Nazioa pertsona multzo handi bat da, haien gogoan pentsamendu eta irizpide komunak, edo bertsuak, bederen, partekatzen dutenak: nolakoa den heien nazioa, euren nortasuna, nola enfokatzen duten bizitza, etorkizuna. Baina funtsean, oinarri-oinarrian, badago zutabe bat, frontala eta ezinbestekoa dena: nola irakurtzen eta kontatzen duten euren historia kolektiboa, nazioaren historia. Hargatik, historia idaztea ekintza politikoa da, eta subjektiboa; gizaki batek egiten duen ezer ez da inoiz objektiboa, sistema politiko batetik egiten duelako beti, pentsamendu sistema batetik.
Historia gaur idazten da beti, atzera begirako ariketa bat da, iraganeko gertakizunen egia bilatzen du, eta zentzua ematen dio gure arbasoek gauzatu edota nozitu zuten guztiari. Gaur Euskal Herriak bizi dituen tentsio-gune askoren artean bada bat garrantzi handikoa eta, momentuz, euskaldunok galtzen ari garena: gure historia garaikidearen kontaketarena, 1960an hasten dena, ETAren sorrerarekin, eta haren 50 urteko iraupenak markatu duena. Historia gaur idazten da beti, eta beti aldatu daiteke; garaiz gaude oraindik ere.
Gerra Zibila irabazi zutenek 20 urtez ezarri zuten bake errepresiboaren ostean, erregimen frankistak 60. hamarkadan berriro aktibatu zuen hilketa selektiboen estrategia, batetik, eta sistema kuestionatzen zuen edozein ekimen sozialen aurkako atentatu sorta, bestetik, jendea izutzeko helburu soilarekin. Helburuak berdin ziren ikastolak, liburu denda euskaldunegiak, jaietatik zetozen gazteak, ETAn zebiltzanen senideak, lagunak, edo ezaugarri berezi gabeko beste edozein.
Espainiako Estatuaren polizia ezberdinen esku egon zen terrorismo kanpaina luze hau, eta haien inguruko agente ilun batzuenetan, sigla ugaritan mozorrotu ziren mertzenarioak: BVE, Triple A, Guerrilleros de Cristo Rey, GAL eta abar.
ETAk eragindako biktimei buruzko informazio, omenaldi eta oroimen-ekitaldi idatzizko nahiz fisikoen gaindosia izan da Espainiak historia bere interesen arabera finkatzeko hartu duen estrategia, eta propagandaren monopolioa duen edozein estatuk bezala bere helburua lortu du: ETAren ekintzak anplifikatu eta errepikatuaren poderioz lortu du hark eragindako mina euskal nazioaren hezur-muinean txertatzea. Eta horrekin bigarren ondorio bat ere inposatu du euskal historiografia garaikidean: estatuak berak eragin zuen saminaren neurria ezabatzea, informazio ezaren eremuan difuminatzea. Informazio hori ez baldin badago, ez dago haren zabalkunderik.
Hartara, Espainiako Estatuaren jokaera honek euskal nazioa osatzen duten pertsonen pentsamenduetan zulo handi bat eragin du: pertsona horiek ez dute estatuak eragindako minean pentsatzen, eta pentsatzen ez denak ez du eraginik pertsonengan, ez ditu akziora bultzatzen. Ez dago eztabaidarik, gizarte soraio bat baizik. Baina pentsatzen ez dena ere existitzen da, eta historiaren ardura da hori jasotzea eta idatzirik uztea.
Hamarkada hauetan gertatu dena guztiz deformaturik ari gara jasotzen, eta alde batekoa soilik den informazioaren bonbardaketa zenbat eta ugariagoa, are handiagoa da iragan errealitate hurbilaz dugun ikuspegi desitxuratua. Gaur, euskal gizartean, galdera bat dabil airean, kazetari, elkarrizketagile eta pentsalari gehienen ahotan: «Zer egin genuen?». Ezer esplikatu edo sakondu aurretik, erru bat aitortzera zaramatzana, herri bihozgabe bat izan bagina bezala, gaixoa, beste aldera begiratu zuena. Hau ere interesatua da, noski, menderaturik dagoen herri bati erraz katigatzen zaiona. Edozein forotan hori irenstera behartu egiten zaituzte, ez da zalantzazkoa, ez dago eztabaidarik horrekin.
Baina iritzi kritikoa bizirik mantentzen duen herri batek (eta gurea hala delakoan nago) ezin du haren historiaz diotena besterik gabe onartu, eta gaurko galdera nagusiari («Zer egin genuen?») beste galdera bat jarri beharko lioke parez pare: «Zer egin ziguten?». Zer egin digute lehen, historian zehar, zer egin digute orain, 50 urte hauetan, nork egin digu, nola iritsi gara bi estaturen mende bizitzera, bizitza horretara ohitzera? Nola normalizatu dugu gizateriaren aurkako krimenik larriena, nazio baten menderakuntza? Erakundeen suntsiketa, hizkuntza propioaren etengabeko debekua, jazarpena, milaka euskaldunen aurkako genozidioa Frantzian eta Espainian...
Hau argi ikusten da azken 50 urteko historia ikertzen hasiz gero, eta jabetzen zara dena ETA den ideia garai hartan aktibatu zela, milaka atxilotu, milaka torturatu izan zirenean, ETAkoak apur batzuk besterik ez, ehunka eraildako, ETAkoak apur batzuk besterik ez. Eta argi ikusten da estatuak eragin zuen min horretan, herri bat zela minaren jopuntu eta jomuga, esnatzen ari zen herri bat, biziberritzen. Bazterturik dauden istorio asko dago esnatu zain, paperean agertu zain.
Horien erreskatea ahanzturaren aurkako borroka bat da, eta mugarri batzuk ezartzea etorkizunetik begiratuko diguten guztientzat. Gaur historia jasotzen duena etorkizuneko historialarientzat lana egiten ari da, batetik; bestetik bere ezagutza propioa bere hitzekin burutzen duen herria ahaldundu egiten da; eta, azkenik, ezabatu nahi diren krimen horietan hildakoen senideek aitortza merezia jasotzen dute, nolabaiteko lasaitasun bat, eta ahanzturari eskapo egingo dioten bermea.
Gure historiaren kontaketa beste batzuen esku uztea, espainol eta frantsesen esku, alegia, da guk zer pentsatu behar genukeen beste batek erabakitzea bezala, hari saltzea gure gogoaren espazioa, izan litekeena kontzientzia ezagatik, alferkeriagatik edota alderdikeria hutsagatik.
Gauza bakar bat legoke hori gertatzea baino okerragoa: bertako unibertsitate edo historiaren norabideak finkatzeko ahalmena duketen kultura instantziek Espainiaren ikuspuntutik egitea euren lana, edo Frantziarenetik, zilegi bilakatzea zapalkuntzaren historia bat eta auto-defentsa ideologikoaren aukera ezabatzea, statu-quo-aren behin betiko garaipena bermatuz.