Antzina, Antioquiako Cauca ibaia (Kolonbia) bizitzaren sinonimo zen. Lehen, urrez jositako errekak zituen, eta artisau-meatzariek edo barekeatzaileek haien ertzetatik ateratzen zuten urrea. Lehen,inguruko komunitateak haren urek ematen zituzten arrainekin elikatzen ziren. Lehen, ibaiertzean lan egiten zutenek gatazka armatuaren biktima izandakoen gorpuak erreskatatu zitzaketen. Lehen, ez zegoen ibaiaren emariaren zati handi bat hartzen zuen presarik. Lehen, komunitateak ibaitik eta ibaiarentzat bizi ziren. Orain, horietako askok etxetik alde egin behar izaten dute, megaproiektu hidroelektriko baten eraginez. Orain Hidroituangok deserrotuta daude.
Kolonbiako enpresa hidroelektriko handiena da Hidroituango, eta Hego Amerikako hamar zentral energia-sortzaile handienetako bat. 2.720 milioi metro kubikoko bolumena du presak, 225 metroko altuera, eta 550 metroko luzera. 27 udalerri hartzen dituen egituratzarra da. Megaproiektua EPMren (Empresas Públicas de Medellín) ardurapean dago, energia-zerbitzuak (gasa eta ura) ematen dituena. Kolonbiako enpresa transnazional honek, gainera, Antioquia departamentuaren partaidetza publikoa du. Finantzatzaileen artean badago hurbileko bat: BBVA, Basque Country markako enpresa liderretako bat. Euskal bankuak Garapenerako Banku Interamerikarraren (BID) bitartez parte hartu zuen finantzaketan. Euskal kapitala desplazatzen duen proiektu batean inbertitua.
Komunitateak mugiarazten ditu Hidroituangok, ibaian ez dagoelako arrantzatzeko arrainik. Desplazatzen ditu ateratzen duten urrea ez delako bizitzeko nahikoa. 2018an, istripu baten ondorioz, eraikitzen ari ziren horma bota zuen urak, eta inguruko hainbat udalerri urez bete ziren, bertan bizi ziren pertsonen etxeak suntsituz eta bizilekua aldaraziz. Horietako asko oraindik ezin izan dira bueltatu. Beste batzuek beren etxeetatik alde egin behar izan dute, ibaiak ez zielako behar zuten mantenua eskaintzen, ezin zelako arrantzatu, ezta barekeatu ere. Hidroituangok jendea lekualdarazten du, legezko eta legez kanpoko eragile armatuek militarizatu egiten dutelako eremua, inguruko gatazka areagotuz eta megaproiektuari aurre egiten dioten pertsonen eta kolektiboen jazarpena areagotuz. Ríos Vivos-en arabera —presak ingurumenean eta jendartean sortu dituen inpaktuak salatu dituzten mugimendu nagusietako bat—, 2011tik gaur arte gutxienez zortzi ekintzaile hil dituzte inguru horretan.
Kriminalizazio- eta jazarpen-logika asko, neurri handi batean, emakumeek gauzatzen dituzten lidergo komunitarioen aurkakoak dira. Emakumeak dira gaur egun megaproiektuaren aurkako erresistentziaren buru,AMARUak bezala (Uraren eta Bizitzaren Emakume Defendatzaileen Elkartea), Ríos Vivosi lotuta daudenak.Lehen, haiek ere barekeatzen zuten, arrantzatzen zuten eta lurra lantzen zuten. Ez zuten gizonen mantenu beharrik. Baina, lanik gabe, bizibiderik gabe eta erroldetatik kanpo geratu dira, eta horrek autonomia ekonomikoa galtzera eraman ditu. Ezbeharren aurrean ere bakarrik geratu dira. Askok bikotekideak galdu dituzte, erail dituztelako, desplazatu dituztelako edo armak hartu behar izan dituztelako. Emakumeak dira beren familia defendatzen jarraitzen dutenak, talde armatuek beren seme-alabak eraman ez ditzaten borrokatzen direnak. Emakume eta nesken sexu-esplotazioak gora egiten du presaren inguruko udalerrietan. Armen botereak gorputzean eta osasun emozionalean eragiten die.
Eta hau guztia, zertarako? EPMren iritziz, Hidroituango herrialdearen garapenean laguntzeko eta Kolonbiarentzako energia merkatzeko sortu zen. Ahalmen betean martxan jarritakoan herrialdeko energiaren %17 sortuko duela aurreikusten du. Egoera hori 2026rako aurreikusi du. Orain arte, atzerapen ugariren ostean, presari eragiten dioten zortzi turbinetatik bi baino ez dituzte martxan jarri, eta 2022ko abenduan megaproiektua merkataritza-operazioan sartu zela iragarri zuten. Herritarrak, ordea, etor daitekeenaren beldur dira. Oraindik oso gogoan dute 2018an gertatutakoa. Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak berak ere EPMri eskatu zion turbinak pizteko probek iraun bitartean herriak aldi baterako ebakuatu zitzan, segurtasuna bermatzeko.
Baina Hidroituangokoa ez da kasu bakana. Kolonbiako gatazka handieneko eremuak ez daude edonon: narkotrafikoko korridoreak dauden tokian daude, baita meatzaritza-industriarekin, arlo hidroelektrikoekin, monolaborantza-eremuak hedatzearekin edo abeltzaintza estentsiboarekin lotutako enpresa transnazionalak ezartzen dituzten tokietan ere. Kolonbiako gatazka ez da soilik barneko arazo bat, mundu mailako dinamikei erantzuten die produkzio sisteman, inbertsio kontsumoan eta finantzaketan.
Horixe defendatzen du #Deserrotuak kanpainak eta manifestuak. Zehar-Errefuxiatuekin taldeak beste antolakunde batzuekin batera egin duen hausnarketaren ondorio da, ekoizpen, banaketa eta kontsumo neoliberalaren ereduaren ezarpenak eta kolapso ekosozialaren eta biztanleriaren desplazamendu behartuak duten harremanari buruz. Gero eta gehiago entzuten dugu klimak eragindako migrazioei buruz. Ikuspegi hau harago doa eta sistema kapitalistak eragindako desplazamenduetan jartzen du arreta. Horrela, enpresa transnazional askok Hegoaldeko lurraldeak okupatzen dituzte eta, modu horretan, bertako ondasun naturalak erauzten dituzte, eta bertakoen habitata eta bizimodua suntsitzen dituzte. Gainera, indarkeria erabiltzen dute bertan bizi diren pertsonak lekualdatzera behartzeko. Desplazatutako pertsonak dira, #Deserrotuak. Hidroituangokoa dinamika horien adibide garbia da.
Hidroituangok deserrotuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu