Hezkuntzaren gestioaz eta kontrolaz

Ur Joanex Artola
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Azken egunotan, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea aurkeztu ondotik, indarrez mahai-gaineratu da hezkuntza eredu publikoaren eta pribatuaren arteko eztabaida. Eztabaida hori, ordea, termino desegokietan gauzatu dela deritzot, eta ezin da auzira gerturapen zintzo bat egin bere funtsa ondo kokatu ezean. Izan ere, dikotomia faltsu bezain antzu baten gainean eraiki da eztabaida: pribatua/kontzertatua vs publikoa. Sistema kapitalistan, langileok desjabetuak garen heinean, ez dugu jabetzaren eta, beraz, prozesu sozialen gaineko kontrolik, gestio modalitatea dena delakoa izanik ere. Nire ustez, gestio-modalitateak baino gehiago, kontrolaren auziak du garrantzia. Horregatik, eztabaidaren oinarria ondorengo aurkakotasunak behar luke izan: langile kontrola vs kontrol burgesa. Hori azaltzen saiatuko naiz ondorengo lerroetan.

Esan bezala, sektore publikoa zein pribatua ez dira langileon interesen menpe dauden bi instituzio. Nolabait esatearren, hezkuntza eredu publikoa paradoxa bat da, beharrezkoa bezain kaltegarria dena. Batetik, langileriaren hezkuntza sarbidea berma dezake eta hala nola konpetentzia minimo batzuk eman diezazkioke. Bestetik, Estatu espainolak zein frantsesak ezarritako marko ideologikoa erreproduzitzeko baliagarria da. Finean, historikoki langileria kanporatua izan den instituzioa da hezkuntza eta ezin da ukatu oinarrizko hezkuntzara sarbidea izateak langile klasearentzat duen garrantzia. Horregatik, gaur-gaurkoz, hezkuntza eredu publikoa defendatu behar dela uste dut.

Eztabaidaren beste poloan itunpeko ereduak —Kristau Eskola, Ikastola— kokatu dira. Horiek ere, bereziki Euskal Herrian, badituzte argi-itzalak. Izan ere, ikastolen kasuan, jakina da lurralde zehatz batzuetan —Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan edo Nafarroa Garaian— euskara hedatzeko funtzio garrantzitsua betetzen dutela. Ordea, ezin esan administrazio espainol eta frantsesaren eraginpekoak ez direnik, modu ugaritan gauzatzen baita menpekotasun hori: finantziazio bidez, Selektibitate edo Baxoarekin... Gainera, oro har, begi-bistakoa da gaitasun ekonomiko jakin bateko familiak direla itunpeko hezkuntzaren oinarria. Ondorioz, mekanismo segregatzaile gisa funtzionatzen dute eta ghettoen sorreran eragiten dute: euskaldunenak, etorkinenak, aberatsenak... Finean, euskara errealki hedatzeko apustua hezkuntza ez-segregatzailean egin behar dela uste dut; hizkuntza ereduen egungo funtzionamendua baztertu —jakina baita D ereduak ere ez duela euskara jakitea eta erabiltzea bermatzen— eta unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa den hezkuntza eraiki, proletariotzak euskaraz ikasi dezan bermea.

Eztabaida elikatzeko asmoz, ikusmira hezkuntzaren gaineko langile kontrolean jarri behar dela aldarrikatu nahi dut. Horrekin batera, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzari lotu behar gatzaizkio, bata ezin baita bestea gabe ulertu. Bestela esanda: Euskal Eskola Nazionalean, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza ereduan dago giltzarria. Instituzio hori gaurdanik eraiki behar dugu, eta indarrak batu eraikitzeko prozesuan. Ikasle langileon behar kognitibo zein afektiboetara egokituko den hezkuntza ereduaz ari gara Euskal Eskola Nazionalaz ari garenean, gizakiaren garapen objektiboa ahalbidetuko duen hezkuntza ereduaz, hain zuzen. Euskal Herria zentroan edukiko duen hezkuntza instituzio proletarioa izango da segregazioa, euskaren erabilerarik eza, genero zapalkuntza eta egun existitzen diren beste hainbat problematika gainditzen hasteko baldintza. Izan ere, heziketak berebiziko garrantzia du balio kultural jakin batzuen transmisioan; zentzu horretan, jendarte sozialistaren sorkuntzan ezinbesteko premisa da hezkuntzarena.

Bestalde, ezin ahaztu eztabaida sortu den testuinguruan elementu garrantzitsu bat: LOMLOE legea. PSOEren marko ideologikoa erreproduzituko duen eta egungo testuinguru sozioekonomikora egokitu den hezkuntza eredu bat finkatzea du xede legeak. Horren adibide, digitalizazioaren aldeko apustua edota balizko giza eskubideen inguruan ezarri nahi duten ikasgaia. Lege ezkertiar gisa aurkeztu bada ere, ez ditu funtsean Wert legearen oinarriak ukitzen, ez dakar sektore publikoan inbertsio gehikuntzarik eta ez du pribatuek dituzten abantailekin bukatzen. Horregatik, Celaá legea lege estetiko bat dela diot, azaleko aldaketak egingo baititu: errebalidak kendu bai, baina ebaluatuko diren gaitasunak (memoria gaitasuna...) aldatu ez.

Asko dago jokoan eta ez dut borrokarako grina handirik sumatzen. Halaxe onartu da LOMLOE legea, eta neurgailu egokia da onarpen hori, egungo asimilazio eta despolitizazio maila frogatzen baititu. Guk, bien bitartean, egungo hezkuntza baldintzak hobetzeko antolatzen jarraituko dugu. Kontrol soziala borrokatu, langileon eskubideak irabazi, ikasleon erabakimen gaitasuna bermatu... eta garaipenak lortuz indar korrelazioan eragin. Hezkuntza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izan dadin, proletalgoaren euskalduntzea euskararen biziraupenerako baldintza, Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntzan jarraitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.