Ikasturtea amaitu da. Irakaslea bere bakardadean. Trenaren trakatan-trakatan hotsak darabilen gogoetaren erritmoa ezartzen dio: merezi izan du aurton egindako lanak? Akiturik, pentsakor, lagunaren hitzak gogoratu ditu: «Txo, irakasleok ez duzue publikoki kexatzeko eskubiderik, pribilegiatu hutsak zarete!». Horregatik iruditu zaio aproposa UEUk antolaturiko ikastaroan izena ematea, herrialde osoko irakasleekin elkartu eta eskutik hartuta arrangura kolektiboa egiteko esperantzaz.
Hasi da ikastaroa. Pedagogia konprometituak eta horiek gorpuzteko manerak hizketagai, berehala agertu dira hezkuntza pentsatzeko ezinbestekoak diren bi helduleku: Paulo Freireren pedagogia kritikoa eta bell hooksen feminismoa. Hari horietatik tiraka, aipatzen ari diren teoria eta praktika guztiak uztartu, gorpuztu eta gauzatuko dituen subjektuetako bat ekarri dute erdigunera: irakaslea. Hura da, gizartea eraldatzea xede, bere konpromiso eta jardunaren bitartez hezkuntza askatasunerako praktika gisa bilakatuko duena. Horretarako, lehenik, hezkuntza botereak zeharkatutako fenomeno sozial eta politikoa dela onartu beharko da, eta, ondorioz, pedagogia konprometitua ekintza politiko gisa ulertu. Alegia, ikaslearen ahalduntzea helburu, irakasleak gizartean gailentzen den normaltasun faltsua zalantzan jarri, problematizatu eta errealitatearen ustezko objektibotasuna politizatu beharko du, ezkutatzen dituen zapalkuntzak mahaigaineratzeko.
Hizlariei hezkuntzarekiko pasioa darie, eta orain arte lasaiki entzuten ari den irakasleari zirrara zabaldu zaio gorputzean. hooksek AEBetako beltzen eskola segregatuetan ikasi zuen, emakume beltzak irakasle zituelarik; haientzat irakastea auzi politikoa zen, ekintza kontrahegemonikoa, kolonialismoari erresistentzia egiteko bidea. Irakasleak Elbira Zipitria gogoratu du, eta diktaduraren garaian ikastolak sortu zituzten irakasleen konpromiso politikoa eta mundua eraldatzeko borroka. «Eta gu, zertan gaude?», pentsatu du, etsipenez. Orduan etorri dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan lanean ari diren kideen kontakizunak: Arratian ikasleen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzen duen irakasle konprometitua, Donostiako gazte zaurgarrienei heziketa eta babesa ematen dien irakasle transgresorea edota Azterketak Euskaraz mugimenduko kide eta Seaskako irakasle subertsiboak, besteak beste. Irakasleak inbidiaz eta harrotasunez entzuten ditu kideak.
Orduan aditu dio Nora Salbotx pedagogoari bere errealitatea irauli duen hitza: hezkuntzagintza. Bat-batean berotasuna sentitu du bihotzean; ez dago bakarrik, hezkuntza-komunitate bateko kidea da. Eta ohartu da badagoela hezkuntzaren baitan militatzea, konprometitzea, gizarte hobe baten alde borrokatzea. Botereari izendatzearen pribilegiozko ekintza borrokatu behar zaio, jarraitu du Salbotxek; eta norbanakotik kolektiborako jauzia egiteko kontrabandoan aritu, gehitu du Alberdik. Ikastaroa amaitu da, eta irakasleak bere ikastolako zuzendariaren hitzak bere baitan oihartzun egiten sentitu ditu: «Epika behar dugu!».
Badugu gure borrokari zentzua ematen dion hitza, hezkuntzagintza. Kontrabandoan aritzeko prest?