Irakasle ordezkoa naiz hezkuntza publikoan, eta etsita nago. Gure kolektiboaren artean harpidetza gehien duen sindikatuko bazkide naiz, eta nekatuta nago. Nire kezkak euskal sindikatuei zuzentzen dizkiet, bereziki Steilasi, ELAri eta LABi.
Joan den hileko greba deialdietan parte hartu dut. Ez zen izan, dena den, erabaki irmoa. Zalantzaz egon nintzen aurreko aste eta egunetan, parte hartu ala ez, eta azkenean batu nintzen egitera. «Zalantza, zergatik?», pentsatuko du batek baino gehiagok, langile klasearen aldarrikapenak era kolektiboan adierazteko modu zuzen eta eraginkorrena greba dugu eta.
Hainbat gauzak eragiten zidaten zalantza: lehenengo eta behin, hilabeteak izan dira sindikatuen aldetik inongo adierazpenik entzun gabe, mobilizaziorik proposatu gabe, eta bat-batean lau greba-egun egiteko berria zabaldu. Zeri erantzuten dio? Orain urtebete itunpeko ikastetxeen langileen alde egindako greba mugagabeekin lortutako aurrerapausoak orain publikoaren alde balantza orekatu nahiari? Ala mobilizazioen agenda modu batean zein bestean bete beharrari? Izan ere, ematen du greba egitea ikasturteko egutegiko beste jarduera bat bihurtu dugula, ikasleekin Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ospatzea bezala.
Zalantza sortu zidan ere greba egitea proposatutako une konkretuak: egokiena ote zen, noiz eta matrikulazio garaia hasi baino pare bat aste lehenago…
Alabaina, egindako aldarrikapenak dira zalantza handiena sortzen didatena. Oro har, horiekin ados egon ninteke (ere), baina ez bakarrik. Azalduko naiz: batetik, idatzizko deialdiaren lehenengo aldarrikapenen artean soldata eguneratzearena azaltzen zen. Ez zait iruditzen gure lanak daukan alderik okerrenetakoa hori denik, inondik inora. Are gehiago, nire inguruan ez dut ezagutzen horregatik kexu den irakaslerik. Ia lotsagarria iruditzen zait, gaur egun pertsona askoren lan-egoera prekarioaz pentsatuz, gure kolektiboarentzako aldarrikapen hori egitea.
Bestetik, ez nuen aipamen idatzirik irakurri, ezta mobilizazio egunetan bozeramaileei entzun, erlijioak ikastetxeetan izaten jarraitzen duen presentziaren kontra. Beste batzuetan hau mahai gainean jarri izan da, eta oraingoan, lortzea ezinezkoa litzatekeen zerbaiten aurrean etsita, ahaztuta ematen du.
Lan-karga handia arintzea aldarrikapenetako bat izan zen. Zehaztapen handiagoaren falta hartu nion, ordea: zein puntutarainoko lan-kargaz ari gara? Bada, uste dut ez dela arraroa suertatuko egiten diren ezkutuko ordu-estra horiei buruz hitz egitea, ikastetxeetan gure lanaldia bukatzen denean, bakoitzak gure etxeetan sartzen ditugunak saioen prestakuntza-lanetan, zuzenketetan eta abar. Agian fitxatzeko makinak jarri beharko lirateke ikastetxeetan…
Baina, batez ere, oinarrizko arazoaren aurrean Eusko Jaurlaritzari eskakizun irmoa ez egiteak sortzen zidan greba bai ala ez egiteko zalantza. Euskal Hezkuntza Sistemaren baitako publiko / pribatu (edo itunpeko, nahi bada) duplizitateaz ari naiz. Sinetsita nago hezkuntza publikoan gertatzen diren desoreka guztien arazo-iturria horixe dela, hain zuzen, eta hori bukatzen ez den bitartean nahi eta ezinean jarraituko dugula. Itunpeko eskoletan sortzen dira lehenengo ghettoak, elite sozioekonomikoaren ghettoak, eta ez dezagun ahaztu, baita euskaldun zurien ghettoak ere, ikastoletan. Horren ondorio da eskola publikoetan pertsona migratuen seme-alabak pilatzearen arrazoia, horrek dakarren lan zama eta behar bezalako hezkuntza eskaintzeko zailtasuna.
Baliabideak itunpeko eskolekin partekatu beharra, beti itunpekoen onerako izango da, hauen hasierako irteera-puntua publikoena baino egokiagoa baita. Hortik aurrerako beste arazo guztiak egoera desorekatu horren ondorio direla ulertzekoa da.
Esandako guztiaren ostean, aitortuko dut: greba egitearen alde nago, bai. Horren eraginkortasunean sinesten dut. Horregatik hain zuzen uste dut ez dela erabili behar minimoen aldarrikapena egiteko, egoerarik hoberena lortzea helburu duenarena baizik.
Ni hezkuntza sistema bakarraren alde nago: publikoa, euskalduna, laikoa, kalitatezkoa, guztiona. Eta horren alde prest egongo nintzateke greba mugagabea egiteko ere.
Zuek? Zeren eta noren alde zaudete?