Ertz bat. Europako milaka polizia atzetik zituela, Frantzia erdialdeko autobideek gauez berezkoa duten bakardadean bete zituen hogeita lau urte Anis Amri gazteak. Lyonera bidean ez dira hotza eta lainoa besterik. Garraiolarien argi ilara gorriztak. Hiru egun lehenago hamaika lagun akabatu berri zituen, aurretiaz erail zuen poloniar bati osturiko kamioia Berlingo Gedächtniskirche inguruan osatzen den Eguberritako merkatuaren aurka betean jota.
Ihesaren itsuan hogeita lau urte egin eta hurrengo egunean hil zuten tiroka bi polizia italiarrek Sesto San Giovannin, Milango hiri-ingurura trenez iritsi berria zela, ezusteko kontrol baten saiakeran «Poliziotti bastardi!» (Polizia sasikumeak!) oihu egin eta bietako bat sorbaldan balaz zauritzea lortu ostean. Europar ikusleen sosegurako ezabatua zen azken egunetako beldurraren erroa.
Tartean geratu zaizkio Oueslatiako pobrezia, lapurreta epai ezinak, Lampedusarako bidaiaren gogorra. Belpassoko egoitzan eman eta jasotako jipoiak, gerora bertan eragindako sutea. Catania, Enna, Sciacca, Agrigento, Pagliarelli eta Ucciardoneko kartzelak. Tunisiara ekidindako estradizio eskaera, Suitzarako bidea. Alemaniako zerbitzu sozialei esan gezur eta izen aldaketak. Berlingo Görlitzer parkean saldutako belarra, Neuköllneko taberna batean tipo bati eskainitako labankadak. Ruhrko arroan ezagutu salafistenganako prestasun basa eta zerbitzu sekretuen jarraipenak. Latza da bizitzaren abiada. Azkenean dator kolpez kolpe emandako erantzuna.
Laugarren agintaldiaren bezperan da bigarren ertza. Berlingo bulegoetan denak daude irailean egingo diren hauteskunde orokorrei usnaka. Bere bizitza politikoko gogorrenak izanen badira. Auzia bat eta bakarra da: errefuxiatuenganako harrera politika. Alemaniako narratibaren zentzu historikoak kantziler bakoitzari ezartzen dion dema (berdin gerraostearen gestioa, 89ko birbateratzea edota lan merkatuko Hartz erreformak) aurrean du Angela Merkelek.
Europako beste herrialdeek harresiak altxatzen zituztela, ehunka mila errefuxiaturi ateak ireki eta «Wir schaffen das!» (Lortuko dugu!) ozen aldarrikatu zuenetik izan duen obamizazioak gizartearen erdigunean eta are ezkerrean kokatu du apur bat lehenago greziarren duintasun eskaerak xehatu zituen emakumea. Alemania aspaldi ez bezain arrailduta dago. AFDren inguruan batu diren ultraeskuindarrak gose dira, inolako legitimitaterik gabe herrialdea migranteekin birpopulatzeaz salatzen dute Merkel. Estatu arrazoiak, baina, «Einwanderungsgesellschaft» (Migrazio-gizarte) bat izateko hautua egina du jada. Kanada irudi duen Alemania anitza.
Hargatik orain unibertsitate, gobernu agentzia eta medioetan ugaritu diren ikerketa eta azalpenak, Alemania betidanik migrazio herrialde bat izan dela argituz. Nazio izaeraren inguruko eztabaida Historia propioak behartuta hamarkadetan zehar konstituzionalismo ustez garden baten alde eginez alboratu ostean, 2015eko migranteen etorrerarekin sortu den gatazkak ireki dio aukera identitate eguneratu bati. Merkelen ardura da bidean alemaniar berriok era egokian bertaratzea. Emaitzaren tamaina izanen da bere ondarea.
Koalizio handia berriz ere datorrela, CDUk AFDrekin izanen du borroka nagusia boz kontserbadoreen bila. Berdeen edo liberalen laguntza jaso lezakete CDU eta SPDk, sozialdemokratek Schulzekin zenbaki urriak bilduko balituzte. Frank-Walter Steinmeier atzerri ministroa laster izanen da Alemaniako presidente berri eta Joachim Gaucken oinordeko, eta bada zerbait SPDrentzat, irailean AFDren pare geratzeko aukerak estutzen duela. Parlamentuaren bide zentrala osatuta, albo banatan Die Linke eta AFD. Xenofoboak oposizioko lehen alderdia izanen direla-eta badu nahikoa lan ezkerrak koalizio handiaren eta AFDren aurka batera jotzen.
Ziurtasunik eza sakona da, aurten datoz Frantziako bozak eta brexit-a, eta unean Europar Batasunari eta are Mendebaleko narratibari Merkelek eusten die soilik. Hauteskundeetan egon litezkeen esku-sartzeen aurrean ere, kezka nabarmena da alemaniar botere guneetan. Ez da jakina AEBek edota Errusiak giroa nahastea lortu edo iraila artean Berlingoa bezalako eraso berriak izanen diren, AFDri mesede eginez. Erreakzio frantsesik ez da egon atentatuaren ostean, orain arte auziarekin adi ibili bai baina asaldatu ez den gizartearen erdigunetik. Erreka izoztua da Alemania, irailean jakinen da azpian korronteek dakarten lohiaren nahasia.
Eta hiru. Azken erpinak ez du izenik. Hogeita bat urteko siriarra da. Ospitalean dago, larri zauritua, Meerane herriko plazan, Urtezaharra ospatzen zuen jendez lepo zela, hamabost gaztek botilakadaz xehatu zutenetik. Ez zuen inork lagundu. Erasoan ostu zioten txaketa kiskalita topatu du Poliziak. Izenik gabeko ertzek pairatu beharrekoak ere, gau berean Althusriedeko aterpetxean jarritako lehergailua eta urtarrilaren lauan Göttingenen «Sieg Heil!» oihuka harrera etxe bati jaurtiriko harriak. Seian Schwandorfen eta hamalauan Wurzenen berriz ere aterpetxeetan eragindako suteak. Edo urtarrilaren hamaseian Buxtehuden siriar adingabe bati bi ezezagunen artean emandako jipoia eta labankatze saiakera.
Denak errefuxiatuez ari direla, horiek ez dute ahotsik. Ez da jakina atentatuaz, hauteskundeez, egoera propioaz esateko dutena. Eta etengabe ahaztua da egunerokoan jasaten dabiltzana. Biolentzia xenofoboak ertzak hausten jarraitzen du aurtengo Alemanian.
Hiruki baten ertz denak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu