XXI. mende hasieran Alan Brymanek The Disneyzation of society liburua plazaratu zuen. Defendatzen zuen tesia argia zen: gaur eguneko gizarte kapitalistak Disney parke tematikoen printzipioen menpe bizi dira. Izenak Walt Disney konpaniak Kalifornian 1955. urtean sortu zuen bere lehen parke tematikoari egiten dio erreferentzia. Parke horiek ez dira jolas parke hutsak, hots, lotura gabeko atrakzio anitzez hornitutako parkeak. Berez show bat dira, pelikula edo jolas itxura dute, eremuka banatuta eta ibilbide desberdinetan antolatuta daude, pertsonen atentzioa bereganatzeko asmoarekin. Fikziozko leku horiek noizean behingo bisitariaren kontsumora erabat fokuratuta daude. Atrakzio, jatetxe, hotelak eta bertoko kaleak ere ikuskizun bilakatzen dira gezurretako mundu hauetan.
Fenomeno honen ondorioak gaur eguneko hiri eredu hegemonikoetan aurki dezakegu. Tematizazioak lotura zuzena dauka gure hiriburuak jasaten ari diren eraldaketarekin. Gasteiz Green eta Donostia Kulturala bi adibide izan daitezke. Azken horretan 2016ko Europako Kultur hiriburutzaren markak utzitako haritik tiraka jarraitzen badute ere, gaur egun badirudi Donostia Gastronomiarekin duen lotura indartu nahi dela. Donostiako udaleko zinegotzi Ernesto Gascok adierazitakoaren arabera, administraziotik label pintxo donostiarra bultzatu nahi dute, are gehiago kontuan edukita Lonely Planetek argitaratutako munduko 500 esperientzia gastronomikorik onenak biltzen dituen azken The Ultimate Eatlis edizioan Donostian pintxoak jatea aipatua izan dela. Bilbok, aldiz, The Academy of Urbanism nazioarteko erakundeak ematen duen «Europako 2018ko hiri onena» saria jaso du eta aurten Bilboko San Mames estadioan errugbiko bi final garrantzitsuenak egin dira: Challenge Cup eta Champions Cup. Baina milioika jarraitzaile dituen MTV sarien gala izango da aurten Bilbon egingo den espektakulurik handiena, hiria ikuskizun erraldoien erakusle bilakatzeko asmoarekin.
Azaroaren 4an Bizkaiko hiriburuan egingo dute MTV telebista kateak urtero antolatzen duen Europako Musika sariak banatzeko jaia. Bilbao Exhibition Centerren ospatuko da sarien banaketen 25. urteurrena eta horregatik ikuskizun bereziagoa, ikusgarriagoa bizitzeko aukera izango dugu. Horrela, Bilbao Music Week antolatu dute, Bizkaiko herri desberdinetan doako kontzertuak eskainiz eta Europe Music Awards ekitaldiaren aurretik San Mameseko futbol zelaian kontzertua. Bilbon halako espektakulu handiak erakartzea «bizkaitarrentzako sari bat dela eta Bilborako aukera bat» adierazi du Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak. Hiru milioi euroko kostua iragarri dute eta, ekimenaren eragin ekonomikoa nola neurtu duten azaldu ez badute ere, aldundiak egin duen lehen aurreikuspenaren arabera 44 milioi euro utziko ditu Bizkaian. Turismoa bultzatuko du eta horren bitartez hazkunde ekonomikoa.
Ikuspegi horren oinarrian politika neoliberalen filosofia aurki dezakegu. Hiria saltzeko produktu bat bilakatzen da, eta bere kudeaketa enpresariala izan behar da, etekin ekonomikoak lortzeko helburuarekin. Turismoari begira eraikitzen den hiriak bere hiritarrak ahazten ditu, zergak ordaintzen dituzten pertsonak inbertsioak ekartzen dituztenen atzetik kokatzen baititu. Turismoa hiriko sektore guztien salbatzaile ekonomiko legez ulertzen da, salmentak eta kontsumoa igotzeko aukera bakarra eta etorkizuneko diru-sarrera emaile.
Bilboko biztanle talde batek ez dauka hain argi eredu hori hain onuragarria den. Piztu Bilbo MTV Itzali mugimenduan biltzen diren eragileek azken urteetan hiriburuari «erakusleiho izaera» ematen ari zaiola salatu dute. Turismoaren gorakada beraien egunerokotasunean izaten ari den eragina azaldu dute, hainbat hiri desberdinetan gertatzen ari den fenomeno berberak deskribatuz. Airbnb edo antzeko pisu turistikoen ondorioz alokairuen prezioak asko igo dira eta, hori dela eta, herritar askok euren auzoak utzi behar izan dituzte. Amsterdamgo Udalak fenomeno horri aurre egiteko Airbnb enpresarekin akordio bat sinatu zuen, hiri nederlandarrean bizi diren biztanleek urte bakoitzeko gehienez 60 egunetara mugatu ditzaten beren etxeak alokatzeko aukerak. Airbnb plataformak Bilbon %243ko hazkundea aurreikusten du eta negozioa ez da txarra; esaterako, Bartzelonako hamar etxe ugazabak 84.500 euro irabazten dituzte egunero. Baina Amsterdamgo hiritarrak nazkatuta daude beraien bizilekua bizitzeko ezinezkoa bihurtzen ari den hiri bat bilakatzen ari delako, turismorako parke tematiko hutsa.
Piztu Bilbo mugimenduak hiri eredu horrek sortzen dituen kalteen artean «herritarron pobretzea eta prekaritate gero eta handiagoa» nabarmendu du. Eustat estatistika instituaren datuek mugimendu horrek adierazitakoa baieztatzen dute. 1990eko hamarkadaren amaieratik Bilbon auzoen arteko ezberdintasuna asko handitu da. Errenta per capitaren arabera, Abando eta Indautxu auzoek jarraitzen dute aberatsenak izaten, are gehiago irabazi baitute XX. mende bukaeratik. Eta garai hartan pobreagoak ziren auzo gehienek pobre izaten jarraitzen dute gaur egun. Txurdinagan edo Otxarkoagan igarriko dute MTV show-ak utziko omen dituen onura ekonomikoak? Auzo horietako tabernetan kontsumituko dute sari banaketara datozen pertsonek?
Dena den, azkenaldian bestelako hiri eredu baten aldarrikapenak ozen entzuten dira. Bilboko itsasadarrean burututako Red Bull Cliff Diving World Series jauzi lehiaketan zubitik behera salto eginez Bilbo ez dagoela salgai salatu zuten eta hilabete honetan Hamaika Botxo eguna ospatu da, hiri ikuskizun eredutik at geratzen diren kolektibo eta norbanakoen elkartze eta saretze espazioa sortzeko asmoarekin. Bizkaiko hiriburua Ongi etorri tourist Ongi etorri errefuxiatuak bilakatu da eta Zorrotzaurreko uhartearen inaugurazioan Hau ez da Manhattan aldarrikatu duteauzokideek. Agintari politikoen arabera «talentuaren irla» izango ei da Zorrotzaurre, baina bitartean bertoko herritarrek irisgarritasun, zerbitzu eta segurtasunari dagozkien arazo ugari salatu dituzte. Hiria hiritarrentzat edo turismoarentzat. Hor dago gakoa.
Hiria hiritarrentzat edo turismoarentzat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu