Hezkuntza bidegurutzean (VI)

Hezkuntza Legea, zertarako?

Aitor Idigoras Lasaga - Steilas sindikatuko kidea
2021eko otsailaren 16a
07:21
Entzun

Edozein legek bere eraginpean dauden pertsonen bizi baldintzen hobekuntza ekarri beharko luke, hori izan beharko litzateke helburua. Hezkuntza legeek herritar guztiengan eragiten dute, zuzenean edo zeharka; baina, edonola ere, herri baten garapen demokratiko eta jasangarria zuzen-zuzenean baldintzatzen dute. EAErako onartzea aurreikusten den Hezkuntza Legearen zehaztapenen garapenean, Steilasek proposatzen du jarrera aldenduak izan ditzaketen eragileen arteko elkargunea hori izatea: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ume, gazte eta gainontzeko herritar guztien bizi baldintzetan hobekuntzak ekar ditzan eta herri kohesionatuago bat eraikitzeko balio dezan.

Eragileok azken urte hauetan tarteka aipatu izan dugu balizko hezkuntza legea. Iruditzen zaigu sarritan errealitatetik urrun samar dauden diskurtsoak bota direla, eta horiek espektatiba gehiegi sortu dute herritar askorengan. Hezkuntza legeak aukerak eskaini ahalko lizkiguke, hala da, baina ez digu hezkuntza sistema propio bat garatzeko balio izango. Jakina da LOMLOEren pean garatuko dela EAErako hezkuntza legea. Beraz, erlijioa eskaintzen jarraitu beharko da ikastetxeetan, ikasmaterial guztiak Madrilgo goi ikuskaritzak berrikusiko ditu eta gazteleraren presentzia bermatu beharko da hezkuntza sisteman. Familien «ikastetxea aukeratzeko eskubideak» ere bere horretan jarraituko du, ez baitzaio mugarik ezartzen administrazio bakoitzaren eskaintzaren planifikazio ereduari. Horrela, ikastetxe publiko eta itundu guztiek (ikastola itunduak barne) Madrileko araubidearen pean jarraituko dute. Estatu espainiarraren zein Jaurlaritzaren hezkuntza politiken oinarri den itunen bidezko hezkuntza kooperatiba eta fundazioen bidez hedatzen jarraituko da, batez ere. Erkidegoko legea garatzeko oso marko estua izaten jarraitzen dugu eta hezkuntza publikoaren sustapena itxurakeria besterik ez da, nahi izango genukeen hezkuntza sistema propiotik oso urrun, beraz.

Edonola ere, hezkuntza lege baten beharraren zergatiak jakin gabe jarraitzen dugu. 2019ko martxoaren 29an argitaratutako Kontsulta publikoa, euskal autonomia erkidegoko hezkuntza legearen aurreproiektua egin aurretikoa idatzian, Jaurlaritzak modernizazioa, bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa eta ikastetxeen autonomia aipatzen zituen legearen ardatz gisa. Horretarako ez da hezkuntza lege berririk behar. Titulartasun pribatuko ikastetxeetako patronalek, aldiz, lege bat eskatu izan dute beren ikastetxeen finantzaketa areagotzeko. Euren ustez hezkuntza lege bat behar dugu hezkuntza sistema propioa eraikitzeko, «espainiar eta frantziar hezkuntza sistemetatik deskonektatuko gaituen legea behar dugu, akordioa lortu eta geure legea eraiki, espainiar eta frantziar legedietan jasotakoa kontuan eduki barik». Gure ustez, LOMLOE bide propioa eraikitzeko tresna baino, Estatuak bilatzen duen desarautze eta liberalizazio bideak indartzen jarraitzeko akuilua da.

Steilasek garbi du EAEko hezkuntza sistemak behar eta gabezia nabarmenak dituela: euskararen egoera gure hezkuntza sisteman, ikasleen ezagutzen jaitsiera, ikasleen onarpena, titulartasun pribatuko ikastetxeen finantzaketari buruzko auditoria garden eta publikoa, hezkuntzako langileon sarbidea, familien parte hartzea, haur hezkuntzako lehenengo zikloaren egoera, langileon lan baldintza duinak bermatuko dituzten akordio egonkorren beharra... gehiago itxaron ezin duten erronkak dira horiek guztiak. Eta erronka horiek ez dira zertan lege batean barne bildu behar. Eraginkorragoa litzateke gai bakoitzari aparteko trataera ematea, inplikatutako eragileen arteko negoziazioaren bidez eta berariazko arauak garatuz, beharrezko denean.

Hala ere, egia da arazo horietako askok iturburu bat dutela, gure hezkuntza sistemaren sakoneko arazo nagusienetakoa dena eta trataera global bat eskatzen duena: egun dagoen eskaintzaren gehiegizko dibertsifikazioa. Eskaintza horrek sistema modu neurrigabean atomizatu du. Ondorioz, arauen eta betebeharren gehiegizko malgutasunak arrakalak sortu ditu ikastetxe batzuen eta besteen artean, baita herritar batzuen eta besteen artean ere. Steilasen ustez, hezkuntza sistema batek bertako biztanleen jatorrizko ezberdintasunak konpentsatzeko balio ez badu, ez du balio. Egoera horri aurre egiteko ez da berariazko legerik behar, nahikoa litzateke borondate politikoa eta sentikortasun pixka bat. Baina, zoritxarrez, jendarte kohesionatu bat lortzeko borondate politikoa eta sentikortasuna zenbatekoak diren agerian geratu zen Euskal hezkuntza sisteman kohesioa eta berdintasuna hobetzeko Legegintzako Herri Ekimena 17.000 sinaduren bermearekin aurkeztu zenean. Legebiltzarrean eztabaidatu ere ez zen egin EAJk, PSEk eta PPk atzera bota zutelako. Hiru talde horietan gardenena PP izan zen. Bere bozeramale zen Juana Bengoetxeak zera adierazi baitzuen orduko hartan: «LHE onartuz gero, ikastetxe itundu guztiak bat-batean desagertuko dira». Esan zuenak baino, esan ez zuenak kezkatzen gaitu, hots, ikastetxe itundu gehienak segregatzaileak direla.

Argi dugu, beraz, ikastetxeen publifikaziorako bideak irekitzea hezkuntza lege batek herrigintzari egin beharko liokeen ezinbesteko ekarpen bat dela. Batetik, egun bizi dugun eskaintzaren gehiegizko dibertsifikazioa bateratzen lagunduko lukeelako; eta, bestetik, ixtear egon daitezkeen ikastetxe itunduetako langile eta ikasle askorentzat irtenbide duina delako ikastetxea publifikatzea. Zoritxarrez, EAJren azken urteetako hautua pribatizazioa izan da, haur hezkuntzako lehenengo zikloarena eta lanbide heziketarena, batik bat. Diru publikoz hornitutako haur hezkuntzako lehenengo zikloaren eskaintza bakar eta publiko bat egituratzea premiazko kontua da. Lanbide heziketan ere hezkuntza lege batek eskaintza publiko eta euskaldunaren zabalkundea sustatu beharko luke. Halaber, aipagarria da, LOMLOE legeak lan-legepeko hezitzaileen lana pribatizatzeko aukera indartu duela. Marko horren aurrean, Jaurlaritzak ikasle guztien hezkuntza publiko eta duin bat izateko eskubidea bermatu behar du, eta hezkuntza publikoa bere osotasunean indartzeko eta EAEko hezkuntza politiken ardatz bilakatzeko konpromisoa hartu beharko luke.

Amaitzeko, Gasteizeko legebiltzarreko gehiengo eta gutxiengoez harago, Jaurlaritzari hezkuntza eragileokin akordioak bilatzen saiatzeko deia luzatu nahi diogu. Steilasen ustez hezkuntzako langileon etorkizuna hezkuntzaren sistemaren etorkizunari lotuta dago, eta hezkuntza sistemaren etorkizuna langileon lan baldintzei; batak bestea gabe, ez du etorkizunik.

BIHAR:

Mikel Ormazabal (Kristau Eskola): 'Hezkuntza propio baten alde, balioduna eta balioetan oinarritua'.

Hezkuntza bidegurutzean seriean argitaratutako iritzi sorta, hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.