Aitor Idigoras.

Hezkuntza lege berria neoliberala izango da

2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Dirudienez, hilabete batzuk barru hezkuntza lege berri bat izango dugu. Bitartean, hainbat neurri hartzen ari dira jada eta lege horren zirriborroa plazaratu da. Eta ikusten ari garena kezkagarria da. Artikulu honetan, alderdi bati helduko diogu: arlo batzuetan indartuko den desarautzea. Ikastetxe bakoitzaren esku geratuko baita oinarrizko eskubideak bermatu ala ez.

Datorren hezkuntza lege berriaren ondorioz, hezkuntza sistema ulertzeko modu hori indartu egingo da. Adibide grafiko bat: ikastetxe bakoitzaren hizkuntza proiektuaren esku geratuko da euskara ikasteko eskubidearen bermea. Orain arte ere, de facto, gehiegizko malgutasuna egon den arren, etorkizunean administrazioaren esku-hartzea are gehiago murriztuko da.

Ikasleen onarpenaz gauza bera esan dezakegu: ikastetxe guztiek onartu beharko omen dute gutxieneko ikasle zaurgarri kopuru bat. Behartutako «banaketa» hori sistemaren porrotaren adierazle nagusia da, sistema baztertzaile bat gainditu ezinaren seinale. Ikastetxe itunduek (hala izaten jarraituko baitute) ikasleak jatorri sozioekonomikoaren eta sinesmenen arabera aukeratzen jarraitu ahal izango dute. Hori da eskola segregazioaren jatorria, eta, ikasleen hautaketa ekiditeko neurri eraginkorrak hartzen ez diren bitartean, Europa osoko hezkuntza sistema klasistenetariko bat pairatzen jarraituko dugu. Eskola berdinzalez osatutako sistema inklusibo bat sustatu beharrean, ikastetxe segregatzaileentzat berariaz egokitutako ikasleen onarpen sistema sortuko da, ikasle zaurgarri kopuru bat, behintzat, onartu dezaten beraien hezkuntza komunitatean homogeneotasun soziala hezkuntza proiektuaren ardatza izatea ahalbideratzen zaien bitartean. Baina euskararekin bezalaxe, inklusioaren arloan ere, administrazioa izan beharko litzateke, akordioekin edo akordio gabe, eskubideen bermatzailea. Ezin da ikastetxe bakoitzaren «izaera propioaren» edo «idearioaren» eskuetan utzi ikasleen onarpena, diru publikoz hornituta dagoen bitartean behintzat.

Jaiotza kopuruaren jaitsiera aukera paregabea izan zitekeen hezkuntza eredu baztertzaile eta liberala gainditu eta administrazioak egiten duen ikastetxeen plangintza mugatzeko, ikasle guztien oinarrizko eskubideen bermea oinarri hartuta eta itunpeko eskola segregatzaile kopurua murriztuz. Aldiz, azken hilabetetan hartu diren erabakiek agerian utzi dute ikasleen euskara ikasteko eskubidea eta ikasle guztien inklusioa ez direla lehentasunak, ikastetxe pribatu-itunpeko guztiei, inongo bereizketarik gabe, bere horretan betikotzeko erraztasun handiak eman baitzaizkie. Izan ere, «Euskal Hezkuntza Zerbitzua» eraikitzen hasteko, ikastetxe pribatu-itunpekoek jasotzen duten hornikuntza publikoa igo dute aurten ere (%17 azken bost urteetan, Steilasen datuen arabera), itunak lortu ahal izateko ikasle kopurua jaitsi diete ikastetxe horiei eta bi urteko gelak ere itundu dituzte. Gogoratu dezagun ikastetxe pribatu-itunpekoen artean gehienak kristauentzako eskolak direla (sistemaren %35 gutxi gorabehera) eta ikastola kontzertatuak sistemaren %15 direla. Titulartasun pribatuko ikastetxe gehienen ardatzak sasi-eleaniztasuna, komunitatearen homogeneotasun soziala eta erlijio katolikoa dira. Agerikoa da ezarri nahi den legea oinarri sendoa izango dela zentro horien biziraupenerako.

Izan ere, akordio politikoaren gako pribatizatzaile nagusia sistema ulertzeko moduan dago: erakunde autonomoz eta independentez osatutako sistema bat izango dugu, ikastetxeen «izaera propioa» ukiezina izango da, «deszentralizatua», produktuaren kalitatearen araberako baliabideak esleituko dituena (ez beharren arabera) eta izaera publikoa eta pribatua bateratzen saiatuko dena. Administrazioaren esku-hartzea mugatu nahi dute, eta eskola publikoek ikastetxe pribatuen arau malguen ekosistema lehiakorrean egin beharko dute igeri, eta ez alderantziz. Enpresa munduaren logika indartuko da (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundetik eta Europar Batzordetik agindu bezala). Ondorioz, darwinismo soziala sustatuko da hezkuntzan. Horregatik, lobby batzuen babesa duten ikastetxe pribatu-itunpeko baztertzaileak mantentzeko, solemnitatez betetako agerraldi hutsaletan, politikariek aurrepolitika dena berrikuntza iraultzaile gisa aurkeztu digute herritarroi: ikastetxe horiek diru publikoa jasotzeko baldintza batzuk bete beharra, alegia (baldintza horiek lehenagotik ere idatzita ez baleude bezala). Eta baldintza horiek betetzen dituzten ikastetxeak izango omen dira EAEko «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren» parte.

Baliteke, hezkuntza publiko bateratua oso zabalduta dagoen herrialde handietan eta eskola-segregazio tasa txikiak dituzten horietan, politika dezentralizatzaileak egokiak izatea, hurbiltasuna eta komunitatearen indartzea sustatzeko balio baitezake. Baina bi miloi biztanle pasa dituen herrialde txiki bateko administrazioak egiten duen hezkuntza eskaintzaren erdia pribatua denean, deszentralizazioak eta sistemaren desarautzea ahalbideratzen duen autonomiaren indartzeak erruleta errusiar bilakatzen dute sistema. Horregatik da ezinbestekoa «deszentralizazioari» ekin aurretik, sistema bateratu eta berdinzaleago bat egituratzea, eskola publikoaren perimetroa zabaltzea eta hegemoniko bilakatzea. Kontrakoa sistema pribatizatzea eta desarautzea da, eta herri proiektu bateratu eta sendo batetik aldentzen gaitu.

Laburtuz, galtzeko asko eta irabazteko ezer gutxi dutenekin lotu dituzte akordioak, irabazteko asko eta galtzeko ezer gutxi duten horiekin lotu beharrean. Arriskurik gabeko akordio politikoa izan da, eta betikoen pribilegioak mantentzeko legea eraikitzen lagunduko du. Horregatik izango da lege neoliberal bat, berriro ere ikastetxe pribatuetako jabeei, bezeroei eta beraien seme-alabei gainontzeko herritarrei baino eskubide gehiago aitortuko dizkielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.