Irakaslea

Hezkuntza sailburu andreari, adeitasunez

Hasier Arraiz
2025eko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun gutxi iragan dira sindikatuek deitutako greba zikloa amaitu denetik, eta espero dut, Pedrosa sailburu andrea, kalean adierazitako indarrak zer pentsatu handia emango zizula. Sindikatuek adostutako aldarrikapen taula zehatza eta xumea izanda ere, hezkuntza arloko langileen eskakizunak, ordea, ez dira horretara mugatzen. Sindikatuek greba egunetara lan baldintzak hobetzeko deitu bazuten ere, egunotan mobilizatu garen irakasle gehienok gure lan baldintzek baino hezkuntza arloko baldintza orokorrek gehiago kezkatzen gaituzte eta.

Azken hamarkadetan hezkuntza arloak, oro har, eta bereziki hezkuntza publikoak izan duen bilakaera benetan harrigarria da. Bertan inplikatuta ez dauden herritarrei hitz gutxitan adieraztekotan, duela hamarkada batzuk hezkuntza sistema ikasleen hezkuntza osoaren zati bat besterik ez zela esango nieke, nolanahi ere, ez zela zatirik garrantzitsuena izaten, etxekoa izaten baitzen nagusia. Orain, aldiz, etxe askotako umeentzat hezkuntza sistema, ia hezkuntza osoa ez ezik, beste ekarpen asko ere egitera behartuta dago. Ikasle horien oinarrizko ongizate materialari eta emozionalari buruz ari naiz, zeinarengatik, inolako prestakuntzarik gabe, irakasleok gizarte langile, psikologo eta beste profesional batzuen lana egunero egitera behartuta gauden.

Hezkuntza publikoa gure gizartean askotan estalita diruditen gaitz guztiak hartzen dituen ontzia da, eta hango miseriak eta hemengo baldintza sozioekonomiko eskasek, biak ala biak aita beraren seme-alabak, sortutako askotariko egoerei aniztasuna izen eufemistikoa ematen zaie. Aniztasun egoera konplexu horren aurrean, herritar batzuen hautua da beren seme-alabak ahal den neurrian babesteko asmoz aniztasun murriztua duen hezkuntza eremura bideratzea, besteengandik segregatzea, alegia. Segregazioa arbuiatzen dugunok, ordea, askotan gaindituta eta beste batzuetan noraezean, zer (eta nola) egin ez dakigula egoten gara. Euskararen egoera da adibiderik argienetako bat: inork benetan uste al du gizartea euskalduntzea posible dela ardura hori bakarrik hezkuntza arloaren gainean egonda?

Hezkuntza publikoak ez luke isurbide bat izan behar, zulodun ontzi hori, non beste gizarte arlo batzuetan sortutako arazoen ondorioak bota eta han nolabait konpontzen saiatu behar dugun, eztanda egin ez dezaten. Euskal gizarteak ulertu behar luke hezkuntza arloan gure gizartearen arazo ugariei eman diezaiekegun ekarpenik baliotsuena dela, hain zuzen ere, belaunaldi berriak ahalik eta ongien heztea, konpetentzietan eta balioetan, norberari lan merkatuan bere lekua aurkitzeko aukera eta bizitzan aurrera egiteko baliabide guztiak eskainiz, herritar osoak izan daitezen.

Azken asteotan mobilizatu garen irakasleok horretan dihardugu, baina herritarren belarriak gozatzeko publizitate kanpainak baino, Pedrosa sailburu andrea, pedagogia pixka bat egin behar zenuke. Pedagogia gizarteari begira, herritar guztiek hezkuntza arloari gaur egun dagozkion erronka nagusiak eta egoeraren larritasuna benetan ezagutu ditzaten, eta pedagogia zeure gobernuari berari begira, erronkei eta egoeraren larritasunari dagozkien baliabideak emateko. Baliabiderik gabeko asmo onak asmo hutsalak besterik ez baitira. Arazo zehatz bakoitzari protokolo bana diseinatzeak ez dakar berez konponbiderik, baliabideak lehengo berberak baldin badira eta bakarrik haien lan zama handia are gehiago handitzea proposatzen baldin bada. Hori galeriari begira egindako komunikazio politika hutsa da, edozein bide egiteko hanka motzak baino motzagoak dituena.

Gainera, azkenaldian, dekretu berriaren ezarpenarekin batera, hezkuntza arloa zeharo eraberritu da. Aldaketak ugariak ez ezik, oso sakonak dira. Hainbeste aldaketa sakon (konpetentziak ezarri eta ondorioz edukietan oinarritutako ikaskuntza sistema hankaz gora utzi izana, metodologia aktiboen aldeko apustua, digitalizazioaren erronka, eremukako lana…) horren denbora epe laburrean eragiteak hezkuntza arloko urak dezente nahasi egin ditu. Ur uherrak nonahi eta, baita hainbat irakaslek ere, nork bere zilborrari begiratzeko jarrera nagusitzen denean, hezkuntza sisteman ikasleen mesedeko aldaketen beharra argi eta garbi aldarrikatu nahi dut.

Azken hamarkadetan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza, zorionez, gehiago eraberritu dira, baina Bigarren Hezkuntza, zer esanik ez Batxilergoa, aspaldi-aspalditik fosilizatuta zegoen. Zentzu horretan, ongi etorria da berrikuntza pedagogikoa, gaur egungo gizartearen (eta batez ere, ikasleen) ezaugarriei eta beharrei modu egokiagoan eta eraginkorragoan erantzuteko asmoz. Arazoa da mutur batetik beste batera egiteko joera ohikoa zaigula. Pentsatu nahi dut ikastetxe bakoitzean, ikasgela bakoitzean, ikasleekin egunero jarduten dugunok berrikuntza guztiak zentzuz orekatzeko modua bilatuko dugula. Izan ere, ikastetxe askotan hausnarketa pedagogiko aberasgarriak egiten ari dira, non tokiko ikasleen beharrei begira ikaskuntza prozesuak eta metodologiak elkarlanean zehazten saiatzen ari den.

Egoera eta erronka berriek guztiok gure konfort-zonetatik ateratzera behartzen gaituzte, baten batek oraindik bereari eutsi nahi badio ere. Nik ez daukat zalantzarik: hezkuntza komunitateko langile gehienak bide berriak asmatzeko eta gauzatzeko talentu nahikoa daukate eta ahaleginak egiteko prest daude. Alabaina, hezkuntza arloko egoeren konplexutasunak eta erronken zailtasunak, Pedrosa sailburu andrea, noranzko argiak eta, batez ere, bideak egiterakoan alde guztien arteko elkarrizketa, malgutasuna eta baliabide gehiago eskatzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.