Gaixotuko ez zen, bada. Hiru gau-eta-egun segidan paretaren kontra zutik egonarazia, etengabeko zaplasteko-ukabilkada-bultzada-irain-iseka-mehatxu artean. Eta gero, hainbat urtez, kartzela-sententzia ia-seguru baten itxaronaldi larrimindua. Ez gaixotzea zatekeen mirari, noski. Nahiz eta Joan Mari nik neuk behintzat inoiz ezagutu dudan harmonia klasikoaren eredurik bizienetarikoa izan, zera, mens sana in corpore sano-ena, pertsona osasuntsua, bakartia bezain elkartia, fisikoki bezain psikikoki orekatua.
Izugarria torturak gurean eragin duen txikizioa, ezaguna izatearen izatez ahaztu ere egin ohi zaiguna besteoi, pairatu ez dugunoi, eta pairatu dutenek berek ere, biziraun beharraren beharraz, ahaztu nahi eta behar izaten dutena. Baina izugarrietan izugarriena «bestea» omen —berak behin baino gehiagotan esana—: bere lana hondatu eta suntsitu izana. Espainiar agintarien mandatari malapartatu haiek bere artxibo guztiak, bere koadernoak, bere apunteak, bere zirriborroak, nola zirtzilatu zizkioten eta deboilatu. Gaixotuko ez zen, bada. Hori bai dela intelektual bati —dela zientzialari, dela artista: bietatik zuen Joan Marik— egin dakiokeen kalterikhandiena. Michel Angelo Buonarottiren tailerrean barbaro nazkagarri batzuk sartu eta haren David eta Moises prototipo guztiak mailukadaz txikitu balituzte bezala —eta barre-zantzoka, endemas—.
Joan Mari Torrealdai hil da. Atzo-herenegun, mikrofono-tipula hurbildu zidatenean aho musukoz estali honetara, zer esango, eta «boutade» bat nik: ea hemendik aurrera nork pasatuko ote dion «urteroko ITVa" (sic) gure kulturari, «Joan Mari falta delarik». Tira, izan lezake bitxi-punturen bat zirtoak. Ez da zirtotarako unea, ordea. Dolumina, deitorea, zor zaio, zor diegu berari eta bere hurbilenekoei. Beti ere jabetuz eta gogoratuz ezen «hurbilenekoak»gu geu garela, beraren herkideok, beraren Euskara Jendekideok...(«Euskara Jendea», izan ere, bai hitz polita, Xamarrek asmatua, oker ez banago).
Bada hori. Aparta izan da Joan Mari. Eta Balbeak apartak ebasten dizkigunean, zaila izaten da «puntu eta apartea» «puntu eta jarrai» bihurtzen. Lanik nekezena. Baina egingarria: ziur naiz Joan Marik berak, bere ezina ekinez egina goiburu kutunaren ildotik, halaxe esango ligukeela, esaten ari zaigula zinez eta benetan oraintxe bertanere, eta esango digula aurrerantzean ere egunero: «ez ahaztu», «euskara da gure hezur-muina», «zain dezagun», «segi ezazue, animo». Eta irribarrez esan ere: ene, zeinen miresgarriak diren, sufrikarioak sufrikario, hala ere irribarrea galtzen ez duten pertsonak.
Agur, Joan Mari, eta ez adiorik.
Hezur muina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu