Erreforma garrantzitsuen urtea izaten ari da 2022a: lan eta hezkuntza erreformak, Segurtasun Nazionalaren legea... Ez da aztia izan beharrik ikusteko aldaketa garaiak bizi ditugula —gerra bat ere hortik omen dabil—. Ikasle naizen aldetik, kezkaz bizi dut hezkuntza pairatzen ari den gainbeheraldia.
Espainiako Estatuan goi mailako ikasketak dituzten gurasoen seme-alaben artean %3,6koa da eskola uztea; lehen mailako ikasketak dituztenen edota ikasketarik ez dutenen artean, berriz, %39,2koa. Hezkuntzaren finantzaketa publikoa 800 milioi euro jaitsi da azken hamar urteotan, pribatuena beste horrenbeste hazi den bitartean. Horrela, hezkuntzako gastuen geroz eta zati handiagoa ordaindu behar dute langile klaseko familiek; 2004tik, %50 hazi da familiek seme-alaben hezkuntzan gastatu beharreko dirua. Datu horiek islatzen dutena zera da, klase sozial bateko ala besteko pertenentziak ikasleon etorkizuna determinatzen duela; hau da, hezkuntza sistema tresna segregatzaile bat dela kapitalismoan.
Hezkuntza sozialki determinatuta egonda ere, esan behar da aurrerakuntza handiak ekarri dizkiola gizarteari: aurkikuntza zientifikoak, aurrerapenak medikuntzan... Baina hezkuntzak aldaera okerrak ere izan ditu. Besteak beste, XVIII. mendean eskolaren masa ideia gizarteratzen denean, ume asko eskolaratzen dira beren gaitasun fisiologikoak areagotzeko, hots, fabrikan egiten zituzten lanetan trebezia eta pairamen handiagoa izateko. Beraz, helburu bakarra lan-indar merkea sortzea zen. Horretarako ere baliagarria izan da hezkuntza (kapitalistentzat, zehazki).
Hezkuntzaren funtzio nagusia formaz aldatu bada ere, funtsean bera izaten jarraitzen du: merkatuaren beharraren araberako jakintza erakustea. Baina zein dira aldaketa nagusiak? Batetik, XXI. mendeko gizartean indar produktibo industrialak oso garatuak daudenez, garapen horrekin bat datorren langile eredua sortu behar da: prekaritatean eta langabezian biziko dena, diru gutxirekin eta are eskubide gutxiagorekin biziraun beharko duena... Horregatik, esku-hartze kulturalak —uler bedi kultura munduan parte hartzeko nahiz mundua bera ikusteko modu gisa— geroz eta garrantzia handiagoa du. Hain zuzen ere, langileria xumeak bere izate sozialaren kontzientzia har ez dezan, alienatzeko eta ergeltzeko bitartekoak behar ditu burgesiak. Bide hori elikatzeko ezinbesteko tresna da hezkuntza gaur egun.
Beste alde batetik, Ongizate Estatuaren hegemoniarekin, irakaskuntza formala eskubide zabal eta hedatu bat izan zen, hau da, hezkuntza masa eredu gisa finkatu zen. Orain, ordea, Ongizate Estatuaren suntsiketarekin batera masa eredu horren agorpena ikus daiteke. Hezkuntzaren elitizazio prozesua bizi dugu: langileria xumea ikasketa prozesu formaletik kanporatua izaten ari da. Burgesiak gastu sozialerako duen aurrekontua sakonki murriztu du, baita hezkuntzan ere. Joera hori ez da ausazkoa, ezta politikari jakin batzuen ideologiaren araberakoa ere, ziklo ekonomiko berriaren berezko ezaugarria baizik. Lan prozesuan makinek eta robotizazioak duten pisuari erreparatzen badiogu, geroz eta eskulan gutxiago beharko da. Jada ez da errentagarria guztion hezkuntzan inbertitzea.
Horiek horrela, garai berriotan hezkuntza gutxi batzuen diru iturriak bermatzeko negozio izango da. Zergatik hazi da multinazionalen eta espekulatzaileen inbertsioa hezkuntzan azken urteetan? Borondate onez biztanleriaren ongizatea bermatu nahi dutelako akaso? Argi dago ezetz. Orain artean estatuak modu zuzenean kontrolatzen bazuen hezkuntza sistema, bihar enpresa jakin batzuen gain egongo da horren gestioa zein kontrola. Horren adibide dira enpresa digitalek egin dituzten hitzarmenak gobernu ezberdinekin.
Honaino iritsita, galdera hau etor dakiguke burura: zer egin basakeria guzti honen aurrean? Lehenik eta behin, arestian aipatutako gertakizunak formalizatzera datozen erreformak seinalatu behar dira, pribatizazioa aurrera eramateko oinarri juridiko eta materiala finkatuko baitute. LOMLOE, LOSU, Lanbide Heziketako plana, Bizikidetza Legea eta adostu berri den EAEko hezkuntza legea dira urte batzuetara hezkuntza pribilegio bilakatuko duten erreforma multzoa. Alderdi politiko instituzional gehienek aitzinamendu eta modernizaziorako lege gisa saldu nahi izan badituzte ere, jakin badakigu zertara datozen legeok: elitizazioa eta gizarte-bazterketa indartzera.
Egoera honi aurre egiteko, Ikasle Abertzaleok martxoaren 24an kaleak hartzeko deia egiten dugu. Mobilizatzea nahitaezkoa izango da etorkizuna irabazi nahi badugu. Era berean, erreforma horien izaera erreakzionarioa adierazteaz gain, garrantzitsua da bestelako logika bat sustatuko duen hezkuntza eta gizarte eredua irudikatzea. Zertarako mugatu orain duguna defendatzera, posible bada gizakiaren beharretara egokituko den hezkuntza eta gizartea eraikitzea? Gizartearen ongizate unibertsala erdigunean jarriko duen hezkuntza da guk defendatzen duguna, gizakiaren potentzia intelektualak, artistikoak, moralak... garatzeko baldintzak ezarriko dituena: hezkuntza sistema sozialista.
Hezkuntza legeak, klasea eta gizartea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu