Idazlea

Hilabetean, geopolitika hankaz gora

2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Uste genuen pandemiak mundu zahar egoista ehortzi eta mundu berri justuagoa sorraraziko zuela ezinbestean. Ez zen hala gertatu; funtsean, apenas ezer aldatu duen. Donald Trumpek, berriz, hilabeteko agintaldian, aurreko AEBetako ezein presidentek baino dekretu gehiago sinaturik, eta Gazarako eta Ukrainarako planteatu dituen irtenbideekin, laurogei urtean iraun duen geopolitika hankaz gora jarri du, hilabete bakarrean.

Batetik, informazioaren eta ikuskizunaren mendean bizi garen honetan, gure begi-ninietan iltzatua geratu da Trump eta Elon Musken elkarrizketa likitsa Fox News telebistan; elkarri lausenguka; Marte kolonizatu eta mundua Tesla auto elektrikoz hornitu nahi lukeenak ez du ezer krudelik eta gizagaberik sumatzen Neron berriarengan, eta hura bere konfiantzazko mutila munduko gizonik adimentsuena dela baieztatzen; bila ibilita ere, Musk baino adimentsuagorik ezin omen da aurkitu mundu osoan.

Halaber, Macron azerikumea ikusi dugu Neron berriaren eskua tinko estutzeari gutxitxo iritzirik, maite-maiteak egiten sorbaldan eta belaunburuan Mendebaldeko enperadore berriari, kritikatxo batzuk konpentsatzeko edo ukitu maitekor-likitsak egiten. Boteretsuaren xarma eta prepotentziaren handia! Nazka emangarriagorik!

Trump eta Putin —lagunak laguna topatzen du—, elderra dariela elkarren alderako; eta, aldiz, errieta zitalean Zelenskirekin, seme bihurriari nola, eta gozoro Netanyahu gupidagabearekin, eta palestinarrei mehatxuka. Israelek Trumpen laguntzarekin ezinezko bihur lezake bi estatuen alternatiba eta oso posible da Ukrainari, aurrerantzean, Europar Batasunak bakarrik laguntzea. 

Zelenskiren lehen erreakzioa Trumpen aldera makurtzea izan da, Europar Batasunetik ez baizik eta AEBetatik desio baitu laguntza, baina zer-nolako prezioa ordaindu beharko du? Egia esanda, astindu bat behar zuen ekialdeko Europako gerrak, ez aurrera ez atzera zegoenez gero.

Garbi dago Trumpek begiak ireki dizkiola Europar Batasunari. Militarki, komertzialki eta ideologikoki ere indartu beharra du nahi eta nahi ez. Helburu militarretarako aurrekontua igo egingo du, eta beste diru-sail sozial-humanitarioagoak murriztu egingo ditu. Aipatu berri ditugun hiru arlo garrantzizko horietan sendotzeko, zatiketa politikoa murriztu beharko du eta ez da batere erraza izango, segur aski estatuen burujabetza gutxitzea ekarriko duelako Europa kontinentalean, Alemania eta Frantziaren arteko ardatzaren mesedetan (Erresuma Batuak zer jarrera hartzen duen ere garrantzizkoa izango da; ez alferrik beste potentzia nuklear bat da). Alemaniako Merz kontserbadoreak har lezake protagonismoa, eta bestelako harremanak landu beharko dituzte AEBekin eta Errusiarekin, eta Txinarekin, eta beste eragile politiko garrantzitsuekin, Hego Amerika barne.

Kristautasunaren eraginez, historia lineala delako ustean landatuak egon izan gara, pixkanaka bada ere aurrerapenerantz eta mundu justuagorantz egiten edo egin genezakeelakoan egon gara luzaroan; baina, begiko estalkiak kendu dizkigu Neron berriak edo Neron berria izan nahiko lukeenak, eta gero eta garbiago ikusten dugu aspaldiko greziarrak zeudela hizpidean, denbora linealki ez baizik eta zirkularki irudikaturik, eta historia ziklikoki, aurrerapen aldi eta atzerapen aldiekin; eta bigarrenean sartzen ari gara alderdi askotatik, itxura guztien arabera.

Aterabide justuena Nazio Batuen Erakundea eraberritzea eta bake-irtenbide justu samarrak han negoziatzea eta adostea izango litzateke, baina noiz eta non gailentzen da justizia estatuen eta komunitateen arteko harremanetan? 

76 milioi herritarrek eman diote botere ia osoa Trumpi AEBetan. Atentatuetatik Jainkoak salbatu zuela sinesten du edo sinetsiarena egiten du, eta kasurako berdintsu da. Multimilioidun izateaz gain, Jainkoa du lagun. Balio kontserbadoreak indartuko dira Trump eta haren gogaideekin munduan, non eta AEBetako datu ekonomikoak okertzen ez diren. Lortzen badu arrakasta bere herrialdearen arlo sozioekonomikoan, pentsa zer-nolako arrastoa utz dezakeen lau urteko epean, hilabetean joko taula politikoa horrela azpikoz goratu duenean. AEBetan kontra daudenek lortuko dute Trumpen globo puztua asko baino lehen hustea? Une honetan ez dirudi.

Eta euskaldunok? Trumpi duen txar guztia kenduta —eta ikaragarri da—, hark duen boterearen laurdena bagenu, euskalgintzan premiazko ditugun urratsak ez ezik jauziak ere egiteko!; hezkuntzan bezala hedabideetan, lan-munduan bezala aisialdian eta, jakina, administrazioan, hots, botere politikoan. Bakarrik ez daukagula horrelakorik, eta Europar Batasuna zatikatua badago, gu ez gaudela gutxiago zatikatuak, eta okerrena, espainiarren eta frantziarren ondo mendean!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.