Mamu bat dabil Europan barrena: komunismoaren mamua. Horrela hasten da duela 174 urte idatzitako Manifestu Komunista. Sozialismo zientifikoaren bidea arakatzen hasi ziren Marx eta Engels. eta 1871ko martxoa izan zen, hain zuzen ere, lehen langile programarekin ereindako matxinada. Orduko Vive la Commune! leloaren atzean, jendarte berri baten aldarria ezkutatzen zen; eta, aldarriaz harago, gorpuztu ere egin zen ideia. Mahai gainean jarri zen langileon boterea artikulatu zuen lehenetariko esperientzia, burgesiaren estatua komunarengatik aldatu zutenean. Langileriak bere interesak defendatuko zituen programa eta egitura formak loratu zituen.
Kapitalismoa bere fase gorenera iritsita zegoen ordurako, fase inperialistara, eta hala iritsi zen Lehen Mundu Gerra, munduko potentzia handien arteko gerra interburgesa. Kapitalismoak goia jotzen duenean, krisitik ateratzeko duen aukera bakarra izan ohi da gerra.
Bitartean, sozialdemokraziaren barruan eztabaidak areagotu ziren. Hainbat faktorek erreformismoari ateak ireki zizkioten Europako alderdi gehienetan, besteak beste, Europako parlamentarismoak, kolonietako sarraskien aurrean izandako arduragabekeriak eta nazionalismoaren gorakadak. Eztabaida teorikoak bezain praktikoak; eraginkorrak bezain tragikoak. Milioika langilek galdu zuten bizia Gerra Handian langile klasea burgesia nazionalen esku uzteagatik, nahiz eta 1917ko iraultzarako oinarriak jarri ziren bertan eta klase gudatik herrion bakera kontsigna praktikara eraman.
Izan ere, XX. mendea iraultza sozialisten mendea izan zen Europan. Sobietar Iraultzaren ostean, mendearen lehen erdialdean, iraultza saiakerak biderkatu egin ziren Europako herrialde gehienetan. Kooperatibismoaren, kontzejismoaren eta iraultza saiakeren hamarkadak izan ziren, baina baita horiekiko erreakzioarenak ere. Faxismoaren gorakadak eta erreformismoaren traizioak 30eko hamarkadarako gerrara bidean jarri zuten berriro ere Europa, eta askotariko faxismoen aurkako bataila odoltsuari aurre egin behar izan zitzaion.
Erresistentzia handia izan zen, ordea: Brigada Internazionalak, makiak, partisanoak, Armada Gorria... Eta 1945eko maiatzaren 9ko garaipenean gorpuztu zen epika iraultzailea, ekialdeko herri errepublikei bide eman ziena. Deskolonizazio prozesuak azkartu zituen eta nazio askapen prozesuentzat bultzada izan zen.
Esperientzia hark aukera eman zuen arlo ugaritan esperimentatzeko, bai kulturan, bai ekonomian, baita pertsonen arteko harremanetan ere.
Orduko hainbat gertaerak eman zioten gaur egungo fase historikoari hasiera: besteak beste, petrolioaren krisiak, Margaret Thatcherren There is no alternative ideiak, Sobietar Batasunaren erortzeak eta Europako Batasunaren eraketak. Horren guztiaren ondorioz, ofentsiba kapitalista ekonomiko, politiko, militar eta kulturalak inoiz baino bortitzago jo zuen langileria, eta langile antolaketak birrindu zituen. Historiaren amaiera ote?
Baina errealitateak behin eta berriro azaleratzen du boteredunek ezkutatu nahi dutena: dominazio sistema kapitalistaren baitan, bizitza ez dagoela inolaz ere ziurtatua. Gerrak, pandemiak, gosea, hondamendi ekologikoa... sistema honek sortzen dituen ondorioak dira.
Beraz, ezinbestekoa da kapitalismoa gaindituko duen sistema eraikitzea, espezie bezala bizirik iraun nahi badugu; eta oraindik eraikitzeko dagoen historia da sozialismoarena. Izandako esperientziek erakusten digute jendartea antola daitekeela beste modu batzuetan, eta aurretik izandako akatsak zuzentzeko aukera ere ematen digute esperientzia horiek.
Horrenbestez, gaur-gaurkoz, guri dagokigu porrotetik ikasi eta sozialismoaren eraikuntza historikoarekin bat egitea. Aurreko belaunaldiek egin zuten bezala, bandera gorriaren azpian, burgesia langileon interesetara makurraraziko duen jendarte eredu bat egingarri bihurtzea. Euskal Herritik hasita, beste nazio zapalduekin batera, langileon proiektua gorpuztu arte. Historia ez dadin amaitu, jarrai dezagun borrokan.
Historia ez dadin amaitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu