Iaz EAEko Hezkuntza Legea onartu bazen ere, hezkuntza sistemaren birmoldaketa egiteke dago. Hala ere, legea onartzeak suposatu zuen kalbarioaren ostean, ez dago arimarik legeari buruz ezer jakin nahi duenik. Hezkuntza sailburuak berak, legeak saihesteagatik, grabitatearen legeari ere uko egin zion, eta harrezkero lebitatzen ari da.
Lege berriak sistema publiko-itunpeko duala betikotzen du (o!, sorpresa!). Edonola ere, legeak, bere gabeziekin, araudi bidez birmoldaketa sakonak gauzatzeko aukera ematen du.
Hasteko, Jaurlaritzak eta itunpeko ikastetxeek matrikulazio guda zentzugabea amaitu behar dute. Horretarako, ezinbestekoa da eskola-mapa jaiotze tasa eta proiekzioen arabera egokitzea. Betiere publikoa bermatuz, itunpeko eskolen gela kopurua urte batzuetarako bermatzea gomendagarria liteke, dagokionean nahitaezko murrizketak adostuz. Honek eskoletan patxadaz lan egitea erraztu eta matrikulazio kanpainetan baliabideak xahutzea galaraziko luke.
Bestalde, finantzaketa publikoari dagokionez, ebatzi gabeko arazoa doakotasunaren auzia da. Doakotasunik gabe segregazioari aurre egiteko indarrean dagoen neurria (ikasle zaurgarriak eskolen artean proportzionalki banatzea) irtenbide osatugabea da. Batetik, arazo ekonomikoa itunpekoetara bideratutako ikasle zaurgarrien familiei igortzen dielako. Bestetik, zerbitzu maila desberdineko ikastetxeak ahalbidetzen dituelako. Hortaz, neurri erabakigarria eta, ez ahaztu, lege agindua, doakotasuna bermatzea da.
Baina, eskolen baliabideak horren desberdinak izanik, nola ezarri doakotasun justu bat? Erraza: hiru hankadun egitasmo baten bitartez.
Lehenik eta behin, itunpeko ikastetxeetan kuotak debekatu behar dira (publikoan kobratzen direnez gaindikoak, esan nahi dut). Kuotarik ezean, ordea, itunpeko eskolak ez ziren ekonomikoki bideragarriak izango eta porrot egingo lukete.
Beraz, planaren bigarren hanka itunpeko ikastetxeen finantzaketa publikoa handitzea izango litzateke, kuoten diru-sarrerak estaltzeko. Ederto. Hala ere, itunpekoen baliabideetan horrenbesteko desberdintasunak izanik administrazioak euren finantzaketa osorik estali behar du? Inolaz ere ez!
Eta hemen azaltzen da egitasmoaren hirugarren hanka. Aulkiekin gertatzen den bezala, egitasmoaren oreka bermatzen duen zangoa: ikastetxe publiko zein itunpekoei pareko baliabideak (giza zein materialak) izateko eskubidea eta betebeharra ezarri behar zaie. Onerako edo txarrerako. Hortaz, Administrazioak eskola publikoetan eskaintzen dituen baliabide berak itunpekoei esleitu behar dizkie eta, horren truk, itunpekoek proiektu eta baliabide gehigarriei uko egin behar diete (aio igerileku eta apaingarriak). Duda barik, gastu mugak ezarri behar dira.
Proposamena gauzagarria izan dadin beharrezkoa da neurri guztiak aldi berean betetzea. Hau da, kuoten debekua, finantzaketa handitzea eta baliabideen berdintasuna (eta gastu-mugak) batera eman behar dira. Hanka horietako baten faltan, planteamendua eginezina edo bidegabea bilakatzen da.
Jakina, proposatutakoaren moduko neurriak ezartzearen ertz guztiak artikulu honetan ukitzerik ez dago. Baina, hori horrela izanik, non dira proposamen honen oztopo (eta amarru) nagusiak? Lehenik, itunpekoei esleitu beharreko funts gehigarriek diru-kutxa publikoa kaltetuko lukete. Bigarrenik, itunpeko eskola ospetsu batzuen eredua estutasunean jarriko litzateke. Hori guztia dela eta, Jaurlaritzatik hezkuntza kuotak galarazteari buruz hitz egin dute beti. Alegia, itunpekoen kostu batzuk finantzaketatik kanpo utzi eta kuota batzuk onartzeko asmoarekin.
Horrez gain, itunpeko eskolen eraikinen kudeaketa, mantentze-lan eta berriztatzearen nahaspila dago (eta azpimarratzen dut: eskola publiko baten pareko instalazioei buruz ari naiz). Argitu dezagun, beraz: nola ordaindu titulartasun pribatuko instalazioetan egindako obrak? Kuotak ezabatu nahi badira, irtenbide logikoa da itunpekoen instalazioak akordio bidez zerbitzu publikora mugagabe lotzea. Horrela, kapitulu honetara esleitutako funts publikoak ikastetxe publiko eta itunpekoen artean modu bateratuan kudeatzeko aukera legoke, hezkuntza sistema osoaren beharrizanak eta lehentasunak kontuan hartuta.
Ziur aski, eskola rankingen babesa jasotzeko pizzo-a ordaintzen duten ikastetxeek ez dute proposamen hau maiteko. Baina benetako doakotasuna modu justu batean lortzeko bide bakarra da.
Estatu Sozialean sinesten badu, lehendakariak belarrira xuxurlatzen diotenei entzungor egin behar die.