Europa osoko antzeko kasu batzuk bezala, euskal herrigintza XIX. mendearen bigarren erdian azkartu zen. Bilakabidean Anton Abadia-Ürrüstoik 1851tik aitzina antolatu zituen Koplarien Gudu edo Lore Jokoak biziki eragingarriak izan ziren. Horregatik urte horretantxe ezarri izan dut Euskal Pizkundearen abiaburua. 1892an, Donibane Lohizuneko guduetan, Zazpiak Bat goiburua agertu zen aurrenekoz, berehala arrakasta izugarria izanzuena eta Hirurak Bat (Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, 1765) eta Laurak Bat (Nafarroako eta Euskal Probintzietako Behin-Behineko Junta Karlista, 1846) gainditu zituena.
Zazpiak Bat esaera zinez ederra da,baina erabat folklorikoa ere bai. Izan ere, ikuspegi administratibo batetik, Baxenabarre, Lapurdi eta Zuberoa ez dira existitu 1790az geroztik eta Abadia-Ürrüstoiren koplariak ez ziren lehengoratzeko batere gudukatu, are gutxiago euskal departamendu edo eskualde bat sortzeko. Gainera, hein batean zaharkiturik dago, ez baitu oraingo egoera instituzionala adierazten, 1892koa baino nahasiagoa dena. Batetik, bi saio laburren ondoren (1810-1813 eta 1936-1937), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa 1978an batu zirelako politikoki behin betiko. Bestetik, 2017an Ipar Euskal Herria Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren barruan ofizialki eratu zelako, lehenbizikoz historian. Nafarroa, foru tradizioari lotu zaiona, eremu administratibo zabalago batean sartu ez den euskal herrialde bakarra da.
Gaurko euskal entitateen arteko ezagutza eta harremanak maila ezin apalago batean dautza. Eta ez bakarrik agintari edo erakundeen artekoak, herritarren artekoak ere bai. Esanen nuke Abadia-Ürrüstoiren garaian baino okerrago gaudela. Ez gara ados jarri ez eta hemen hizpide dudan hitza (comunidad/communauté) itzultzeko moduaz ere. Gernikako Estatutuaren 1979ko euskarazko bertsioaren arabera, Euskadi Komunitate Autonomo bat da. 1982ko Foruaren Hobeagotzearen euskarazko testuak dioenez, Nafarroa Foru Komunitate bat da. Ipar Euskal Herriko lurralde erakundearen euskal izena Hirigune Elkargoa da. Azken bolada honetan, Euskaltzaindiak bultzaturik, erkidego indarra hartzen ari da eta horregatik Autonomia Erkidegoa ageri da Euskadiko Estatutuaren 2016ko itzulpenean.
Ez dago sobera jakitea zorioneko hitza Duvoisinek oker asmatu zuela 1880aren inguruan, gaizki irakurri baitzion Haranederri (honek 1749an ergida idatzi zuen, ez erkidego). Hala ere, onartzekoa da euskararen batasuna helburu. Orobat, Euskal Herriko hiru presidente/président-ak izendatzeko modua bateratu beharko litzateke: Urkullu Mendebalekoa ez ezik, Chivite Ekialdekoa (Zibitze izan beharko luke euskaraz, Oztibarreko herri horretatik baitator haren deitura) eta Etxegarai Iparraldekoa ere eskubide osoko lehendakariak dira.
Koplarien Guduek euskaldun guztien arteko elkartasuna areagotu zuten. Sabino Arana, gudu horiek batere atsegin ez zituena, agertu arte, inori ez zitzaion bururatu Espainia-Frantzien batasuna ezbaian jarri eta euskal estatu bat aldarrikatzea. Abadia-Ürrüstoik, oso frantses sentitzen zenak, sustatzen zuen mugimendua ez baitzen politikoa, linguistiko eta kulturala baizik. Geroak esanen digu, erakundetzeari dagokionez (ez eskumenei dagokienez), Frantziako Iraultzarekin hasi zen zikloa itxia ote den. Izan ere, Euskadi Mendebaleko hiru probintzietara mugaturik, Nafarroaren berezitasuna erroturik eta Ipar Euskal Herriko lurralde erakundea abiaturik, agian garaia da abertzaletasuna indargabetu eta euskaltzaletasuna lehenesteko. Gaur egun hiru euskal erkidego daude eta litekeena da luzaz horrela segitzea. Haietako batek ere ezin du Euskal Herri osoaren izenean hitz egin. Lurraldetasunaren, autodeterminazioaren eta independentziaren inguruko eztabaida bidezko baina alferrikakoek hiru erkidegoak bata bestetik urrundu eta haien arteko elkarlana oztopatzen dute. Anitz dira, aldiz, hirurak batzen dituzten gauzak, horien artean, euskara, kultura, lege zaharra (Bidasoaz iparraldean bakarrik zuzenbide pribatuaren hondarretan iraun duena), Gernikako Arbola himno nazionala eta, jakina, Zazpiak Bat goiburua eta armarria ere bai. Euts diezaiegun horiei denei.
Euskal Herria: zazpi herrialde, hiru erkidego, herri bat.
Hiru erkidego, herri bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu