Iñaki Lasa Etura.

Hirutasuna

2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ezin dut azaldu nola izan den, baina gaur goizean bertan izan dela ziurtatzen ahal dizuet. Argi handi batek ia itsutu nau, eta nire onera bueltatu naizenean hiru pertsonaren irudiak ikusi ditut. Oraindik ere, inpaktuaren eraginpean nago. Baina ez pentsa izuturik nagoenik; egia ikusten duen horren lasaitasunak betetzen nau, eta badut zuekin denekin konpartitu nahia. Zorionak uzten badit, ideiak artikulatzen saiatuko naiz. Ea bada.

Patxi Izko zen argien ikusi dudan pertsona. Patxi, bai, Osasunako lehendakaria, lagunek Adonis goitizenez ezagutzen dutena, haren edertasun paregabeak itsutu egiten baitu ikusten duen oro. Buonarrotiren garaian jaio izan balitz, haren David eskultura ez genuen ezagutuko: Patxi Izko egongo litzateke Carrarako marmolez egina, Pizkundearen ikurra litzateke. Ederra gizona, begirada zorrotza, hizkuntza-jario paregabea baina batez ere estetikan aditua. Osasunako lehendakaria izan den bitartean, ez bakarrik jokalari onak, bereziki jokalari guapoak kontratatu ditu. Sadarrera, hara! barkatu! Nafarroako Erresumaren futbol zelaira joaten diren zaleek beti esan ahalko dute galtzen dutenean gureak guapoagoak zirela, ederretan ederrenak. Beraz, Izkok esaten badu emakumezkoen futbola ez dela estetikoa, hori horrela da eta kitto! Denok dakigu emakumeek korrika egiten dutenean zangoak era arraroan irekitzen dituztela eta, gainera, bularrak… dinbili-danbala, gora eta behera. Futbola gizonezkoena da, politagoak direlako, gabarra baten gainean emakumeek ez dutelako lekurik ezta irabazten dutenean ere. Mesedez, emakume irabazleak gabarra batean, gauza antiestetikoagorik.

Bigarrenaren izena ez dakit. Morales deituko diot izen bat jartzeagatik. Buruan hiru adar dituen txanoa zeraman. Hara! Hiru adar esan dut, hiru erpin esan nahi nuen, ez dakit zertan ari nintzen pentsatzen. Hori ere gizona, errepidearen erdian, tente-tente, begirada zorrotza, besoa altxatuta. Ideia bat egin dezazuen, Espainian Francozaleek besoa altxatu ohi zuten bezala jarria zuen Martxel Toledo eta bere taldearen kotxea ikusi zuenean. Ez zion esperientziaz beteriko bere begiradak huts egin kotxea ikusi zuenean, eta gelditu egin zuen. Irribarre zitala egin zuen Martxelen aurpegia ikustean, eta «harrapatu ditut» pentsatu zuen bere kolkorako. Justu, kotxea ireki eta zast! kamisetak eta ikurrinak. Moralesen kideak, horiek ere txanodunak, berehalaxe hurbildu ziren, eta begiak ezin zituzten gehiago ireki harriduraz. Kamisetetan Euskal Herria jartzen zuen, ilegala, inkonstituzionala, ez-ofiziala «ui, ui, ui, la que os va a caer…» entzun zuenean, Martxel zurbil-zurbil jarri zen. Hala ere, makurrena etortzear zegoen; izan ere, kotxeko txoko batean erdi ezkutaturik, 5.000 panfleto zeuden hizkuntza ulertezinez idatziak. Ekainaren 23an, Anoetako estadioan, Euskal Herria-Eslovakia «llama a la central, esto debe ser cosadel Currin ese, que esto de Eslovakia me da que no está en las Vascongadas». Justu! Moralesek berriro ere asmatu zuen, garrantzitsua zen aurkikuntza. Panfletoak eskuratu eta kotxea joaten ikusi zuenean, pena pixka bat sentitu zuen, bere senak esaten baitzion kotxean ikusi zituen txilibituak ere eskuratu behar zituela, baina Euskal Herria jartzen ez zuenez…

Hirugarren pertsonaren izenik ere ez dakit. Hantxe agertu zen, ezkerreko eskuan koadernoa eta eskuinekoan soinuak grabatzeko makina horietako bat. Kazetaria, itxura guztien arabera, gainera, Radio Euskadi jartzen zuen paperetan; beraz, okertzeko bide askorik ez dago. Gizon prestua gure laguna. Nonbait partidu bat jokatuko da San Joan bezperan; emakume antiestetiko batzuk arituko omen dira pilota baten atzetik futbolean, eta adierazpenak jasotzeko agindua zuen. Adierazpenak jasotzeko erraztasun guztiak emanda ere hark gaztelaniaz nahi zituen; antolatzaileak, ordea, euskaraz eskaintzeko prest. Hantxe eztabaida, antolatzaileak: euskalduna izanik zergatik behartu behar dituzu espainolez egitera?; eta kazetariak: espainolezbadakite, zergatik ez dute bada egingo?; antolatzaileak: euskaraz bizi nahi dugula adierazi nahi dugu; eta kazetariak: ederki, bada, ez zarete aterako. Hantxe utzi zituen antolatzaileak, jokalariak, eta adierazpenik jaso gabe joan zen; euskaratik espainolera itzulpenak egitea ez omen du oso gogoko, edo agian alferkeriak jota zegoen egun hartan, batek daki.

Ikusten duzuenez, gaur goizeko nire bisio horri esker, orain oso garbi dut zer egingo dudan ekainaren 23an. Ni ez naiz joango Euskal Herri ilegal, inkonstituzional eta ez-ofizialaren kamiseta eramango duten emakumezko antiestetiko eta euskaldunak ikustera, zin dagizuet.

Harmailetan eseriko naiz eta disfrutatu egingo dut Euskal Herriaren izena pasioz eta ilusioz eramango duten emakumezko adoretsuekin. Gogo onez ikusiko ditut euskal herritarrak gure selekzioaren koloreak astintzen mundu guztiari jakinarazteko Europako txoko honetan egon badagoela herri zahar eta harro bat bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duena ukazio guztien gainetik eta, azkenik, egun horretan, gainerakoetan bezala, euskaraz arituko naiz hizkuntza-inposizio guztiei aurre egiteko erabateko borondatea dudalako. Animo neskak, aupa euskaltzaleak, gora Euskal Herria!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.