Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez zituen esku artean zeuzkan aukerak baliatu 2016-2017 ikasturtean, eta orain, ikasturte berriari begira, ildo beretik datorkigu, nahiz eta batzuk —EH Bildu, sindikatuak, bestelako hezkuntza eragileak…— norabidea aldatzen saiatu garen proposamenak behin eta berriz aurkeztuz.
Ezin uka pasa den ikasturtea gogorra izan zela guztiontzat. Pentsatzekoa litzateke, beraz, ez Lakuan ez inon inork ez lukeela eragozpenik ipini beharko hezkuntza sisteman garai berriek eskatzen duten paradigma aldaketa egituratzen hasteko eta dagoeneko gainetik pasatzen ari zaizkigun erronkei erantzun egokiak emateko. Administrazioak ikasle guzti-guztien hezkuntza eskubidea bermatu behar du inor diskriminatu gabe, dena delarik ikaslearen bizilekua, jaioterria, maila sozial eta ekonomikoa, eta horrek eragile guztien arteko elkarlana eskatzen du, bai eta oraindik zintzilik ditugun hainbat eztabaidari heltzea ere. Esaterako, finantzaketa, matrikulazio, eskola mapa edota, makina bat tokitan, ikastolen eta eskola publikoen arteko dikotomiari buruzkoak.
Borondate politikoa izanez gero, aurrera egiteko aukera egon badago, gehiengo zabalak bat egiten baitu gako edo gogoeta batzuetan:
Lehena: garai berriek paradigma aldaketa eskatzen dute; alegia, jada ez du balio orain arteko guztiontzako kafeak. Kalitatezko hezkuntza proiektuak garatuko badira, toki bakoitzaren berezko ezaugarrien araberakoak izan beharko dira, bitartekoak eta neurriak ikastetxez ikastetxe planifikatuz eta ezarriz, oinarrizko irizpide komunak kontuan hartuta baina bakoitzaren beharren arabera eta, jakina, ikastetxeei autonomia gehiago emanez. Galdera da: hezkuntza gero eta burokratikoagoa bilakatzen ari den honetan, prest al dago Hezkuntza Saila paradigma aldaketa horretara jauzi egiteko?
Bigarrena: gizartean azken urteotan irekitako arrakala eskolan sartzeaz gain, areagotu egin da; bi abiadurako hezkuntza egonkortu da, ikasleak maila sozioekonomiko eta kulturalaren arabera sailkaturik. Fenomeno hori migrazio tasarekin nahastu da maiz, baina ez da migrazio kontua soilik, aniztasunaz hitz egiteak jatorri geografikoarekin zerikusirik ez duten beste erpin eta adierazle batzuk kontuan hartzea exijitzen baitu, hala nola, egoera ekonomikoa eta hezkuntza premia bereziak. Aniztasuna bere konplexutasunean eta bere osotasunean kudeatu beharrean, segregazioa eta bazterkeria nagusituz joan dira kasu askotan, gizarte kohesioaren kalterako. Hortaz, aukera berdintasunaz eta kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubideaz mintzatzen bagara, profil desberdinetako ekipoez eta neurriez hitz egin behar dugu: gizarte laguntzaileak, irakasleen etengabeko prestakuntza, ikasketen egokitzapena, lanpostuen egonkortasuna, zuzendaritza taldeak, inklusiorako neurri multidisziplinarrak, matrikulazio irizpideak…
Hezkuntza eskubidea berdintasunean bermatzeko izan badira hainbat programa eta neurri, baina, zoritxarrez, Hezkuntza Sailak ahuldu ditu azken urteotan, eta kasu batzuetan ez da finantziazio kontua soilik; beken kasuan, esaterako. Auzia ez da bakarrik ea zenbat diru bideratzen duen bekak finantzatzera, ikasleek diru hori noiz jasotzen duten baizik, ikasturte hasieran ala bukaeran. Egoera ekonomiko zaila dutenek ezin diete ikasturteko gastuei aurre egin beka ikasturte bukaeran kobratuz gero. Zentzuduna litzateke, beraz, sistema aldatzea beka irailean edo urrian kobratu ahal izan dezaten, eta hala proposatu genuen Legebiltzarrean, baina EAJ-PSE gobernukideek ezezkoa eman ziguten. Gauzak horrela, nor arduratuko da familia horietaz, Caritas?
Urkullu lehendakariak nahi duena esan dezake, baina ez da egia Hezkuntza Jaurlaritzaren lehentasuna denik. Aski da zenbaki hotzei begiratzea horretaz jabetzeko. Aurtengo aurrekontuan Hezkuntzak 167 milioi euro gutxiago ditu 2009an baino. Argi dago, ez goaz aurrera, atzera baizik.
Ikasturte berria aurrekoa amaitu bezala hasiko da, mobilizazioekin, langileak kalean, enplegu duina aldarrikatuz. Elkarrizketa eta negoziazioa ahoan, bai, baina Jaurlaritzak inposizioa praktikatu du orain arte. Elkarrizketa aspaldi galdu zen bidean, eta gainera entzun behar izan dugu Hezkuntza Sailaren helburua langileak zatikatzea dela. Ez al zitzaigun guztioi hobeto joango elkarrekin adostasunak bilatuko bagenitu, jakinik inork ezin izango lukeela %100 lortu?
Eskola publikoaren aldeko apustua egin nahi badugu, eta hala dela pentsatu nahiko nuke, premiazkoa dugu hezkuntza alorreko mahaiaren izaera negoziatzailea berreskuratzea. Diagnostikoa argia da, gainera: irakasle eta langileen artean belaunaldi aldaketa dator, behin-behinekotasun tasak izugarri altuak dira… Horrek plantilla handitzea exijitzen du, jende gehiago kontratatzea, Gobernu espainolak ezarritako gehienezko kopuruetatik harago. Euskal hezkuntza sistema jokoan dagoenean, gure ume eta gazteen etorkizuna jokoan dagoenean, Jaurlaritzak ezin du erantzun ez dituela beharko liratekeen kontratazioak egingo Madrilen uzten ez diolako, hango legearen mugak errespetatu eta bete behar dituelako. Ertzaintzan eta Osakidetzan posible denak Hezkuntzan ere posible izan beharko luke.
Bistan denez, etxeko lanak baditugu hezkuntzan ditugun erronkei erantzuteko. Minutu bat ere alferrik galdu gabe, baldintzak sortu behar ditugu guztion diagnostikoak mahai gainean jartzeko eta adostasunak bilatzeko eragile guztiekin, sindikatu, familia eta ikastetxeekin… Herri baten gizarte eredua, hizkuntza, kultura, nortasuna jokoan daude, baina batez ere pertsonen bizitza proiektuak eta eskubideak.
Gai izango gara ziklo berri bat hasteko ala bide beretik jarraituko dugu, lehengo lepotik burua?
Hezkuntza sistemak paradigma aldaketa behar du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu