Hezkuntzaz, beste irakurketa bat

2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Azken asteetan, bolo-bolo ibili da Hezkuntza Legearen gaia komunikabideetan; batetik, aurreproiektuaren zirriborroa publikatu ostean, eredu publikoaren eta itunpekoaren defendatzaileen artean eztabaida piztu delako. Bestetik, sindikatuek deitutako bi hezkuntza grebek ere hautsak harrotu dituztelako.

Aldaketen garaia da eta ikastetxeetako ezinegona nabarmena da, erreformaldi honek —gainean ditugun LOMLOE zein EAEko Hezkuntza Legeak, besteak beste— ezintasun agerikoak izan baititu hezkuntza sistemaren arrakalak betetzeko. Segregazioa, euskararen zaurgarritzea, zerbitzuen kalitatearen kaxkartzea, pribatizazioa... azken urteotan nabarmendu diren tendentziak dira, zeintzuek bizirik eta indarrean jarraitzen duten aurkeztu dizkiguten proposamenetan ere. Orokorrean, irakasle, guraso zein ikasle asko gara erreforma prozesuaren nahiz lege berrien aurka gaudenak, eta mobilizatzea ezinbestekoa da; alabaina, beharrezkoa zaigu hezkuntza jasaten ari den eraldaketa honek zeri erantzuten dion ulertzea horretarako. Izan ere, pasa den kurtsotik nahiko modu nahasian egin dira auzi honi dagozkion komunikatu guztiak:

Sindikatuek hitzarmenaren aurkako mobilizazioak bertan behera utzi zituzten egun batetik bestera martxoan; orain, hitzarmenari men egin, eta aurreproiektuaren aurkako bi greba deialdi egin dira. Hauen atzean, eskola publikoaren aldeko aldarri argi bat dago; baina, kontzertatuen publifikazioa eredu publikoaren defentsa moduan saldu duenik ere badago mobilizazio beren baitan. Bestetik, bi grebak baliorik gabekoak direla esan du paktuko beste eskuetako batek. Jopuntuan, beraz, guztia eta ezer ez egotea eragin du testuinguru honek. Horrela, nahasmenean oinarritu da mobilizazio ziklo hau eta funtzio despolitizatzaile nabarmena bete du, tamalez.

Agerikoa da eztabaida EAEko Hezkuntza Legearen inguruan kokatzen dela, honen aurreproiektuak dioenaren edo ez dionaren inguruan hobe esanda. LOMLOEren alternatiba gisa aurkeztu zitzaigun lege prozesua eta hitzarmeneko alderdi politikoek aukera historikoa dela diote, baina gero eta garbiagoa da lege espainiarra osatzen eta betikotzen duen proposamena baino ez dela.

LOMLOE, bestetik, erreforma plan europarrarekin batera hezkuntza enpresari handien behar berrietara egokitzera etorri zen. Honen adibide dira inposatu dizkiguten «ekintzailetza eta enpresa jardueren hastapena» nahiz «balio zibiko eta etikoen hezkuntza» irakasgaiak, edota konpetentzia jakin batzuen baitako (konpetentzia digitala, ekintzailetza...) ebaluazioa.

EAEko Hezkuntza Legeak ezin dio horri guztiari aurre egin, berdin da autonomia gaitasun txikia bada arrazoia, edota interes edo borondate falta. Izan ere, ez dago Europako oligarkia finantzarioaren nahiz elite politikoaren nahiei kontrajarriko zaion legebiltzarreko alderdien paktu posiblerik, ez eta hezkuntza modernizatzekotan bidali dituzten erreformak geldituko dituen legerik ere. Publiko egin den zirriborroaren hutsaltasunak diodana frogatzen du.

Horren guztiaren aurrean, paktuko alderdiak zein hainbat sindikatu hitzarmena legetik bereizten ahalegindu dira. Hitzarmenaren garrantzia azpimarratu dute etengabe eta legea borrokatu beharra dagoela aldarrikatzen saiatu dira prentsaurreko, manifestu eta abarren bitartez. Hau da, EAEko Hezkuntza Legea aldaketa miserableak eskaintzera kondenatuta egonagatik ere, lau alderdiek nahiz sindikatu nagusiek pastelaren zati ahalik eta handiena eurentzat nahi dute eta hori da borrokatzen dabiltzana, zirku mediatiko handi baten bitartez estali nahi izan diguten arren.

Beraz, hezkuntza eredu berri bat dakarren legea promesten digutenean, ogi apurren kudeaketaz ari zaizkigula argi eduki beharra daukagu. Dena dela, langileon interesak bazter utzita dauden honetan eta erabat pribatizatzailea den lege baten inposizioaren aurrean, hezkuntza komunitatearen zati bat berpiztu dela ikusi dugu, azken boladan itzalita zegoen mobilizazio zikloen aktibatzea izanik honen erakusle. Mobilizatzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela ezin uka daiteke eta eztabaida ez da alboratu behar; hala eta guztiz ere, artikulu hasieran esan bezala, itunpeko eskolen zein eskola publikoaren defendatzaileen arteko norgehiagoka antzu bat da mahai gainean dagoena une honetan. Horregatik, lehia hau gainditu eta eztabaida egoki kokatu beharra dago nahitaez.

Nire iritziz, eta hainbatetan esan izan den bezala, agerikoa da itunpeko eredua zein eredu publikoa ez direla langileon mesedetara dauden hezkuntza sistemak; bietatik dira ikasle kapa txiroenak sistematikoki kanporatuak (ez soilik tasen bitartez; zerbitzuen murrizketek, ebaluazio irizpideek eta abarrek ere badute zerikusia). Hezkuntza publikoak oso funtzio garrantzitsua betetzen du ikasle langileon eskolaratzeari dagokionez; kontrara, ordea, estatu burges espainiar zein frantsesaren menpekoa da. Berdin dio nork edo nola gestionatua den, enpresari handien interesen arabera funtzionatuko baitu halabeharrez.

Bestetik, itunpeko eskolak (artean Ikastolak) ere bi estatu burgesen menpe leudeke. Eta Ipar Euskal Herrian edota Nafarroako zenbait lurraldetan euskaraz ikasi ahal izateko lan handia egiten badute ere, gaitasun ekonomiko jakin bateko familiak dituzte oinarri. Mekanismo segregatzaile modura funtzionatzen dute.

Laburbilduz, erreformek miseriazko aldaketak dakartzate, langile klasea zuzenean kolpatuko dutenak, eta aurre egingo dion oposizio erreal bat antolatu behar dugu. Azken hamarkadetan, ordea, hezkuntza komunitateak hezkuntza sistemak jasandako egiturazko eraldaketen aurka egin arren, hauek atzera botatzeko ezintasuna agerian geratu da. Indar antagoniko erreal horren faltan, erreformen asimilazioak gogor kolpatu gaitu.

Horregatik, ezintasun horiek gaindituko dituen antolakuntza forma ehundu eta indartu behar dugu. Kontzertatuen edo publikoaren defentsa egin beharrean, euskaraz ikasteko eskubidea errealki bermatzen duen, doakoa den, erasorik gabekoa edota ikasleon pentsamendu kritikoa nahiz garapen askea sustatzen dituen hezkuntza eredu bat aldarrikatu behar dugu. Ogi apurren truke borrokatu ordez, lan egin dezagun hezkuntza sistema sozialistaren bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.