Hipokrisia jauregian

2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Agian indarrean nago, nire odolak beroari eusten dio eta horrek ondorioak ditu, baina, nire ustez, ukaezina da: gaur egun bizi dugun egoera honi —gaur bezala—aurre egiten badiogu, Nafarroan historia erabat aldatzetik hurbil gaudela esango nuke.

Zentzu horretan, eskerrak eman behar dizkiegu, euren ahalegin, borroka, porrot nahiz garaipen txikien bidez, aurrean dugun ibilbide hori ahalbideratu duten guztiei, bai jauna.

Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatzen duen aukera politiko baten sustatzailea naizen heinean, jakin badakit, bertako aginduek zer punturaino osatzen duten, nola edo hala, gure lehendabiziko esku-hartze eremua. Eremu horretan, gutariko bakoitzaren bizia eta etorkizuna ez ezik, gure herriaren etorkizuna ere badago jokoan. Era berean, munduari begira zabalik dagoen leihoa da, baina baita halako hesi bat ere. Leihoa da, mundu zabalean dauden beste gizon-emakumeen borrokarekin bat egitea ahalbideratzen digulako. Eta hesia, berriz, gatazketan ez delako batere erraza izaten, ageriko arazoez haratago ikustea.

Ondo baino hobeto ulertzen ditut, eginkizun nazionala erantzukizun osoz landu arren, halako arazo unibertsal batekin topo egiten duten idazle eta politikariak. Hala ere, ez ditut onartzen, tarteka munduko hiritartasun hori aldarrikatzen dutenak, unean uneko erantzukizun zehatzetatik ihes egiteko.

Dena dela, gaurko egoera honek, ez dauka inolako zerikusirik garai bateko bizitza politikoaren inguruan suma genezakeen humanismoaren inertzia erosoarekin. Gaur egungo eginkizun politikoak —sigla baten edo besteren babespean— zerikusi gutxi dauka Amadeo Marcoren garaiekin. Harrotasunez riau-riau hura eutsi, eta txinatar mandarin antzera, Nafarroa osoa kudeatzen zutenekin. Galdetu Javier Esparza jaunari.

Azkenaldian, nire ustez arduratzekoa den errealitate bat antzeman dezakegu, Iruñeko bi erakunde nagusien izaera eredugarri bilakatzen ari baita. Duela gutxi arte, astakeria handiena eginda ere ezer gertatzen ez zenaren baieztapen ikaragarriak, kalte handia eragin zion Nafarroari, eta ez bakarrik kanpora begira, baita lurralde barruan ere. Osmosia ukaezinezkoa baita. Horren guztiaren emaitza suntsitzailea zen erabat. Izan ere, erakundeak Miguelico jaunaren estiloari jarraikiz kudeatzeak —hau da, ezagutzaren ordez harrokeria baliatzeak—, pertsona haserreak, axolagabeak eta ankerrak bilakatzen baititu kudeatzaileak. Egiari zor, ez sobera gomendagarriak, demokrazia sasoian.

Atzera begiratuko bagenu, baiezta genezake —harrokeria pixka batekin bada ere— arazo metafisiko baten aurrean gaudela: zer gara norbanako gisa, eta zer herri gisa, gaur? Hori horrela, eta etorkizunera begira, Nafarroako gizarteak egun bizi duen gatazka ideologikoen barru, ebatzi beharko du: humanismoarekin bat datorren norberekeria garatu, edota, gizarte aurrerakoi bati hurbilduz, herritartasuna landu.

Azken finean, onartu behar dugu herrialde, nazio eta herri guztiek arazo nagusi berberari aurre egin behar diotela: justizia sozialean oinarrituriko bakea.

Denok egokitu gara gure ingurura: geroz eta handiagoak diren bukaezinezko pribilegioetara batzuk, eta urritasun nahiz eskasiara besteak. Bizitzaren karrusel horretan, dena bat-batekoa dela dirudien arren, ezer ere ez da inprobisatzen; izan ere, erabakia gutxi batzuek hartu arren, makina bat dira laguntzen saiatzen direnak.

Azken hori atsekabez diot; baina halaxe da. Iruñean hara eta hona ibiltzen naizenean, Sarasate pasealekuan, sarritan gurutzatzen ditut aspaldiko ezagunak —ile zuriak batzuk, eta iailerik gabekoak besteak—,filosofia marxistan esperientzia izan arren, maila pertsonalean jokabide erreakzionarioa dutenak.

Lehen aipaturiko egokitzapenaren produktua dira, zalantzarik gabe. Gogorra egiten zait ezagun horiek irribarrez agurtzea, eta seguru nago nabaritu ere egiten zaidala, izan ere, pertsona horiek dira, intelektualak diren aldetik, kalte gehien eragiten dutenak, amaigabeko espainiar trantsizio honetan bizitako hamaika arazoen aurrean, sorbaldak jaso, besterik egin ez dutelako.

Mingarria da hori, oso mingarria, eta GALek erail zuen adiskide bezain lagun nuen Santi Brouardek Bilbon esandakoa datorkit burura: «Jakina denez, hipokrisia da demokraziaren arte ederretako bat». Egia latza, baina egia.

Hauteskunde garaiak gainditu, eta udara ere badoa, baina Txibiteren gobernu berriak lehengo lepotik burua, beraz,aldaketarik ez, euskararen etsai.

Ez nahi bezain arin, baina poliki-poliki bada ere, heltzen ari gara. Nafar guztiek dakite —eta ongi jakin gainera— aspaldian gure makuluaren behar horrek ahultzen duela Txibite anderea, eta —horrela jarraituz— bat ez du aski izango, orduan lanak.

Nafarrek urte askoz pairatu dugu alfer eta harro bezain gezurti direnen belaunaldi baten eta besteen kudeaketa. Ezinezkoa zirudien arren, Miguelico-k eta Barcinak gainditu baitzuten Urralburu, Aragon eta Otano bezalako sozialisten gaizkile ezagunen jarrera.

Lehengo gaizkile eta oraingo hipokriten arteko ibilbide nekagarri honek, bidegurutze batera ekarri gaitu, gure erakundeetan zintzotasuna ezartzeko bidea erakusten digun bidegurutzera, alegia.

Hemen nire agur zintzoa, Txibite anderea: Morroi pila batez inguraturik, 'arro' indarra erakusten dutenak, beti beldur. Eutsi goiari lagunok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.