Laizismoa ez da feminismoaren berariazko borroketako bat, baina feministok badugu geure diskurtsoa arlo horri dagokionez; izan ere, erlijio patriarkaletako eliteek etengabe egiten dute feminismoaren kontra eta emakumeen eskubideen kontra. Erlijio guztiek, eta bereziki monoteistek, grina obsesibo bat dute emakumeen bizimodua, gorputza eta sexualitatea kontrolatzeko; sexualitatea mugaturik, ugaltze hutsa izatea nahi dute; abortoa eta dibortzioa gaitzesten dituzte, eta aniztasun sexuala eta ezkontza heterosexualetik kanpoko zernahi jokabide ukatu. Horren erakusgarri dira elizak jendaurrean adierazten dituen iritziak, emakumeen eskubideei eta bizimoduari eragin edo erasotzen dieten gaietan.
Era berean, ondo jabetuta gaude zer-nolako pribilegioak dituen eliza katolikoak 1979an estatuak eta Vatikanoak sinaturiko hitzarmenen ondorioz, eta horrek zer eragin duen irakaskuntzan. Onartzen zaizkion eta guk salatzen ditugun pribilegio horien artean dago erlijioko irakasgaiari eta irakasleei dagokiena, bai eta irakasle horiek prestatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen dituen diru laguntzak ere.
Arrazoi horiek kontuan harturik, eta gogoan izanik Bizkaiko Emakumeen Asanbladak gidatuta eskola laikoaren alde egindako kanpaina jostalariak, jardunaldi batzuk antolatu ditugu azken hiru urteetan feminismoari, laikotasunari eta herritartasunari buruz. Gainera, aldizkari bat argitaratu dugu, eta, hain zuzen, horri heldu dio eskuinik eskuinenak guri profano eta sakrilego deitzeko.
Gure hauteskunde programan, hiri laiko baten alde egiten dugu; hiri horretan, erakundeak ez lirateke egongo erlijio nagusiaren mende. Hala, proposatzen dugu bulego batzuk sortzea herritarren eskubideei buruzko informazioa eman, kudeatu eta bizkor bideratzeko (apostasia, bizi-testamentua eta abar). Gainera, eskatzen dugu hileta zibilak egiteko aretoak egokitzea eta sortzea, eraikin publikoetatik eta kaleetatik erlijio sinbolo eta imajinak kentzea, administrazioek elizari diru laguntzak eta pribilegioak emateari uztea, eta udal eta foru ordezkariak erlijio ekitaldietara ez joatea.
Geure egiten ditugu, gainera, gizartean laikotasunaren kontzientzia sortzeko Europa Laikoa elkarteak proposatzen dituen neurriak: esaterako, kargu publikoren bat duten guztiei erlijio ekitaldietan parte hartzea galaraztea, eta administrazioei debekatzea azpiegituretarako lurra eman diezaioten zernahi erlijiori. Bat gatoz tokiko administrazioek erlijio erritu eta ospakizunak debekatzearekin, eta elizgizonik, kaperarik eta halakorik ez da izan behar administrazioaren mendeko osasun, hezkuntza eta bizileku zentroetan. Gure ustez, erlijioaren aipamenak kendu egin behar dira egutegi, kale izendegi eta egoitza publikoetatik, eta bestelako jaiak edo izendapen zibil neutroagoak sartu.
Irakaskuntzaren garrantzia kontuan izanik, proposatzen dugu beste komisariotza bat sortzea, ikastetxe publikoetan eta diru publikoa jasotzen duten ikastetxe pribatuetan irakasten den horren laikotasuna zaindu dezan eta, hartara, erlijio sinesteak nahas ez daitezen irakaskuntzaren helburuekin. Era berean, pausoak eman behar dira erlijio irakasgaia irakaskuntza publikotik eta itunpeko ikastetxeetatik kentzeko eta, luze gabe, eskola orduetatik kanpo uzteko.
Plazandreok bat egiten dugu Europa Laikoak egindako salaketarekin, eliza errenta aitorpenaren bitartez finantzatzen dela eta. Izan ere, elizari ematen zaion dirua herritar guztien funts komunetik ateratzen baita; hau da, urtean aitortutako guztitik ateratzen da, eta, beraz, guztiok ordaintzen dugu, baita ordaindu nahi ez dugunok ere. Gainera, gizarte helburuetarako laukitxoa markatzen dugunean, ezin dugu zehaztu zein gizarte erakunderi egin nahi diogun gure ekarpena, eta, horren ondorioz, emandako diru horretatik parte handi bat eliza katolikoaren mendeko elkarteentzat da.
Europa Laikoa elkartearen planteamenduen haritik, biziki kritikatzeko modukoa iruditzen zaigu krisiak eraginik ez izatea eliza katolikoarentzat, zerga paradisu batean bizi denez gero, zergarik ordaindu gabe, ondasun eta kontu guztiak ilunpetako mundu batean ezkutaturik. Ondare izugarria dauka, higiezin nahiz bestelako, artelanak, luxu handiko jantzi eta bitxiak; finantza partaidetzak ditu, komunikabide eta gizarte komunikazioko enpresak ere bai, eta parte hartzen du arlo askotako enpresa taldeetan. Gainera, fededunek donazioak egiten dizkiote, eta, batzuetan, legez kontra jabetzen da zenbait ondasunez, bere izenean erregistratuz jabetza agiririk gabeko tenpluak, hilerriak eta apaizetxeak. Zuzeneko ekarpenak ere egiten zaizkio, eta salbuetsita dago zerga arloan: bateko eta besteko dirua kontuan harturik, kalkulatzen da Espainiako Estatuak hamar mila milioi euro baino gehiago ematen dizkiola urtean eliza katolikoari.
Plazandreok azpimarratu nahi dugu feminismoa ezinbestekoa dela emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunean aurrera egiteko. Gizarte berdinzaleago baten alde egiten dugu eta, beraz, gizarte justuago eta iraunkorrago baten alde. Bide honetan, funtsezkoa da laizismoa, erakundeek pertsonen aniztasuna errespeta dezatela eta erlijio nagusiarekiko lotura hauts dezatela eskatzea.
(Erredakzioan itzulia)
Hiri feminista bat, egiazki laikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu