Errekak eta mendiak eta ibaia. Eta zozo lotsagabeak lorategi publikoetan, eta usoak, uso zozoak zozoen inguruan, eta Paristik heldutako txolarreak. Eta eguzkiak kukuren bat ekin orduko, katuak parkeetako bankuetan etzanik. Eta eliza guztietan ezkilen danga ongi etorrika hurrengo orenari.
Hiri polita zen.
Ez ditut errekak maite, erran zuen turistak. Eta errekak erre zituzten errazki. Mendiek akitu egiten naute. Eta mendiak menderatu zituzten zanpaka. Ibaiak traba egiten dit. Eta ibaia estali zuten alderik alde. Nire kruasanten apurrak mokoka jaten dituzte txolarreek, katuek ihes egiten didate, kanpaiek ez dute siesta egiten uzten.
Nolako lanak udalean!
Turistak sartzen duenez hiria munduaren globoan, alkalteak hertsiki besarkatu zuen kostalaritza eta sukaltasun ezinegotziaren izerdia. Hunki handiko une hura travelling biribilean grabatu zuen turistak.
Tristura ematen dit euriak.
Nolako aztorazionea ezinegotziarena!
Asaldaturik, euria esplikatzeari ekin zion, ez baitzen hortik-hemendikoa hiri honetako euri ura. Isileko tratua zeukan naturarekin. Hiriak, bai, euriarekilan. Parte onenekoa hiriaren ura. Ausardiatik goiti abiatuz, inuitek elur motak adierazteko dituztenak baino hitz gehiago zeuzkala autoktonoen hizkuntzak euriaren nolakoak izendatzeko, horixe janarazi zion uristak urikezeko turistari jaki: lodi mehe zirin bixi bisuts motel zakar ezti landur langar lanbro jasa eraso zarama truxu zaparrada purrustada, nehoiz nehork dastatu euririk ugariena hirian.
Baina tristura ematen dit.
Gau osoa izerdi likinetan eman zuen kostalaritza eta sukaltasuneko ezinegotziak, turista ez zapuzteko zeraren bat ezin egotziz. Alkaltea bera ere gaubeilan hantxe, hiriko toponimia ingeleseratzen. Baina eguna argitzen hasi baikoz heldu zen deia, uxa ezineko eskaintza, futurismoa bermatuko zuen kultur plana: Gaza erraikitzen trebatu bigarren eskuko misil intelektual bat euriarekikoa betikotz trenkatzeko. Esker oneko oparia udalak Palestinako banderak debekatu zituelakotz hiriko elkarte gastrokomikoetan.
BBCren dokumentaletatik ihes egindako marrazo baten bizkarra ikusten zuela badian esan zuen turistak, baina hura ez zen marrazoa, edo baldin bazen marrazo hegalaria behar zuen izan, gezi apatxe bat bezain tente egin zuenez gorantz euri jasa eraso zaparrada hasi zuen lehen egunean, gorantz laino ilunenean ezkutatu arte. Turistak txalo handiak jo zituen, gero zerbikalak pailakatzen saiatu zen. Horretan ari zela urtu ziren hodeiak, eten zuen jasa eraso zaparradak, eta plastikozko sugea bailitzan hautsi zuen misilak euriaren lepoa, hiriaren zoru naturistikoan jausi zen burua. Jaso eta auzo zaharrera eraman zuen turistak, azken tanta udaletxearen balkoi nagusiaren aitzinean eman zezan. Iguriki bezala, halboan kostalaritza eta sukaltasuneko ezinegotzia zuela agertu zen alkaltea balkoian. Txalo sutuak erre zituzten biek ala biek hebraieraz.
Ez dugu demendren zalantzarik egiten euri ezkuntzak, ondorioz, oraino neurtzen ahal ez den erakargatasun berri bat ekarriko diola hiriari. Irratietan ele erlea dabil Munduko Bidaia Agentzien Erakundeak hiri perfektua izendatuko ote duen gure irri hau.
Ez dut jende honen hizkuntza ulertzen, zartatu du turistaren gidak. Eta hizkuntza deserrotu dute herritarren ahotik.
Lekua kentzen digute biztanleek, zatartu du Turismobus Gidarien Batasuneko buruak. Eta pinudi ustelduetara lekutu dituzte biztanleak.
Zein ote da turista perfektuaren hurrengo erosta hiri perfektuan? Ez dakigu, kultur industriak espantu berriak behar ditu garun eta garau, kultur planak aldarazten ditu herenegundik biharamunera.
Arratoi bat! turista asearen heiagora, Arratoi bat nire ezkerreko oinetakoaren lokarria jaten!
Lokarria jaten ari den arratoiaren gibeletik arratoi samalda heldu da, eta haien ondotik hurrengoak, eta hauen ostean hurrengoagoak, hots, arratoi arratoiagoak...
Denek ere hiririk futuristikoenaz ase nahi dutelako, of course!