Nekez aurkituko dugu kalean gaurko egunez zer aldarrikatzen den dakien norbait; gehiago esanda, dakitenen artean ere, ez dira asko izango egun hau zergatik aukeratu zuten dakitenak. Bada, irakurleen jakin-gosea asetze aldera, gaur hiesaren estigmatizazioaren aurkako eguna dugu, eta abenduaren 1ean egiten dugu Pepe Espaliu artistak, jendaurrean eta publikoki, hiesa gaixotasuna zuela onartu zuelako 1992. urteko gaurko egunean.
Hiesa gure artean 1981. urtean agertu zen, eta garai beltz haietatik gaur arte asko aurreratu bada ere, hiesak lagun dituen iluntasunak eta ezjakintasunak haren kontrako borrokan garaile izaten jarraitzen dutela esatea soberan da zilegi. Askoren buruan egongo da ziurrenik urrutiko kontuak direla, amerikanoenak edo hirugarren mundukoenak, baina gure artean 300 pertsonatik batek hiesa duela kalkulatzen da, gutxi gorabehera; beraz, urrutikoa baino gehiago, sekretupean gordetzen den zerbait ez ote da izango? Hiesa duenak inori azalpenik zor ez diola argi badago ere, beldurrak eragiten al dio sekretupean gordetzea? Eta, hala bada, zeren beldur da?
Bestetik, hiesak gure artean izan duen historiari erreparatuz, ikusiko dugu zenbait kolektibotan presentzia handiagoa izan duela besteetan baino: homosexualon artean, emakume transexualen kasuan, azken honi tristeki hertsiki lotuta egon den langile sexualen kasuan eta heroinarekin batera etorri zitzaien zorte txardunen kasuan, besteak beste. Jakina den gauza da kolektibo hauetatik batzuk, hiesa aitzakiatzat harturik, eraso instituzional eta erlijiosoa jaso dutela urteetan, baina talde gutxitu horietatik ateratzen direnak (gizon heterosexual ez-drogazaleak, emakumezkoak...) libre al dira hiesak eurak harrapatu gabe bizitzeko? Erantzuna sumatuko luke inozenteenak ere: ez.
Historia begiratzera garamatzan betaurrekoa alde batera laga eta jantzi dezagun gaurko egoera erakutsiko diguna. Gaur egun, oraindik behintzat, hiesa senda ezin badaiteke ere, tratamenduetan izugarrizko aurrerakuntza egon da, hiesa duten pertsonak egunero sendagaiak hartuta bizitza normala izateraino. Gainera, sendagai horiekin (antiretrobiralekin) karga biral negatiboa lor daiteke, horrek esan nahi du hiesa duen pertsonak ez duela birusa transmitituko arriskuzko praktikak (sexualak izan edo ez) egiten baditu ere. Hori gutxi balitz bezala, PreP pilulak ere asmatu dira, zeinak hiesaz babesten duten pilula hori hartzen duen edonor.
Azken horiek berri onak dirudite, eta badiren arren, hiesa duten pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen du azken urteetan, baina zergatik ote? Galdera hau erantzutera bidean dikotomia bitxi bezain larri batez hitz egin behar genuke: zenbaitek hiesari izugarrizko beldurra dio, eta, beraz, froga serologikoak ez ditu egiten, ezjakintasunak zoriontasuna dakarrela esaten da askotan. Espainian hiesa duten pertsonen %25-30ek ez daki seropositiboa denik, eta hortik datoz infekzio berrien kasu asko. Hiesak beldur handia eragin du informaziorik ez zegoen urteetan, eta beldur hori gaur arte oinordetu dugu. Txanponaren ifrentzuan hiesari beldurrik ez diotenak dauzkagu —medikazioa badago, zertarako hainbeste kezka?—, hori astakeria! Beste zenbait urrunago doaz, aurretik aipatu den PreP pilulak hartzen dituzte sexua preserbatiborik gabe izate aldera (hiesa sexu bidezko transmisiozko gaixotasun bakarra balitz bezala), pilula horiek kolektibo oso konkretu batzuei zuzenduta daudela ahaztuz (hiesdun bikotea duten pertsonak, langile sexualak...) eta administrazio publikoari kostu ekonomiko handi bat sortuz.
Amaitzeko, gogora dezagun informazioak boteretsu egiten gaituela gizarteko partaide garen oro. Gogora dezagun hiesa duten pertsonak kondenatzeko ez dugula arrazoirik, eman diezaiegun lasai eskua, besarkada, eta egin diezaiegun gure mahai inguruan, beste edonori bezala, merezi duten lekua. Izan gaitezen albokoaren lagun denagatik, eta ez daukanagatik edo berarekin dakarrenagatik. Gogora dezagun gutako askoren etxeetan esaten zen hura: albokoaren larruan bazeunde, zein da esperoko zenukeen tratu hori?