Asaba zaharren baratzean ate joka jardun zuen Lizardi izan barik, nire zaharren berben egarriz eta oroiminez beteta nabilen aspaldi honetan, euren hitz eta esaera batzuk neure berbetan eta oroimenean baino ez geratzeko arriskuaz konturatuta, zuekin partekatu gura izango nituzke betiko, Lizardik berak amestu zuen euskarazko egunkari eta baratz zaharra baratz berri egiteko eguneroko mirari honetan.
Hona ekarriko ditudanak gramatika eta hiztegietan batu barik egon arren, belaunaldiz belaunaldi gogoeta guztiak euskara hutsean egiten zituztenek emandakoak dira. Euskara euskarazko lehenengo liburu, hiztegi zein gramatikak baino askoz lehenagokoa delako, Mogelek Peru Abarka-n ederto adierazi zuen moduan, Basoarteko Unibertsitatean gorde izan dela.
Gure lehenengo euskaltzainak, Azkuek, benetako erraldoiaren lana egin zuen gure hiztegia, gramatika, esaerak eta abarrak batzen, baina ez zen heldu dena batzera, eta gaur egun oraindino batu barik jarraitzen du. Lurperatuta. Bai, hitzon jatorrira, gure amaren jaiotetxeko auzora eta beste leku askotara, medikuak ere sarritan ez ziren heltzen, Gernikatik zaldi gainean etortzen zen Don Mario hura ere ez. Halandaze, ume piloa hil zen etxe askotan. Gure Errigoitiko amamak izan zituen hamabi haurdunalditik lau ume baino ez ziren heldu bizirik gaztarora (eta, zorionez, laurogeitazak urte betetzera), euretariko bat gure ama, hamabigarren haurdunaldikoa izan eta bost kilorekin jaio zena bere amak 42 urte zituenean. Ama baino 14 urte zaharragoa zen gure izekoak (1924an jaioak) kontatzen zuen «polito»: osasunez betetako ume eder-ederra, aurreko egunean txokolatea eta ogia gozatsu jaten egon, kalentura itzelaz itzartu, eta handik lasterrera hilda. Umeetariko bat besteak baino zaharragoa zela hil zen baina, 11 urterekin, istripuan egindako zauria zoldu eta tetanoaz. Abade izateko ikasten ari zen, lehen abadetzarakoak orain futbolerako fitxaketak bezain garrantzitsuak ziren. Sentiberatasun handiko mutila izan ei zen, gure ama ederto jagon eta leku guztietara kikili eramaten zuena, eta oilo bat hezita zuena. Etxean Rufino oiloa esaten zioten oilo hari, Rufino umearen esanera zegoelako. Umeak kantuz egin ziola aurre heriotzari kontatzen zuen izekoak, eta kantari bikain-bikaina ei zen. Umetan hildakoen izenak sarritan esaten zizkigun gure amak ere bazuen dohain eder-eder hori. Mendikoak eta basoartekoak izan arren, ez ginen Aymeric Picaudek deskribatu bezain basatiak. Ez geunden nontzebarrientzako bidean ere. 1968. urtean egin zen auzotarren ekimenez autoentzako bidea basoartetik oinez edo zaldiz baino heldu ezin zan auzora. Etxetik kilometro batzuetara utzi behar zuen autoa etxe ondoan utziko zuen ordutik aurrera osaba taxistak (nik BERRIA jarraitzen dudan moduan jarraitzen zituen hark autoei buruzko aldizkari espezializatuak). Eta denek ere laster erosiko zuten motorra zein autoa. Gu trizikloan ibiltzen ginen poz-pozik harriz beteko bide hartan, galipota askoz geroago bota zuten eta.
Gure amari ez zitzaion baserriko isolamendua gustatzen. 60ko hamarkadaren hasieran Bilbora ezkondu ziren baserriko gurasoen seme-alabak gara gu. Aita Gamizen baserritar jaio eta Bilbon negozio gizon egin zen. Ama, Errigoitikoa, ezkondu aurretik Bilboko bulego baten kontabilitate eta idazkari lanetan jardun zuena, ezkondu eta etxean geratu zen laster heldu ginen umeokin. Ordurik hasiko nintzen ni entzuten «umie izartu-idxen dau» (umea itzartu-ian dago) edo «etorri zarenien, loak hartu-idxen egon naz» (etorri zarenean, loak hartu-ian egon naiz) edo «hagiñek urten-idxen dekoz» (haginak irten-ian daukaz) edo «jausi-idxen» (jausi-ian), gure eguneroko berbak direnak eta, oraintsu konturatu naizen moduan, inongo gramatika ez hiztegitan ez daudenak, galdu-idxen, ito-idxen zein hil-idxen dagoen euskararen adibide. Guk lehenago inoiz erabiltzen izan ez dugun zorian orain irakaskuntzaren bidez orokortu dena da, baina zorian ez da ondo geratzen aditz partizipioari ia graduatzailea gehituz sortutako non adizlaguna ondo geratzen den testuinguru guztietan. Eta guk sarritan erabiltzen dugun beharrean hitzak ere ez du balio ian erabiltzen dugun testuinguru guztietarako: «zoratu edo gaixotu-idxen egon» zein «zoratu edo gaixotu biherrien egon» esan dezakegu, baina «osatu-idxen»-en ordez ezin dugu «osatu biherrien» ipini, esanahi guztiz ezberdina daukatelako. Berdin apurtu-ian /konpondu-ian, okertu-ian / zuzendu-ian antonimoen kasuan. Eta etxea zein edozer erosi-ian /saldu-ian egon, eduki… eta erosi edosaldu beharrean-en arteko ezberdintasun itzela ere mundu guztiak ulertuko du. Jatekoa zein beste edozer amaitu-ian egon daiteke, edo usteldu-idxen. Sutean, erre-idxen egon daiteke bat. Futbolean, gola sartu-idxen. Eta edonon sartu-idxen dagoela, ateetan gera daiteke norbera ere, sartu barik. Guk ume-umetatik entzun eta erabili ditugu hauek guztiak eta gehiago.
Nire lehenengo oroimenak, oraindino ume bakarra nintzela, amak jatorduetan ematen zidan gozamen ikaragarriari lotuta daude (Bai, Aymeric-ek gozamenari lotu zale deskribatu gintuen). Oraindino nire kabuz jateko gauza ez nintzela, Bilboko sukaldeko mahai eder hartan bere esku hain ederrekin hain jateko gozoa ahora ematen zidanekoak ederto gogoratzen ditut. Aitak eta amak jaten gozatzen zutena ere nire oroimen horien artean dago. Zoriontasun handi-handiko uneak ziren. Beraz, seguru nago, «txitxi gurot» eta beste horiekin batera, jaten gozatzeari lotutako «itoak egingo neukez hain janari gozoa jaten», gaur egun, antza, inork gutxik ezagutzen duen lako esaldia izan zela nik ulertu eta ikasi nuen lehenengoetarikoa. Jakina, «hain janari gozoa» dagoen lekuan zuek gustuko duzuen janaria jar dezakezue, esaterako «itoak egingo neukez mahatsa jaten» —jateko ederra mahatsa, aspaldion hazi bakoa ez eze, gustu bakoa eta zaramara botatzeko modukoa ere egokitu zaidan arren—, eta pertsona, aditz era eta denbora ere alda ditzakezue: itoak egin genituen… Gero ikasiko nuen «barreka ere batek itoak egin leizela» gozatuz eta gozatuz.
Amaren haserre eta agirikari lotuta daudenak dira nire hurrengo oroimenak, bera niri berbetan, nik berari jaramonik egin ez, eta nire pentsamenduetan guztiz murgilduta egoten nintzenekoak. «Zertan zagoz, ba, Txorraburuko astoaren pentsamentuetan, ala?» esaten zidan halakoetan. Nik askoz geroago jakin nuen non dagoen Txorraburu. Gernikako auzo edo kalea dela, esaldia bota nionean, hango ikasleren batek esango zidan beharbada, eta oraintsu jakin dut Gernikako plazara bendeja saltzen joaten ziren emakume baserritarrek Txorraburuko iturrian ematen ziotela astoari edaten. Bai, gure barrurako murgiltze horietan, ura edaten ari den animaliaren atsedena hartzen dugu. Gure amak (nerabezarotik hasita Gernikako Karmeliten barnetegian ikasketak espainieraz egindakoa izan arren) Errigoitiko baserrian bere amak eta haren aurrekoek (bere begietatik ikusten zuen aitak, gure aititek, ezkondu aurretik Ameriketan artzain egondako gizon lasaiak, jaietan soinua jotzen zuenak, ez ei zion inoiz agirikarik egiten) belaunaldiz belaunaldi euskaraz egindako agirika eta maitasun hitz beraiek zeuzkan niretzat Bilbo hiri guztiz erdaldun eta kolonizatuan.
Amaitu egin behar dut. Eta bai, guztiz mingarria da, kolonizatuak izan ginen. Baina oraindino hemen gaude, ejerzito guztiak, epaile eta enparauak aurka ditugula, ito-ian, hil-ian eta oroiminez, biziminez.