Paul Bilbao Sarria.

Hirutik batera, 27an Iruñera

2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Gogoan dut 2015eko apirilaren 25ean leporaino betetako Anaitasuna. Milaka herritarrek harrotasunez eta gogotsu astintzen zituzten Euskaraz bizi nahi dut lelodun paperak. Alaitasuna eta poza iradokitzen zuten bertaratutakoen aurpegiek.

Finean, urteetan pairatutako iluntasuna argitzeko aukera errealak egon zitezkeela hautematen zen gizartean, eta, noski, euskaraz bizi nahi dugunok ere besoak zabalik hartzen genuen aldaketa. Behin baino gehiagotan adierazi bezala, hizki larriz idatzitako aldaketa, euskaratik eta euskaraz etorriko zen aldaketa bazetorrela irudikatzen hasiak ginen.

Zer esanik ez dago, aldaketaren zutabe nagusia ere irudikatu genuela Anaitasunan zonifikazioaren harresia bota genuenean. Egun nafarren artean, beste inongo eremutan ez bezala, eskubideen zonifikatzea eragiten duen lege bidegabea baliogabetzean kokatzen genuen aldaketa.

Tamalez, guretzat injustiziaren ikur den araudia baliogabetzea desadostasun bihurtu zen aldaketa sostengatzen duten alderdien artean. Hori ere ulergaitz egin zitzaigun, finean, berdintasuna bermatuko zuen aldaketan desadostasun bihurtu zen herritarren arteko bereizkeria sortzen zuen araua baliogabetzea; hamarkadetan egindako aldarria desadostasun bihurtu zuten.

Oztopoak oztopo, desadostasunak desadostasun, egia da orain aukera erreala zabaldu dela Nafarroako Parlamentuan azken hamarkadetako bidegabekeria zuzentzeko; beti ere, baldin eta aldaketa sostengatzen duten alderdien borondatea egonez gero.

Urriaren 3an Parlamentuko Batzordean Kontseiluak lege berrirako proposamena aurkeztu zuen. Bertan jakinarazi genuen geure proposamenak herritarren bizipenak dituela oinarri; Tuterako, Lizarrako, Iruñeko, Barañaingo, Baztango... herritarrek euskaraz bizitzeko dituzten zailtasunei eta oztopoei aurre egiteko proposamena.

Finean, Parlamentuak herritarren egunerokoan eragiten duten legeak idatzi eta onartzen ditu, eta beraz, ezinbestekoa zitzaigun indarrean dagoen araudiak herritarrei zer-nolako oztopoak eragiten dizkien mahai gaineratzea. Izan ere, egungo Euskararen Legeak zuzenean eragiten die Nafarroan euskaraz bizi nahi duten milaka herritarrei, eta horren zentzugabekeria agerian jartzeaz gain, ikusarazi nahi izan genuen izen-abizendun nafarrei, urtero zergak ordaintzen dituzten nafarrei, haien auzokoak diren nafarrei ukatzen diela Euskararen Legeak euskaraz bizitzeko eskubidea.

Egia da, bai, erantzunik jaso ez duen galdera egin genuela Parlamentuan: Zein oztopo edo arazo dago nafar guztiei hizkuntza-eskubide berdinak aitortzeko? Kontseiluaren lege-proposamena prestatu genuenean, legeak ezarritako eremu misto eta ez-euskalduneko herritarrek galdera hori mahai gaineratzen zuten behin eta berriro, izan ere, ulergaitz, ulertezin, egiten zitzaien euskaraz bizitzeko eskubidea ukatua izatea. Oraindik herritarrei eskubideak ukatzeko justifikaziorik ez dute azaleratu ofizialtasunarekin bat egiten ez dutenek. Egia esan, arrazoiak baino aitzakiak entzuten ari dira behin eta berriro. Kezkagarria.

Guk argi dugu herritar guztiei eskubide berdinak aitortuko dien eta, ondorioz, botere publikoei betebeharrak ezarriko dizkien aukera juridiko bakarra ofizialtasuna dela. Gaur egungo ordenamendu juridikoan ez da existitzen herritarrei aitortzeko eta botere publikoei beharrak jartzeko beste aukerarik. Hori ez bada, herritarren eskubideen aitortza tokian tokiko edo garaian garaiko administrazioen araberakoa izango da. Ez dugu besteek baino gehiago izan nahi, baino ez dugu inor baino gutxiago zertan izan eta ez dugu merezi inor baino gutxiago izaterik.

Horrexegatik, eztabaida Parlamentuko lau hormetatik atera behar dugu. Herritarrak erdigunera ekartzea izan zen gure helburua, baina oraingoan herritarrok joan behar dugu erdigunera, Iruñeko erdigunera hain zuzen ere. Euskaraz bizitzeko herri gogo indartsua kalera atera behar dugu berriz ere.

Horrela, urriaren 27an herritarrok erdigunean jartzeko aukera izango dugu. Are gehiago, gaur egungo bidegabekeria Iruñean irudikatuko ditugun hiru zutabeetan islatuko da. Urriaren 27ko zutabeak justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren zutabeak izango dira. Geure aldarriaren oinarrian horixe besterik ez dago.

Mobilizazioaren amaieran, hiru zutabeok bat egingo dute Bakearen plazaren bueltan. Hain zuzen ere, justiziak, berdintasunak eta kohesioak bat egitean elkarbizitzan aurrera egingo dela erakutsi nahi dugulako. Horrela, azken metroetan modu sinbolikoan hiru zutabeak bat bihurtu eta elkarrekin egingo ditugu azken urratsak, horixe baita Euskararen Lege Berriak ekarri beharko lukeena: hirutik batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.