Euskara teknikaria

Hibridazio baten ordezkari

2024ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Duela gutxi jakin dugu 2022an Arkautin suhiltzaileentzako izan ziren oposizioetan zenbait hautagairi ukatu egin zitzaiela azterketak euskaraz egitea. Albistearen laburpena baino ez dut eman sarrera honetan, zehaztapen barik, arazoaren muina baita garrantzizkoa. Berri bitxia, eta aldi berean ikaragarria iruditu zitzaidan. Bitxia, hautaketa prozesua 2022ko azaroan izan zelako eta horren berri ia urte bi igarota izan dugulako; non ezkutatu ote da albistea urte bian. Ikaragarria, ondoko paragrafoetan azalduko ditudan arrazoiengatik.

Mendeak daramatza euskarak ―orobat, munduko hizkuntza murriztu guztiek— debekua eta jazarpena ezarri dioten arauak pairatzen; Frantziak eta Espainiak ezarriak. Bibliografia argia dago horren gainean, baina laburpen polita eskaini zuen Aitzol Altuna Enzunzak 2023ko otsailaren 6ko Nabarralde aldizkarian, Leyes contra el euskera y el catalán izenburuko artikuluan. Arkauti, eta Eusko Jaurlaritza, Espainiako Estatuaren menpe daudelarik, Espainiak azken berrehun urteetan ―askoz lehenago hasi arren― ezarritako arau batzuk baino ez ditut laburbilduko hemen.

  • 1772an Karlos III.aren Errege zedula batek handizkako eta txikizkako merkatariei debekatu egiten zien kontabilitatea euskaraz egitea.
  • 1801ean euskarazko antzezlanak eta ekitaldi kulturalak (kantatzea eta dantza egitea ere) debekatu ziren.
  • 1857an Ley Moyano izenaz ezagutzen denak gaztelaniaz eskolaratzeko derrigorra ezarri zuen.
  • 1896an telefonoz euskaraz egitea edo telegrafoak euskaraz idaztea debekatu zen (sasoi hartan puntako teknologia zena).
  • 1926an Errege agindua eman zen gaztelaniaz irakasten ez zuten maisuen kontra, enplegua eta soldata eteteko mehatxuarekin.
  • 1932an Bigarren Errepublikak debekatu egin zuen euskara irakastea zentro publiko eta pribatuetan.
  • 1954an irratietan euskara erabiltzea debekatu zen.
  • 1964an diskoetan eta publizitatean euskara erabiltzea debekatu zen.

Horrelako esperpentoen garaia iraganean murgilduta zegoelakoan Hizkuntza Normalizazio prozesu bati ekin genion, EAEn behinik behin, 1980ko hamarkadan. 1979an Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak euskara hizkuntza ofizial aitortu zuen orduko Euskal Autonomia Erkidegoan. 1982an Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea onartu zen. Europan ere izan dira aurrerapausoak ―ondo xumeak izan badira ere―, eta 1992an Estrasburgon Europako kontseiluko kide ziren estatuek Eskualdeetako eta Eremu Urriko hizkuntzen Europako Gutuna sinatu zuten.

Bada… hara non, XXI. mendean, Europako hizkuntzekiko errespetuak goranzko bidea hartua zuela uste genuenean, 1982an euskararen erabilera normalizatzeko prozesu bat abian jarri zuen administrazioak, Eusko Jaurlaritzak berak, ukatu duen oposizio bat euskaraz egitea. Eta ELA sindikatuak jarritako helegiteari erantzuteko Eusko Jaurlaritzaren abokatuak Espainiako konstituzioak 3.artikuluan jasotzen duena erabili du legezko oinarri; alegia, historian euskarari debekua debekuaren gainean jarri dion estatuaren araudia. Araudi horrexek berak, baina, ofizialtasuna aitortzen dio euskarari  EAEn eta Nafarroan; hala beraz, Eusko Jaurlaritzak historian ez Frantziak, ez Espainiak egin ez dutena egin du: euskaraz egiteko eskubidea ukatu, euskarak ofizialtasun-estatusa duela. Eta historian lehenengoz Frantziak eta Espainiak ezarri dituzten debekuen zerrendari gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzak berak ezarri duen debeku bat.

Pentsatu nahi dut horrelako erabakiak ezjakintasunagatik hartzen direla. 2023ko urtarrilaren 28an, egunkari honetan argitaratutako artikulu batean adierazi nuen hizkuntza normalizazioari buruzko formazioa zabaldu egin behar dela, arazo hori duen gizarte baten; eta eskola sasoian hasi behar dutela gazteek sentsibilitate hori garatzen, hizkuntza normalizazioa jakintza arlotzat hartuta. Ezjakintasun eta sentsibilitate falta horien ondorio dira horrelako erabakiak. Sentsibilitate hori umetatik jasotzen hasi behar da, eta bihar-etzi hezkuntza arloko eta hizkuntzalaritzaren arlo guztietako profesional izango direnek formazio sakona jaso behar dute. 

Dena delako arrazoiagatik, ikaragarria da Eusko Jaurlaritza bera norbere kulturari debekua jartzeraino heltzen ikustea, inperialismo linguistikoaren eredu garbi bi direnen (Frantzia eta Espainia) eredua kopiatzeraino; hain ondo kopiatu ere, ze ohartu ere ez dira egiten euren burua konkistatzen ari direla frantsesari eta espainolari eskaintzeko. Ohartu ere egiten ez dena inkontzientzian bizi da, eta beharbada ez dira kontziente euskaldunak euskaradunak garela, eta euskaradunen euskara eskubidea irentzen duena ezin dela euskaradunen ordezkari izan, bestelako hibridazioren baten ordezkari izango dira, baina euskaradunena ez.

Eta gogoeta honen ostean Wa Thiong’oren hitzak etorri zaizkit gogora:

«Inperialismoak erresistentzia kolektiboaren aurka erabiltzen duen eta egunero jaurtitzen duen armarik handiena kultura-bonba da. Bonba baten efektua herri batek bere izenetan duen sinesmena deuseztatzea da, bere hizkuntzetan, bere ingurumenean, bere borroka-ondarean, bere batasunean, bere gaitasunetan eta, azken batean, bere izatean. Horrek beren iragana lorpenik ezaren basamortu bat bezala ikusarazten die, eta basamortu horretatik aldendu nahi izatea eragiten die. Horrek eurengandik urrunago dagoenarekin identifikatu nahi izatea eragiten die; esaterako, beste jende batzuen hizkuntzekin eurenarekin barik». (Wa Thiong’o, 1986)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.