Artikulu honen egileak Euskal Herriko lurraldeetako ikastoletan, Ikastolen Elkartearen egituretan aktiboki parte hartu eta ikastolekin kolaboratzen jarraitzen dugun 41 ikastolakide gara, orokorrean, guraso juntakide eta kudeatzaile profesional ohiak. Ikastola ereduaren ezaugarri historikoak, zera, euskararen eta euskal kulturaren defentsa eta transmisioa eta Ikastolen dimentsio sozialaren garapena dira gure erreferentzia. Ildo hauek auzolanean ari gara lantzen zenbait ikastolatan. Aurkezpena eginda, EAEko Hezkuntza Legearen Aurreproiektuaren azterketari ekingo diogu.
Aurreproiektuaren eztabaida sozialari dagokionez, biziki kezkatu gaitu zer-nolako giro zakarra sortu den Ikastolen aurka Euskal Eskola Publikoaren aldeko eragile eta gizatalde sektore baten aldetik. Baina ez gara ika-mikatan hasiko, hor uzten dugu gaia, gure iritziak eta aukerak tonu propositiboan plazaratu nahi ditugu eta.
Aurreproiektuaren nondik norakoa hain zabala izanik, gure izaerarekin bat datozen zenbait gaitan zentratu nahi dugu gogoeta, ikastetxeen autonomia eta Udal-Kontseiluen zeregina. Eta herri-ildoa (Euskal Herria) kudeaketaren ikuspegitik ere aztergai izango dugu.
Ikastetxeen autonomia. Geu gure esperientziatik abiatzen gara. Ikastolon izaera herritarrari eutsiz, herriz herri guraso edo/eta eskola komunitate osoaren herri onurako kooperatibak eratu ditugu, irabazi-asmorik gabeak, gure Hezkuntza Proiektuen garapena bermatzeko kudeaketa integrala (pedagogia, administrazioa, gai laboralak, inbertsioak...) eta gardena (gure kontu ikuskatuak Kooperatiben Erregistroan daude) egin ditugu eta elkarlanean ikastola guztientzat Euskal Herriko Ikastolak (EHI) Europar Kooperatiba Elkartea sortu. Ibilbide honi esker, gure emaitza pedagogiko eta ekonomikoen erantzuleak gara.
Maila handiago edo apalagoan EHIn biltzen diren ikastola guztiek ezaugarri hauek betetzen dituzte. Segur aski, asko dugu hobetzeko, baina talde ekarpena hortxe dago, gobernantza eredu herritarra, komunitarioa.
Aitzitik, EAEn eratu den gobernantza sistema zentralista dela esan daiteke. Madrilen indarrean zegoena Gasteizera ekarri eta 1993an Eskola Publikoarentzat Lege bihurtu zen.
Europako Batzordearen 2017ko txosten batek, kate luze baten begia baino ez denak, eskola-sistemetako gobernantza-politiken eta praktiken azterketa konparatua egin ondoren, zera ondorioztatzen zuen: «Gobernu eta kudeaketa-politiken eta praktiken erreformak funtsezkoak direla eskola-hezkuntzaren kalitate orokorrarekin lotutako erronkei aurre egiteko eta, bereziki, ikasleen arteko emaitzen aldea murrizteko […]. Langileen kudeaketari eta curriculumaren prestakuntzari buruz eskolek autonomia handiagoa izateak eragin positiboa du kalitatean, eskoletako hezkuntza eragileen erantzukizuna eta hezkuntza-lidergoaren maila hobetzeko neurriekin lotuta dagoelarik». Gaiari jarraituz beste konstatazio bat, hauxe geurea. Europan gurea bezalako gobernantza sistema salbuespena dela, «salbuespen iberiko nabarmena»
Aurreproiektura itzulita, bere edukiak antz handiegia du 93ko Eskola Publikoaren Legearen edukiarekin. Ez al dago modurik Europako Batzordeak aipatzen dituen arloetan (langileen adskripzioa eta kudeaketa, curriculumaren prestakuntza eta lidergoa) ikastetxeen berariazko nortasuna adierazteko eta aitortzeko?
Hezkuntza Akordioak berak aurreikusten dituen Kontratu Programen bidez, ikastetxe desberdinen eskutik esperimentazioak eginez eta ebaluatuz, urrats esanguratsuak egin litezke. Sistemaren kogobernantza ere auzolanerako benetako aukera!
Udal-Eskola Kontseiluak eta udalak. Orain arte, oso apala izan da haien ekarpena eskolaren gobernantzan: udalerriko eskola egutegien egikera koordinatu, Eskola Publikoetako mantentzea edo ikastetxeak eraikitzeko lurzoru publikoa lagatzea... Orokorrean zeregin administratiboak, udalek Europan jokatzen duten rol garrantzitsutik oso urrun!
Geuk beste aukera batzuk ikusten ditugu, hots, herriko ikastetxe desberdinen arteko elkarlanaren sustatzaile eta bultzatzaile papera: euskalduntzean (eskolaz kanpoko ekintzetan, gazte arnasguneen antolaketan), segregazioaren aurkako zeregin pedagogikoaren koordinazioa (ez bakarrik ikasleen esleipen administratiboa), edota herriko curriculumen egikaritzea... Udaletatik ere dinamika berriak, berritzaileak eta esperimentazioak bultzatu behar dira auzolanean. Seguru asko, ikastetxe guztien nortasuna aitortuz, tokiko ikastetxe guztien elkarlanerako biderik eraginkorrena. Egungo Legediak Udalen zeregina mugatzen du, baina ez du debekatzen beste erakunde publiko eta pribatuekin batera kolaboratzea.
Herri-ikuspegia (Euskal Herria). Kudeaketa-mailan, gure ustez, hankamotz geratzen da. Adibidez, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan eta Euskal Herriko ikastetxeen arteko interkooperazioan ahalegin handiagoa egin beharko litzateke. Adibidez, 3/2004 Euskal Unibertsitatea- Sistemaren Legearen 2. artikuluan (EHAA-2004-03-12 eta BOE- 2011-11-19) ondorengoa agertzen da: «Sistemaren barruan harremanak eta lankidetza sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko etorkizuneko proiektua edo euskararen kultura partekatzen duten beste lurralde batzuetan kokaturiko beste unibertsitate-erakunde batzuekin; sustatze-lan hori irakaskuntza, ikerketa eta ekimen kulturalak koordinatuz egingo da, eta aipatutako unibertsitate-erakundeetako ikasle zein irakasleen arteko mugikortasunaren bidez, euskararen erabilera bultzatzeko, eta hori guztia Europako nazioen eremuan. Lehentasunezko harremanak ezarriko dira Euskal Herrian kokaturiko gainerako unibertsitateekin». Halako zerbait Hezkuntza Lege berriaren edukira ekar liteke, testu honen bertsio eguneratua eta egokitua eginez.
Ondorioz, gobernantza atalean aurrerapen gutxi. Urrunago iritsi nahi baldin badugu, batera saiatu, ausartu, arriskatu, esperimentatu eta ebaluatu beharko da; benetako elkarlana. Gure ustez, aukerarik eraginkorrena etorkizunerantz aurreratzeko!
Hezkuntza Legearen Aurreproiektua, etorkizunerako aukera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu