Historia aldatu zuen urtea

2014ko irailaren 11
00:00
Entzun
Erc Hobsbawm historialari britainiarrak esan zuen bezala, 1914an hasi zenXX. mende laburra, Gerra Handiak eztanda egin zuenean, eta 1989an amaitu zen, Berlingo Harresia erori zenean. Lehen Mundu Gerraren mendeurrenean gaude, beraz.

1880tik 1914ra bitartean, europar zibilizazioaren historiak nolabaiteko goren aldia ezagutu zuen. Urte distiragarriak izan zirenekonomian, zientzian eta arte munduan. Europak gainerako mundua menpean hartu zuen, militar eta ekonomikoki. Hogeita hamar urte horietan, zientzialariek (Bohr, Heisenberg, Plank, Einstein...) munduaren ikuspegi berria landu zuten. Artista eta idazleek (Mahler, Schönberg, Cézanne, Van Gogh, Hölderlin...) hizkuntza berriak asmatu zituzten.

Aldi horretan, modernitatea oldarka sartu zen bizitzako arlo guztietan. Mundua, XX. mendeko lehen urte haietan, ezin ezagutuzko mugetaraino lasterragotu zen. Hala gogorazten digu garai hura Stefan Zweig idazle austriar handiak: «Mundua beste erritmo batean mugitzen zen. Urte bat, zenbat gauza gertatzen ziren urte batean!». Urte zorabiagarriak izan ziren.

Viena, Paris, Londres eta Berlin punta-puntako kultur guneak ziren. Teknologia, medikuntza eta hezkuntzaren aurrerapenei esker, itxaropen eta konfiantzaz beteriko aro berri batean sartua zen mundua, segurtasunaren urrezko aroan, alegia. Aurrerapenaren eta arrazoiaren balioak nagusi ziren Gerrate Handiaren bezperan. Euforia garaiak izan ziren haiek. Horregatik, soldaduak ere entusiasmo handiz joan ziren etsaiaren aurka borrokatzeko.

Mendea hasi eta berehala, Gerra Handia etorri zen, konta ezin ahala hildako eragin zituena. 1914ko hondamendia ikaragarrizkoa izan zen, ehundutako ilusioak bezain handia.Lubakietan, milioika gizon hil zen hutsarengatik: lur hektarea batzuk irabazteagatik baino ez. Sekula ez ziren nabarmenagoak izan hondamendiaren ondorioak. Bat-batean zalantzan jarri ziren errealitatearen ikuspegi optimista guztiak, aurrerapenaren ideia arranditsu guztiak, oinarrizko balio etiko guztiak, printzipio goren guztiak. Inoiz ez zen munduaren historian tamaina hartako lurrikara politiko-moralik ikusi.

Zoritxarreko gudu hura zentzugabekeria hutsa izan zen inondik ere («Katastrofe ulertezina izan zen niretzat», adierazi zuen Rudolf Carnapek bere autobiografian). Triskantza lurralde bihurtu zen Europa. Gaur egun, haren iturburuak eta zergatiak ezagutu ondoren, jakin badakigu saihestu zitekeen gerratea izan zela. Politikari arduragabe batzuen ergelkeria zela medio gertatu zen galmendia.

Gerra Handiak eragin zion ondoez sakonaren berri eman zigun Zweigbakezaleak bere Atzoko mundua kontakizun hunkigarrian. Bere buruaz beste egin aurretik, minez idatzi zuen 1914 aurreko mundu galduaz. Ezintasunez eta saminez beterik, Europak «burua galdu izana» deitoratu zuen. Tolerantziazko eta elkartasunezko leku baketsu irekia zen Europa Zweigentzat, eta atsekabea adierazi zuen «konfiantzazko urte haietan gazte ez zirenengatik». Arteak eta kulturak elkartutako Europa amestu zuen belaunaldia —gizakiarengan sinesteko ahalmena izan zuen azken belaundia— zuen oroimenean.

Idazle vienarraren begietan, inoiz ez zen Europa hain indartsua, aberatsa eta ederra izan. 1900-1910 bitartean aurreko ehun urteetan baino askatasun eta axolagabekeria handiagoa izan zen. Alde guztietatik, baikortasun itsua zabaldu zen Europaren ahalmenean, haren sendotasunean, haren etorkizunean. Lilurazko garai hartan—«ziurtasunaren mundu» hartan— zoriontsu sentitzen zen Zweig.

Bere bizitza inguru atsegingarria goitik behera joaten ikusteak, hortaz, berebiziko tristura sortu zion. Orain «gure aberri sakratua, Europa», itxaronez eta ametsez beteriko mundu zaharra, gain behera etorri da: «Nire hizkuntza propioaren unibertsoa hondoratu egin da niretzat eta Europa, nire atxikimendu espiritualaren lekua, suntsitu egin da orobat». Bere garaiko gertaera mundutarren gainetik egon nahi izan zuen, baina historiaren zurrunbilo eta haizeteek errestan eraman zuten bera ere. Europako tragediak etsipenera eraman zuen, azkenean.

1914 izan zen Lehen Mundu Gerra hasi zen urtea. Baina ez zen Gerra Handiari hasiera eman zion zorigaiztoko urtea bakarrik izan. XX. mendea sakonki markatu zuten gertaera askoren urtea ere izan zen: emakumearen emantzipazioarena, berrikuntza zientifiko eta teknikoena, Estatu Batuen hegemoniarena, abangoardia artistikoen loraldiarena, nazionalismo biolentoen gorakadarena, intelektualen alderdi hartzearena, langile iraultzaile eta posibilisten arteko borrokarena, fede erlijiosoaren gainbeherarena… Horregatik, historia aldatu zuen urtea izan zela dio A. López Vega historialariak (1914, Taurus, 2014).

1914ak dena aldatu zuen. Hamalauko gerra, hortaz, parentesi bat baino askoz gehiago izan zen historiaren ustekabeko bilakaeran. Gerrate Handiko azken sugarrak artean itzali gabe zeudela, are hondamendi handiagoa gertatu zen 1939. urtean. Europak bere buruaz beste egin zuen. Gerrate beldurgarri hura Europaren hil-hotsa eta «hileta» izan zela idatzi zuen G. Sholem pentsalari juduak. Mundu oso baten amaiera ekarri zuen, kontzientzia europarrean zinez krisi sakona eragin zuena («Europaren agoniaz» mintzatu zen María Zambrano pentsalari espainiarra, hain egoera larrian ikusten baitzuen!). Baina Europa berri bat jaio zen.

1914ak, nolabait esateko, XX. mendea laburbiltzen du. Asko hitz egin da haren alde ilunaz, baina gutxi bere handitasunaz. Zientziak eta teknikak izugarri hobetu dute gure bizia. Izan ditzaketen ondorio larriak baino nabariagoak dira gizateriari ekarri dizkioten mesedeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.