiak? Literalki: conjunto de mujeres. Definizio horren azpian sexo fuerte topatzen dugu: conjunto de hombres.
Kontsulta bat eginez edo, puntu horretara iritsi zen Sara Flores Romero, eta definizio horiek ikusita kanpaina bat hastea erabaki zuen, RAE erakundeak definizio horiek aldatzeko eskatuz. Hilabete honen hasieran, 71.000 sinadura zituen bilduta Floresek. Sinadurekin batera, sare sozialetan hamaika komentario zabaldu dira ekimen horren inguruan. La mujer no es el sexo débil Yo no soy el sexo débil eta antzeko adierazpenak dabiltza egun interneten zehar. Horrekin batera, RAE erakundeari egindako eskakizunak ugaritzen ari dira: adierazpen hori ezabatzeko, zuzentzeko...
Badut esperientzia hiztegigintzan, ñimiñoa eta mugatua, baina nahikoa aipatutako auzi honek zer pentsatu emateko. Eztabaida luzea izan badaiteke ere, kasu honetan puntu gutxi batzuk nabarmendu nahiko nituzke, orokorrean hiztegiez, zein hitzez hausnartzeko asmoz.
Hiztegi bat eratu aurretik uste ez banuen ere, gerora konturatu naiz horrelako lanak erabakitze lanak direla gehienbat. Erabaki asko eta izaera ezberdinetakoak hartu behar dira hiztegi bat osatzen den bitartean. Adibidez, hiztegiaren izaera eta ezaugarriak, hiztegia osatzeko erabiliko diren iturriak eta, batez ere, hiztegiak bilduko dituen hitzak: Zeintzuk? Zenbat? Ezagutzen edo entzuten diren hitz guzti-guztiak bildu behar dira hiztegi batean? Gaikako hiztegia denean, jakintza arloak laguntzen du mugak jartzen, eremu horri bakarrik dagozkion hitzak jasotzea izan baitaiteke irizpide nagusienetariko bat.
Beste irizpide bat erabilera izan daiteke. Jakina da, denborarekin hitz batzuk zaharkituak geratzen direla. Horretarako bi arrazoi izaten dira. Batetik, gerta daiteke hitz edo kontzeptu batek beste bat gainditzea eta ordezkatzea (bigarren hori hobeki egokitzen delako garaiari edota testuinguruari). Bestetik, gerta daiteke hiztunek kontzeptu edo hitz baten erabilerari uko egitea sozialki dakarren zama subjektiboa dela eta. Zaharkitua edota desfasatuta geratu diren hitz horien kasuan, hiztegia egiten edota kudeatzen ari direnei dagokie erabakitzea zer egin. Erabakia edozein izanda ere, hiztunek nahi dutena edo egokia jotzen dutena egingo dute. Hori argi dago. Baina, hiztegiaren egileek ardura eta boterea dute erreferentziazko testua izango den horretan zer jotzen duten egoki erabakitzeko.
Eta RAEkoak bello sexo eta sexo fuerte adierak hiztegian mantentzearen alde agertu dira.
Belen Altunak Errenazimenduan (XV-XVI mendeak) kokatzen ditu emakumeen eta bello sexo adieraren arteko loturaren hastapenak. Geroztik, egileak berak erakusten duenez, eztabaida zein ika-mika asko gertatu dira esamolde horren inguruan, edertasunaren definizioa bera, zein inplikazioak aldatzeraino. Are gehiago, dio Altunak, egun populazio osoak —gizonezkoak barne- estetikarekin lotutako presioak jasotzen dituela ikusita, espresioa gizonezkoentzat ere, baliagarria izateko bidean dagoela pentsa daiteke.
RAEren hiztegiak eskaintzen duen definizioak, aldiz, ez du adieraren atzean egon diren, eta dauden, eztabaiden aztarnarik ematen. Gaur egun behintzat ez. Halere, antza denez, irailean hiztegiaren bertsio digitalean aldaketa txiki bat egingo da.
Horrela adierazi dute RAEkoek, Sara Floresek hasitako kanpaina dela eta, prentsan azalpenak eta ñabardurak emateko prest agertu direnean. RAEko kideek adierazi dutenaren arabera, ez dute aurreikusten esamoldeak ezabatzea, horietako bakoitzean azalpentxo bat gehitzea baizik. Sexo débil delakoaren kasuan adiera zentzu baztertzaile batekin erabiltzen dela gehituko dute; sexu fuerte delakoaren kasuan berriz, esamoldeak izaera ironikoa duela argituko dute. Moldaketa horien berri eman du, besteak beste, Soledad Puertolasek, RAEko kidea dena 2010. urtetik. Puertolasek gainera, Floresek bultzatutako kanpainak hausnarketa eragin diola aitortu du. Hain zuzen ere, gizartean, eta bereziki gazteen artean ahul (débil) hitzak duen esanahiak pentsarazi diola azpimarratu du. Puertolas pozik dago emakume gisa egokitzen zaion ahuldadearekin eta ez du uste horrek diskriminazio egoerarik ekarri behar duenik. Hori esanda, RAEk ahul adieraren inguruan lana egin beharko lukeela gaineratu zuen Puertolasek.
Edozein kasuan, esanda dagoen moduan, auzia piztu duten adierek (ez bello sexo, ez sexo débil) ez dituzte hiztegitik ezabatuko. Zergatik eta, horien erabilera dokumentatuta dagoelako, bai egunerokotasunari lotutako erabileran, bai liburu zein dokumentuetan. Antza denez, aitortutako erabilera sozial horrek ez du inongo hausnarketarik bultzatu, edo estatuko prentsak ez du, behintzat, horren berri ematen.
Edozein kasuan RAE ñabardurak sartzeko prest azaldu bada ere, Floresek aitortu du bere kanpainarekin jarraituko duela esamoldeak hiztegitik desagertu arte.
Pasarte guzti honek, Joseba Zulaikak antropologoak aspaldian egindako hausnarketa bat ekarri dit gogora. Zulaikak euskal kulturan hitzak duen boterea aldarrikatu ohi du sarritan, gurean, hitzak duen zentraltasuna argudiatuz. Bere iritziz, hitzek solasaldi edota elkarrizketetan eragina izateaz gain, pertsonen bizitzan ere eragitea lortzen dute. Testuinguru horretan hitza eta identitatea bat eginik agertzen ziren.
Egun, hiztegiak, hitzak eta erabilera sozialak banandurik ager daitezkeela ikusten ari gara, azken finean badugu beste esaera bat horretarako asmatua: politikoki zuzena.
Hitzak baino ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu