Hezkuntza Legea: garaipena baino, borrokatzeko beste arrazoi bat

Amaia Arbeo Sarriugarte
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Eztanda egitea deritzo zerbaitek leher egitearen ekintzari. Bada, Ikama ikasle antolakundetik denbora dezente daramagu eztanda egin duen hezkuntza sistema baten aurrean gaudela esaten. Izan ere, duela 50 urteko molde pedagogiko berdinekin jarraitzen dugu eskoletan, ikastetxe eredu berdinekin, eduki berdinekin... Produkziora edota gizartearen sostengura bideratutako herritarrak sortzeko helburua du soilik egun dugun hezkuntza ereduak, kontuan hartu gabe gure garapen pertsonalean ditugun premia guztiak (arlo emozionalean, kognitiboan, interpertsonalean...).

Hezkuntzak egun duen estigma honen ondorioa da. Ez zaio inolako garrantzi eta aitortzarik ematen, ez instituzionalki, ezta sozialki ere. Eta ezin dugu ahaztu hezkuntza gure oraina eta etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko tresna dela, baldin eta modu egoki batean erabiltzen badugu.

Esan bezala, hezkuntzak jendarte hobe baterako bidean erdigunea hartu beharko luke. Baina, beste behin ere, kalkulu elektoralez betetako prozesu baten ostean, Euskal Autonomia Erkidegorako lortutako hezkuntza akordioaren zirriborroak ez zuen hezkuntza erdigunean jartzen. Izan ere, ezin dugu hezkuntza akordioa bera sistema kapitalista neoliberalaren atzaparretatik aldenduta ulertu, non enpresari handi eta politikarien gain jausten den azken erabakia, interes ekonomikoek eztabaidaren erdigunea hartzen dutelarik. Hezkuntza komunitatearen presioz, badirudi akordio honetan aurrerapausoak eman direla eta honako hau duinduko dutela. Baina nork jarriko ditu akordio hau aurrera eramateko bermeak? Hasiera batean hezkuntza komunitateari entzungor egin zieten berdinek? Ikamatik argi dugu, hezkuntza komunitateko kideok gure interesengatik borrokatu ezean, ez duela inork egingo. Ikasleongandik hasi eta hezkuntza komunitate osora zabalduz, EAEko hezkuntza lege zein datozen aukera berriak baliatu behar ditugu kalitatezko hezkuntza baten bidea egiteko.

Instituzioen arduragabekeriaren aurrean, ikasleok argi dugu gurea Euskal Eskola Herritar eta Burujabea izango dela, edo ez dela izango. Hezkuntzak doakoa eta kalitatezkoa izan behar du ikasle guztiontzat. Gutako bakoitzak aukera izan behar du bere herrian ikasi ahal izateko, inolako baldintzarik gabe. Hezkidetzan oinarritutako hezkuntza sistemaren alde aldaketak egiten hasi, feminismoak hezkuntza sistemaren oinarri izan behar du, eta ez zeharka lantzen den zerbait. Horrez gain, euskararen aldeko murgiltze plan eraginkorrak behar ditugu; euskaraz ikastetik haratago, euskaraz duintasunez bizi ahal izateko plan integral baten garapen eta inplementazioa. Nola ez, ezin dugu ikasketa prozesu egoki bat bermatu ikastetxeetako ratioak jaitsi ezean (langileen lan baldintzak duinduz eta hezkuntzaren kalitatea handituz). Gainera, eskoletako espazioa birmoldatzea ezinbestekoa da, irisgarria izateaz gain, ikasle guztiok tokia izan dezagun segregaziorik gabe. Bestetik, zenbaki bilakatzen gaituen ebaluazio sistema amaitu eta bakoitzak eskuratzen dituen gaitasun eta konpetentzietan oinarritutako hezkuntza ibilbide bat osatu behar du etorkizuneko sistemak. Honetarako berme bakarra curriculumak Euskal Herrian diseinatu eta ikastetxe bakoitzari hauek dituen beharren arabera moldatzeko malgutasuna ematea izango da.

Esandako guztiagatik eta gehiagogatik, egungo hezkuntza sistemak aldaketa behar du. Guk, gure aldetik, lanean jarraituko dugu herri honek merezi eta behar duen hezkuntza ereduaren alde. Oraingoan bai, ikasleon ahotsak entzun beharko dituztelako, martxoaren 29an Euskal Herriko kaleak betetzera deitzen zaituztegu.

Hezkuntza sistema aldatzeko ezinbesteko tresna delako, gora ikasleon borroka!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.