Joxe Manuel Odriozola.

Hi bizi haiz hi!

2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Hire mundualdiko azken egunetan betiko elkar agurtu genuenean, hitzeman genioan elkarri Kosmosean elkartuko ginela hurrengoan. Heriotza duinaren hire azken erabakia, hil edo biziko erabakia, hire bizitza zentzuz areago betetzen duen erabakia izan dela esan nian. Viktor Franklek dioenez, bizitzaren zentzua heriotzaren zentzuz biribildua zagok: «Nik honako tesi honetatik abiatu nahi nuke: kontua ez da heriotzak ezin diola zentzurik kendu bizitzari, baizik eta berez bizitzari zentzua eman egiten diola».

Joan Mari, hire zaku literarioan dauden harribitxiak beste batzuen esku utzita, hire zaku ideologikoan eskua sartu eta hire kontzientzia politikoaren gezi zorrotz batzuk atera dizkiat.

«Egia da espainiarrek beren inperioa galdu zutela, baina inperioa ez da kontzeptu geografiko soila, psikologikoa ere bada, eta bigarren ikuspuntu honetatik espainiarrek oraindik ere, oro har, inperio bat daramate beren inkontzientean, berenburua espainiar nazionalistatzat ez duten horiei ere noiznahi azaleratuko zaiena. [...] Baina garaia da erdaldunen artean ere geure gisa eta geure mina aldarrikatzeko, eta esateko edukazioaren lehen legea eta araua dela etxekoekiko errespetua, eta guk ere badugula, hizkuntza mailan, kanpotik etorritako hainbat eta hainbat herritarren adinako eskubide, etxean etxeko sentitzeko gogo izugarria dugula alegia guk geuk ere, eta ez gaudela alor horretan atzera egiteko prest» (1995).

«Egun hori irits dadinean, nik ere ez dut predikatu beharrik izango nazionalista naizela. Bitartean, alferrik» (1995).

«Espainiako Sari Nazionala jasotzen ez baduzu, ez dute biderik egiten itzulpenek. Horrek gure mendekotasuna izugarria dela erakusten du. Madrilek esaten du zein den ona, edo oso ona, eta zein den bigarren mailakoa. Egokitu zaienentzat oso ondo dago hori, baina ez da oso egokia» (2011).

«Azken urteotan ETAk eragin duen kalteaz ari zaizkigu hedabideak, gau eta egun. Horrekin batera, baina, noiz mintzatuko gara, maiztasun berarekin, beste agente batzuek eragindako minez?» (2013).

«Hemen, izan ere, guztiok mintzatzen gara ETAren biolentziaz baita bere ohiko bideari uko egin diotenean ere!, bere militanteak pelikulako gaizto bakarrak balira bezala, baina nor mintzatzen da Euskal Herriko armagile eta arma-ekoizleen biolentziaz, hauek munduan zehar, askoz biktima gehiago eragiten dutenean?» (2014).

«Eta orain galdera maltzur bat: zuk zeintzuk dituzu terroristagotzat, armagintzari emandako Euskal Herriko enpresak edo ETAkoak? Eta orain, beste bat: zuk nor duzu terroristagotzat, errege jauna eta jaun emeritoa, Arabia Saudiarrarekin sekulako negozioak dituztenak, edo zuri orain bururatu zaizkizun ekintzaileak...?» (2020).

Joan Mari, besterik gabe, ez adiorik, Kosmosean ezarria dugun hitzordua luzaro gabe iritsiko duk eta. Bitartean, gugan izango haiz, hire diosal umoretsua gogoan: «Hi bizi haiz hi!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.