Tere Maldonado.
Filosofia irakaslea

Hezkuntza Saila, Gaztelua eta auzo-lotsa

2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

Komunitate bateko kide izatearen sentimendu guztietatik banandutako gizabanakoa, lege eta arau ulertezin, kontraesankor eta nahaspilatsuen azpian zapaldua. Aurpegirik eta errukirik gabeko munstro baten aurrean babesgabe. Bidutziak lo dagoela ematen duenean, ez daki noiz esnatuko, ezta erasoa nondik etorriko zaion ere. Dakien gauza bakarra da erasoa etorriko dela, eta etortzean bakarrik eta isolatuta egongo dela.

Honelako gizakia irudikatzen du Franz Kafkak Gaztelua eta Epaiketa bezalako eleberrietan, besteak beste; hortik kafkiar adjektibo ezaguna. Gaztelua da nire faboritoa —nolabait esan—. Protagonistak, lur-neurtzailea ogibidez, bere zerbitzuak eman behar dituen elurtu herrira iristen denean, inor ez dagoela lur-neurtzaile baten zain aurkituko du. Baina negu gorrian gaude, berandu da, gauez, eta oso nekatuta dago; agian ez da hau iritsi beharreko herria, agian galdu da lainoan, hain dago itxita. Momentuz, lo egin nahi du, besterik ez.

Gazteluaren mende dagoen herriko komunitatea etsai agertzen zaio arrotzari, hainbat eratara baztertuz. Berak atzean utzi ditu etxea, senideak, dena, lana eskaini ziotelako. Bilaketa itsu bati ekiten dio Gazteluko arduradun batekin elkarrizketa lortu nahian, egoera azal diezaiokeena. Inork ez du erantzuten, ate guztiak ixten zaizkio. Dena labirintokoa, korapilatsua eta amesgaiztoa da. Bere zerbitzuak eskatu zituen Gaztelua guztiz eskuraezina da. Bitxiki (edo ez horrenbeste), irisgarritasunik ezak morrontza itsua sortzen du herriko biztanleengan.

Protagonista prozesu burokratiko ilun eta bukaezinean murgilduko da Gazteluko agintari eskuraezinek gobernatutako herrian. Klamm izeneko batekin —ustez Gazteluko ​​jauntxo edo funtzionarioetako bat omen dena— egoten saiatuko da, baina ez du lortuko. Gainera, agian ez da Gaztelukoa, den-dena zalantzakorra baita; hala ere, eta badaezpada, menpekoek jauretsi egiten dute Klamm hori, Gazteluarekin ahaide izan zitekeelakoan. Baina ezer ez da dirudiena edo bertakoek esaten duten modukoa. Eta hara doa izenez K. baino ez duena, kale elurtuetan zehar, gertatzen ari dena azalduko dion inor aurkitu ezinik.

Irakurlearentzat, arau ulertezin eta absurdoen nahasian logika bat aurkitzeko protagonistaren tematutasuna bertakoen morrontza bezain larrigarri bilakatzen da. Azken horien Gazteluaren aldeko sakrifizioak eta leialtasunak ez dute ezertarako balio izan, Barnabas-en familiaren historiak islatzen duen legez. Amaitu gabeko eleberria amaitzean zaila da gustatu zaizula esatea. Gustatu ez da hitza.

Baina ona dela esan dezakegu, oso ona. Margotzen duen erretratu aztoragarria gurea izan liteke, gure egoera ondo baino hobeto deskribatzen baitu. Ikusi, bestela, Hezkuntza Sailak administrazio-izapideren bat behar duen funtzionario oro nola tratatzen duen, telefonia- edo argindar-konpainia zakar batek bere bezero gizajoak tratatzen dituen era berean: inolako errespeturik gabe. Imajina dezakezue nola tratatzen dituen interinoak edo ordezkoak.

Zaindu beharreko bermeak erabat desagertzea eragiten duten erabakiak hartzen dituzte. Praktika txarren ondorioz akatsak egiten dituzte, oso kaltegarriak suertatzen direnak funtzionarioentzako, gure eskubideak urratuz eta gure lan baldintzak kaltetuz. Baina inork ez du erantzuten, ez dago azalpenik, ezin da hitz egin gertatutakoa esplikatu dezakeen inorekin, pixka bat lasaitu gaitzakeena, «konpontzen saiatzen ari gara; mesedez, pazientzia izan» edo antzeko zerbait esanda. Ezer ez.

Ezin zara fidatu ere «zure paper guztiak ondo daude» esaten dizutenean, agian okertu baitziren eta orain konturatu dira, eta oso paper garrantzitsua edo prozedura bat edo kode bat falta da, eta ondorioz aurrerantzean zure lanpostua etxetik berrehun kilometrotara egongo da; eman zizuten erreklamatzeko hamar minutuko epea, ez zinen enteratu? Hori ez da gure arazoa. (Harrigarriena da Gazteluaren goialdetik paskinak botatzen jarraitzen dutela Auzolana leloarekin, zergatik egiten dute?).

Auzolana abian ipini ordez, zoratu eta gaixotu egiten gaituzte, literalki. Eta «sindikatu bat behar duzu, ez terapia» elkarri esaten diogunean, animatu nahian, ahaztu egiten zaigu sindikatuak, neurri handi batean behintzat, fagozitatuak, baliogabetuak eta munstroak xurgatuak izan direla dagoeneko. Batzuek, administrazioak eskaintzen ez duen informazio korapilatsua ematen pasatzen dute eguna, ez dagozkien galderei eta kexei erantzuten (eta eskerrak hor daudela gure kezkak argitzeko eta gure ondoeza baretzeko!). Baina horrek ekartzen du erresistentzia edo borroka antolatzeko denbora eta buru gutxiago edukitzea. Etengabe aurrera egiten ari den eskubideen galeraren edo Hezkuntza Sailaren tratu txarren aurrean gaitasunik ez dute, ez dugu, hura geldiarazteko. Horretan datza Gazteluaren eraginkortasuna.

Bien bitartean, Berritzeguneak, ISEI eta enparauak, xurgaturik baino gehiago, Yuppi-munduetan jarraitzen dute, poz-pozik, euren kontuetan murgilduta, berrikuntza pedagogikoaren berri ona lau haizetara predikatzen, konbertitu berrien fede sendoarekin zeinaren aurrean ebidentziak ez du inolako baliorik. Zer esaten duten ere sarri ez dakitela, guztiz ahaztu baitute zer eta nolakoak diren ikastetxe errealak —lokatz gehiegi beren oinetako berrietarako—. Hezkuntza Saila bunkerrean dagoen bezalaxe, hauek beren burbuila koloretsuan. Eta hor jarraituko dute, Gazteluaren itzalean muinoko maldan, patxadaz kulunkatuz, Gazteluko bolizko dorreetatik gure gainean xaboi-ponpak botatzen lotsagabe, goian dauden jauntxoekiko etengabeko gurtzan, esaneko eta manakor. Hauxe dun panorama.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.