Alarma gorri guztiak piztu dituzte hezkuntzan iragarritako murrizketek: irakasleentzako eskola-ordu gehiago, ikasle gehiago ikasgela bakoitzeko, unibertsitateko tasen igoera...Zerrenda luzea bezain larria da, eta are larriagoak dira murrizketa hauek erabakitzeko eta jakinarazteko erabilitako moduak. Beste behin ere, hezkuntza komunitateari galdetu ere egin gabe hartu dituzte erabakiak eta, gainera, tantaka-tantaka ari dira horien berri ematen, zehaztasunak pixkanaka kaleratuz, honela gaiaren inguruko hausnarketa eta balorazio orokor eta osoa egitea galaraziz.
Neurri hauek berehala jaso dute hezkuntza komunitatearen eta gizarte osoaren ezezkoa; kezka eta ezinegona nabarmen zabaldu dira herritarren artean. Izan ere, kezka sortzeko modukoa da egoera! Badirudi, ordea, hau izebergaren punta besterik ez dela eta okerrena etortzeko dagoela. Wertek esan du orain arte iragarritako neurriak dirua aurrezteko beharrari erantzunez hartutako neurriak izan direla, premiaz hartu beharrekoak, eta bere asmoa haratago joan eta hezkuntza sisteman sakoneko erreformak egitea dela.
Ez du oraindik zehaztu erreforma horiek nolakoak izango diren, baina dagoeneko ikusi ahal izan ditugun adibideen arabera, eta ministroak kargua hartu zuenetik erakutsitako zantzuen arabera, zalantzentzako tarte gutxi geratzen da: ikasleen arteko mailaketa handiagoa, unibertsitaterako sarrera zorrotzagoa, bekak lortzeko baldintza gehiago, selektibitate proba gogorragoa...
Hego Euskal Herriko bi administrazioetako hezkuntza arduradunen ahotan entzun dugu eurak ere ez datozela bat murrizketekin. Ez omen daude ados, inposizioa omen dira, baina, noski, ezingo dutela intsumisiorik egin... Marka da gero! Zelaa eta Iribas inposizioaz hitz egiten... ez dute lotsarik! Eurak dira lehenak hezkuntza komunitatearen aurkako neurriak inposatzen, eta orain ere, halaxe egingo dute; ez dezatela beren burua hezkuntza publikoaren eta hezkuntza komunitatearen defendatzaile gisa saldu, ez diete eta inork sinistuko!
Ez dugu Werten inposiziorik onartzen, baina ezta Zelaa edo Iribasenik ere! Lehendik argi ez bazegoen, orain ezin argiago dago: gure hezkuntza sistema propioa behar dugu, inoren menpeko izango ez dena, euskal herritarrok Euskal Herriarentzat eraikitakoa. Ez diegu neurri arrotzei men egin nahi, geure buruaren jabe izan nahi dugu, gure hezkuntza eredua eraikitzeko burujabe izan nahi dugu.
Azken hamarkadetan ezagutu duen erasoaldi larriena datorkio hezkuntzari. Orain arte kontatu dizkiguten neurriak hasiera besterik ez dira. Honen ondoren etorriko da benetako erasoa, Wertek jada iragarri dituen erreformen bidez. Murrizketa neurriak herria aztoratu duten lurrikara izan dira; erreformak, berriz, lurrikararen ondorengo tsunami basatia izango dira. Lurrikara jasan dugu, hasi gara jadanik kalteak sumatzen... ez gaitezen geldirik geratu tsunamiaren zain. Mugi gaitezen!
Orain da momentua, ezin dugu geroko utzi, jokoan dagoena garrantzitsuegia da eta! Eraso hauen aurrean ezinbestekoa da Euskal Herriko hezkuntza komunitateko eragile, sindikatu eta mugimenduek bat egitea; datozen inposizioei guztiok batera aurre egiteko eta denon artean Euskal Herrirako nahi dugun hezkuntza eredua eraikitzen hasteko.
Alde horretatik, ezin aipatu gabe utzi Ikasle Abertzaleek egindako deialdiari jarraikiz maiatzaren 10ean egindako mobilizazio guztiak. #ikaslealtxamendua abiatu dute ikasleek, beren etorkizuna guztiz baldintzatzen duten murrizketa inposatuak arbuiatu dituzte eta horien aurrean antolatzeko deia egin dute.
Maiatzaren 20rako ere badugu hitzordua, Sortzen Ikasbatuazek antolatuta Iruñeko Takonera lorategian ospatuko den jaialdian. Erasoak eraso, Hezkuntza Sistema propioa aldarrikatuko dugu Nafarroako hiriburuan.
Horretaz gain, Nafarroako hezkuntzako gehiengo sindikalak grebara deitu du maiatzaren 22, 29 eta 31rako; eta hainbat mobilizazio iragarri dituzte greba egunen aurretik egiteko.
Deialdi garrantzitsuak guztiak, baina tamaina honetako erasoaldiak erantzun ozenago eta zabalagoa eskatzen du, gure ustez. Euskal Herriko hezkuntza komunitateak ezinbestean batu behar du erantzun bateratu eta irmo bat emateko. Hezkuntza komunitateari dagokio erantzun hori artikulatzea, eta euskal herritar orori horren parte izatea.
Eta erantzunik onena, maila nazionalean zein herri eta ikastetxeetan, guk gure neurrira egindako hezkuntza sistema eraikitzea da. Horretarako, egunez egun, gure eragin eremuetan Hezkuntza Sistema euskaldun eta herritarra praktikan garatuko duten proiektu eta dinamikak garatzea da gakoa. Gure herri eta ikastetxeetan ematen ditugun pauso txikiek eramango gaituzte Hezkuntza Sistema euskaldun eta herritarreraino. Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema ez baita inoren bulegotan erabakiko, herriz herri eta ikastetxez ikastetxe garatuko da, guztion artean egingo dugu.
Hezkuntzako murrizketen aurrean, burujabetza!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu