Ikama ikasle antolakundeko kidea

Hezkuntza sistema propio baten alde

Estitxu Ezpeleta Baigorrotegi
2025eko martxoaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dira garai errazak ikasleontzat. Eta ezta hezkuntza sistemarentzat ere. Egitura eraldatzailea izan beharko litzatekeena, subjektu askeak sortu behar lituzkeena, krisi betean dago. Baina, gizartearen eta egungo estatu egituren zutabe bat izanik, nola ez da ba krisian egongo, sistema bera krisian baldin badago? Ikasleok aspalditik sumatu dugu hezkuntzak goia jo duela, eta horregatik mobilizatuko gara martxoaren 20an, egungo norabideari bolante kolpe bat eman eta hezkuntza sistema propio bat aldarrikatzeko ordua iritsi delako.

Hezkuntza sistema, askok eta askok horrela saldu nahi diguten arren, ez da instituzio neutro apolitikoa. Balio unibertsal bezala saltzen dizkigutenek funtzio zehatz bat betetzen dute: joera, balio, ikuspuntu eta bizitzeko modu jakin bat barneratzea. Euskal Herriaren kasuan, statu quo-amantendu eta espainiar zein frantziar estatuen proiektu kapitalista, zisheteropatriarkal koloniala betikotzea.

Agertoki honetan, arazo estrukturalez osatutako hezkuntza sistema batean murgilduta gaude ikasleok. Alde batetik, oinarrizko eskubide nazionalak ukatzen dizkigute: inposatutako curriculumen bidezko asimilazio nazionala, gure Hezkuntza Propioa edukitzeko ezintasuna, euskaraz ikasteko ukazioa... Bidegabekeria bat da, eta horren aurrean, borroka independentista heziguneetan ere piztea ezinbestekoa dela diogu, ikasle borrokan erdigunea hartuz eta ikasleen artean balio independentistak zabalduz. Horrela ulertzen dugu guk Hezkuntza Sistema Propioaren aldarria, funtsean, gure herriaren beharrei erantzungo dion hezkuntza sistema baten aldeko borrokatik jaiotzen dena.

Beste alde batetik, ikas baldintza duinen kaskartzea ere agerikoa da. Heziguneek enpresa pribatuen antza hartzen dute maiz, eta ikasleon eskubideak hezkuntza prozesuaren erdigunetik ateratzen dira. Hitz politez betetako hezkuntza sistemak gure eskubideak zapaltzen ditu; paradoxikoa, ezta? Honekin lotuta, ezin ditugu lan baldintzak aipatu gabe utzi; izan ere, azken urteetan Hego Euskal Herriko hezkuntza publikoko irakasleak zein sukalde eta garbiketako langileak greba ziklo batean murgilduta daude, eta ez da kasualitatea. Hezkuntza komunitatean lan baldintzak ez dira onak, eta honek ikasketa prozesuan zuzeneko eragina du.

Egungo testuinguruan, gainera, ideia erreakzionarioen gorakada nabaria da, ideia faxista eta erreakzionarioak loratzen ari direla ikusten dugu. Gasteiz eta Leioako unibertsitateetako irakasle faxisten kasuak izan dira ezagunenak, baina kasu gehiago daudela badakigu. Egitura oso bat dago hau baimentzen duena. Eraso hauen aurrean borroka feministak eta borroka independentistak duen garrantzia azpimarratu nahiko genuke, hauek baitira egungo faxismoari ateak ixteko tresna eraginkorrenetarikoak.

Orain dela astebete Jule Goikoetxeak EHUn eginiko elkarrizketa batean hainbat ideia plazaratu zituen:

Ezkerretik eta independentismotik harrotuko den olatua sortzera goaz. Hegemoniak irabazi eta Euskal Herrirako behar dugun hezkuntza aldarrikatuko duena. Hortik etorriko da aldaketa, izan ere, hezkuntza sistema propioak gure araberako egiturak eraikitzea ahalbidetuko digu: Hezkuntza Euskaldun, Feminista, Publiko, Komunitario eta Nazionala.

Badago aukera eta badago mugimendua. Lerratu gaitezen behar dugun hezkuntzaren alde. Martxoaren 20an ikasgelak hustu eta kaleak beteko ditugu. Gora ikasleon borroka!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.