Europako Batasuneko ofizial tipikoak italiar baten antolakuntza gaitasuna, alemaniar baten malgutasuna, holandar baten eskuzabaltasuna, frantses baten apaltasuna eta irlandar baten inteligentzia dauka», esan zuen Sir Humphrey Appleby-k, Yes, Minister britaniar sitcom famatuaren protagonistetako bat eta civil service-ko goi kargudunekin lotutako klixe guztien adierazlea. Ez litzateke erokeria pentsatzea Michel Barnierrek eta bere taldeak Lord Frost-ek zuzendutako eta Sir Humphrey-z osatutako talde batekin negoziatu duela.
Jaioberria Gabonetan etorri da mundura: Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza kooperaziorako akordioa. Ospakizunak aztertuak izan dira negoziazio luze hauen irabazlea identifikatzeko helburuarekin. Baina keinuez harago, zenbait gakok jasotzen duten tratamendu legala azter dezagun.
Ondasunen merkataritza Europako Batasunarentzat interes handiko arloa da. Parlamentu Britaniarrak argitaratutako datuen arabera, 2019an Erresuma Batuak 97.000 milioi librako defizit komertziala zeukan ondasunen merkataritzan Europako Batasunarekin. Zenbait Estatu Kidek Erresuma Batuan merkatu garrantzitsua dute. No-Deal batek Munduko Merkataritza Antolamenduaren arauetara (GATT tratatua) eramango luke bi alderdien arteko ondasunen harreman komertziala, eta horrekin batera aduana zergak ezartzeko aukera. Alemania akordio baten sinaduran oso interesatuta zegoen. Frantziak laguntza eskaini zion abenduaren 21 eta 22 egunetan ondasunen trafikoari muga itxiz, horrek Erresuma Batuan eragin zuen kaosarekin. Akordioak ondasunen merkataritzari buruz duen filosofia argi antzeman daiteke: aduana zergen eta arantzelen erabateko debekua bi alderdietan sortutako ondasunentzako; ondasun horien gaineko barne zergen debekua ere, baldin eta ondasun baliokide nazionalen gainekoen ezberdinak badira. Alemania lasaituta dago.
Zerbitzuen merkataritza, ostera, Erresuma Batuarentzat da interes handikoa. Iturri beraren arabera, 2019an Erresuma Batuak 18.000 milioi librako superabita izan zuen zerbitzuen merkataritzan Europako Batasunarekin. Era berean, zerbitzuek %80ko pisua dute britaniar BPGan. Horien artean finantza zerbitzuak nabarmentzen dira, berebiziko garrantziarekin Londreseko ekonomian: City Europako finantza gune garrantzitsuena da.
Arlo honetan, klausula garrantzitsu bat dago britainiarren interesentzako: Alderdiek ezingo diete mugaz gaindiko zerbitzuen hornitzaileei exijitu euren territorioan enpresa edo erresidentzia bera ezartzea zerbitzu horiek prestatzeko baldintza gisa. Beste klausula garrantzitsu bat: Alderdiek ezingo dute zerbitzu prestazioen gaineko muga neurririk hartu, besteak beste, transakzioen edo aktiboen balio totalaren gainean kantitate kuotak ezarriz.
Teorian bi klausula horiek Irletan zuten bi kezka handienak baretu ditzakete, hau da, Europako Batasuneko finantza guneetan operatzeko entitate ekonomikoen birlokalizazioa exijituko zuen europar araudi berria, edota autoritate europarrak onartutako muga bat Europako Batasunatik kanpoko finantza guneetan operatu daitekeen euro kopuruaren gainean (Londres baita eurotan egiten diren finantza operazio gehienak hartzen dituen gunea).
Kontrako aurpegia: akordioak Alderdiei euren finantza sistemaren integritatea babestea helburu duten neurri prudentzialak hartzea ahalbidetuko die. Ikusi beharko da zelako ibilbide potentziala edukiko lukeen klausula horren aktibazioak, baina Europako Batasunarentzako segurtasun sare garrantzitsua da.
Edonola ere, analista guztiek bat egiten dute: finantza zerbitzuen benetako gai garrantzitsua ez da jorratu, finantza merkatuetarako sarrerarena, alegia. Izatez, irizpide konparatibo batetik finantza zerbitzuek atentzio murritza jaso dute testuaren osotasunean. Boris Johnsonek eta Rishi Sunakek adierazi dute akordioa motz geratzen dela arlo honetan zuten aspirazioetan. Finantza merkatuen kontrolerako autoritate britaniarrak (FCA) Europako operadore finantzarioen esku «jarduteko aitorpen pasaporteak» jarri dituen bitartean, keinuak ez du elkarrekikotasunik jaso alde europarretik, eta akordioak ez du horren gaineko inolako aipamenik jasotzen.
Gauzak horrela, gakoa britainiar finantza legedia egungo legedi europarretik zenbat aldentzen den jakitean egongo da. Egun, Erresuma Batuko finantza sistema Financial and Services Market Act 2000 eta Financial Services Act 2012 legeek egituratzen dute nagusiki. Alabaina, Europako Zuzenbidearen efektu zuzena (Merkatu-Abusu Erregelamendua) eta transposizioa (Finantza Merkatu eta Instrumentuei buruzko Direktiba) dela eta, finantza merkatuen kontrolari buruzko britaniar araudia europarraren luzapena da, FCA Handbook adierazgarri argienarekin. Legegile britaniarra egungo europar estandarretatik aldentzen ez den bitartean, bere operadore nazionalek ez dute zailtasun handirik jasango Europako merkatuetan jarduteko. Ostera, honek kontrako norabidea hartzen badu, finantza operadore britainiarrek kasuan kasuko Estatu Kidean indarrean dagoen araudi nazional eta europarrera adaptatzeko lan egin beharko dute, era indibidualean.
Batzordeak abenduaren 24an argitaratutako ohar batean argi esan du Erresuma Batuak ez duela finantza zerbitzuetan baliokidetasuna aitortua eta hori Europako Batasunaren aldebakarreko erabakia izango dela. Alderdiek finantza zerbitzuei tratamendu bereizia emango diete, akordiotik kanpo (ziurrenik lege mailarik gabe).
Epean zehar Erresuma Batuak arrantzari eskainitako gehiegizko arretaz ohartarazten aritu da prentsa ekonomikoa, ziurrenik azken honek zeukan negoziazio presio aukera garrantzitsuena zela pentsatzen zuelako. Hala, ez dakigu akordioa (Johnsonen hitzetan) arrainez beterik ote dagoen, baina dakiguna zera da: industria alemaniarrak edota nekazaritza sektore espainiarrak Erresuma Batuan inolako arantzelik gabe saltzen jarraituko duten bitartean, oraindik ez dagoela segurtasun juridikorik Cityko aktore ekonomikoek Europako finantza merkatuetan zerbitzuak eskaintzeko (eta Europan nagusitzen jarraitzeko).
Argi berdea ondasunen merkataritzarako. Eta finantza zerbitzuak? Hitz egingo dugu, lehen ministro.
Hitz egingo dugu, lehen ministro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu