Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik hiru urte igaro ondoren, egoerak mundu bortitzago bat ekarri du, non gerrarako baliabidearen hizkuntza gailentzen dela dirudien gatazketarako irtenbide bakar modura.
NATO, AEBetako bazkide nagusiarekin batera Bigarren Mundu Gerraren osteko gerren sustatzaile nagusia izan dena, Erakunde Nagusia bihurtu da nazioarteko harremanetan, eta bere gomendioak agintean dauden politikariek nahitaezko jardun-programa bihurtu dituzte. Azken urteotan aurrekontu militarretarako ekarpenak ugaritu diren arren, gehiago eskatzen jarraitzen dute BPGaren %5era iritsi arte, arazorik gabe kenduz kohesio sozialeko gastuetatik (Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak dixit).
Hau guztiau arrazoiketa eskizofreniko batzuekin, hedapena ekialderantz jarraituz, Errusia, Txina eta beste herrialde batzuekin gatazkan sartzeko arriskuarekin, hauek beraiek etorkizunean gu inbaditu gaitzaketela argudiatzen den bitartean. Armak nazioarteko geopolitikaren erdigune bihurtu dituzte, herritarroi beldurra eraginen digun diskurtsoa elikatuz, eta otzan onar dezagun.
Europar Batasuna agindu hauen mende egoteak erasoa suposatu die europarren askatasunei eta informaziorako eskubideari, estatuengan, haien hauteskundeengan eta pentsamendu bakarrarekin %100ean bat egiten ez duten talde politiko eta sozialengan egiten den presioekin batera. Komunikabide nagusiek, publiko zein pribatuek, aurpegia garbitzen lagundu dute, ez dago ñabardurarik, hizkuntza egokitu egin da; israeldar edo ukrainar zibilak hil edo bahitu egiten dituzte, palestinarrak terroristak baino ez dira, hilik edo preso, lekuaren arabera gatazka edo gerra da, armada edo milizia da, edo fakzioa da, eta horrela dena.
Laguntza militarraz hitz egiten da, hegazkin, misil edo drone motez, hobekuntza teknologikoez, hiltzeko elementuak direla ahaztuta. Tiro bakoitzaren atzean suntsipena eta balizko hildako zibil edo militar batzuk daude. Ezkutatu egiten digute militar eta zibil ukrainar edo errusiarren artean zenbat hildako, zauritu, elbarri edo ahalmen intelektual alteratuekin izan diren. Ez dugu ikusten frontean hildakoen irudirik, eta horrek guztiak pentsarazten digu urruneko zerbait dela, eta bideojoko bat balitz bezala, hedatuz gero ez litzaigukeela egokituko.
Errealitatea pixka bat antzemateko, ariketa bat egitea proposatzen dizuegu. Egin ezazue zuen inguruko pertsonen zerrenda bat, egungo politikarekin jarraituz gero gerrara joan beharko luketenena.
Herritarrok ez gara erabat errugabeak, politika horiek amaitzeko aukerak galdu ditugu. 2024an Europako Hauteskundeak izan ziren, eta gehienbat Europako Batzordea okupatu duen talde gerrazaleari eman zitzaion botoa. Egia da nekez entzun zitezkeela jarrera antibelizistak eta bake-negoziazioen aldekoak zirenak, aukera horiek isilduak baitzeuden komunikabide pribatu eta publiko nagusietan.
Gauza bera Espainiako hauteskundeetan, gehiengoa duten PP eta PSOE alderdiek ez dute desadostasunik Ukrainarako diskurtso gerrazaleari eusteko, Palestinan jarrera deklaratibo bat dute, eta munduko gainerako gatazken aurrean isiltasuna.
Arretaz begiratuz gero, gatazken atzean beti daude gaizki konpondutako deskolonizazio-prozesuak, errespetatu ez diren gerra-osteko tratatuak, era guztietako baliabideak eskuratzeko interesa eta autodeterminazio-printzipioarekiko errespeturik eza, non herriek subiranoak izan behar duten beren patua askatasunez aukeratzeko eta beren baliabideak kudeatzeko.
Eta armei gerrek jarraitzen dietenez, planetan badira 50 bat gatazka armatu aktibo, giro gerrazale honetan indarkeria areagotu dutenak, kasu batzuetan egunero ikusten ditugunak bezalakoak, ahaztuta ziruditen genozidio-mailetara iritsi arte.
• Ukraina: gatazka bat 2014tik labratutako gerra zibila zena, eta Errusiaren inbasioarekin gerra odoltsu bihurtu dena, non berez Errusia eta NATO aurrez aurre ipintzen diren, eta hildakoak ukrainarrek eta errusiarrek jartzen dituzten.
• Palestina: 70 urte baino gehiago daramana heriotza eta suntsipena eragiten, genozidio bihurtua, garbiketa etnikoa eta bere lurraldearen erabateko okupazioa amaitzea nahi dutena.
• Kongo: batez ere ipar-ekialdean, heriotza eta desplazamendu fase bortitzenetako batetik igarotzen ari da, Ruandaren inplikazioarekin.
Ekialde Hurbila eta haren eremu osoa gerrako bolborategi bihurtu dira. Herritarren heriotza, suntsiketa eta desplazamendu masiboak Palestina, Siria eta Libano bezalako herrialdeetan, helburu bakar batekin: Mendebaldeko blokeak energia-baliabideak hobeto eskuratzea. Yemen, Kurdistan, Hego Sudan, Myanmar, Mendebaldeko Sahara, Sahel eta abar ahaztu gabe.
Badirudi egoera hau guztia urrun geratzen zaigula, baina jakin behar dugu denok gaudela zuzenean inplikatuta; izan ere, beti esaten dugun bezala, «armarik gabe ez dago gerrarik», eta Espainia armen munduko zazpigarren esportatzailea da. Arma hilgarrien zati handi bat hemendik ateratzen da, gure enpresetatik, gure eskuetatik. Gure betebeharra da merkataritza makabro horrekin aberasten diren enpresa horiek salatzea, baita horiek babesten dituzten finantza-erakundeak ere, hala nola bankuak, kasu honetan Santander eta BBVA, haien finantzatzaile handienak direnak.
Europar Batasunaren, Europako Inbertsio Bankuaren, Espainiako Estatuaren eta Nafarroaren politika salatzen dugu; izan ere, jarrera lotsagarri batekin, gerrak mantentzea aukera bezala ikusten baitute, enpresa handiak eta ETEak ekoizpen militarrean sar daitezen sustatuz. Gaur egun, Nafarroan 30 enpresa baino gehiago daude gerrarako ekoizten dutenak.
Gerraren negozio makabroaren zati handi bat hemen hasten bada, gure betebeharra da hori salatzea eta borrokatzea, armen ekoizpena geldi dadin eta negoziazio-bideak bultza daitezen, herritarren heriotza eta suntsipena ekarriko ez dutenak.
Ukrainan hiru urte gerran eman ondoren, balantzea mingarria da: galera demografiko bat dozenaka urte beharko dituena sendatzeko, sei milioi errefuxiatu baino gehiago Europa osoan zehar, milaka hildako eta milaka elbarri, hondakin bihurtutako hiriak, milaka milioi euro xahututa... eta tematuta jarraitzen dugu bake konponbiderik ez bilatzen, Armen Negozio Handia elikatuz.
Eta gerra amaitzen denean, Berreraikuntzaren eta Baliabideen Erauzketaren Negozio Handiak hasiko dira...