Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideak

Hezkuntza lege berria: eskola publikoaren kontrako prozesu baten kronika

Arantza Fernández de Garaialde eta José Manuel Martínez
2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Onartu berri den Hezkuntza legea berria bezain txarra dugu. Bere tramitazioaren prozesu osoan zehar, sektore sozial zabala agertu da lege horren mamiaren kontra, eta handiagoa izan da oposizio hau bere onespenaren aurrean. Gertatu denaren balorazioa eta hausnarketa plazaratu nahi dugu.

Ez dugu uste azken momentuan onartu edo baztertutako ekarpenek zapuztu dutenik ordura arte ona zen legea, hasiera-hasieratik lege horren planteamendua eskola publikorako kaltegarria zelako: sare publikoa eta pribatua parekatzen dituen legeak ez dio sekula segregazioari aurre egingo, ez ditu interes pribatuak interes komunaren menpe jarriko, eta ez du bermatuko ikasle guztien hezkuntza euskalduna berdintasunean jasotzeko eskubidea. Lege berria egiteko lehen urratsak egitearekin batera, Hezkuntza Sailak hezkuntza-kontzertazioaren moduluak diru gehiagoz hornitu eta denboran luzatu, diru-laguntzak zabaldu, eta planifikazioa eta zonifikazioa sare pribatuaren alde moldatu zituen. Legearen prozesua ildo pribatizatzaile horretatik joan da beti, bere oinarria ikastetxe publikoek zein pribatuek Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa osatzen dutela baita.

Zalaparta handia sortu du PSEren inposizioak, zeinak legean hizkuntza ereduak mantentzen direla adieraztea ekarri duen. Txarrerako aldaketa izan da eta EH Bildu kontra bozkatzera behartu du, baina, 2022ko Akordioan eta ondorengo aurreproiektuan ere, ez da jaso inolako bermerik D eredua murgiltze sistema izaten jarraitzeko, edota sare pribatuko A eta B ereduak bertan behera uzteko. Oraingo erredakzio txarrak ez ditu on bihurtzen aurrekoak. Zirriborroek ez zuten inolako aurrerapausorik ezartzen euskalduntzearen alde ekiteko.

Legearen oinarrian ez dago hezkuntza eragileekiko adostasun historikorik, baizik eta 2020ko udazkenetik aurrera alderdi batzuen artean garatutako negoziazioa; EAJk eta EH Bilduk, gutxienez, goraipatu dute haien arteko hiru urteko lankidetza. Negoziazioak hasi eta urtebete beranduago, hezkuntza eragile askok (sindikatuek, patronalek, guraso elkarteek, tokiko plataformek, ikastetxeek, adituek... guztira 90 inguru) informazioa jaso eta iritzia emateko aukera izan zuten Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Legearen bultzatzaileek eragileen atxikimendutzat aurkeztu zituzten batzorde hartan esandakoak, hainbatetan erabateko kontrakotasuna adierazi arren. Ustezko adostasunaren giro hartan iritsi zen Legebiltzarraren %90eko babesa 2022ko apirilean (gutxi iraun zuena, Podemosek epe laburrean alde egin zuen eta). Ordezkaritza handia zen, nahi beste lege onartzeko nahikoa, baina eragileen babesik ez da inondik inora gauzatu prozesu osoan zehar; izan ere, Euskadiko Eskola Kontseiluan patronalak soilik agertu dira administrazioarekin batera legearen alde. Eskola publikoaren aldekoek, aldiz, kontrako jarrera adierazi, eta kalean manifestazio erraldoiak antolatu dituzte.

Lege berri honek babes legala emango dio EAEn aspalditik ezarrita dugun kontzertazio unibertsalari. Kontzertazio horrek ahalbidetu du sare pribatuaren gehiegizko presentzia eta ez familien aukerak. Hamarkada luzeetan sare pribatuaren aldeko politikek marraztu duten hezkuntza sistema desorekatuak premiazko neurriak eskatzen ditu sare publikoaren eta interes komunen alde. Ikastetxeen plangintza, zonifikazioa eta matrikulazio kanpaina instituzionalak horretara bideratu beharko lirateke. Horren ordez, hezkuntza politikak ezartzean, familien ustezko hautuak jartzen dira aitzakiatzat sare pribatuen interesen alde jokatzeko.

2022ko maiatzean Bildarratzek sindikatu gehienekin sinatu zuen akordioaren edukiak ez du zerikusirik legearekin, baina sailburuak sindikatuak bereganatuta zituela adierazteko baliatu du. Sindikatu batek bakarrik, 2023ko maiatzean, Arantzazun, sinatu zuen akordio orokorra Hezkuntza Sailarekin.

Prozesu honetan mahai gainean jarri diren planteamenduak, eta legeak jasotzen dituenak, historian zehar irakaskuntza pribatuaren patronalek eskatutakoak dira. EAEn patronalak anitzak dira, hezkuntza eredu anitz garatzen dituzte, baina sare berekoak dira, eta haiei guztiei interesatzen zaie diru gehiago jasotzea, sare publikoaren kalterako baldin bada ere. Lege hau, jaiotze-tasa behera egiten ari den unean, sare pribatu osoaren interesak blindatzera etorri da. Gure ustez, ikastetxe doktrinatzaile, erdaldun edo segregatzaileei aurre egiteko tresna eraginkorrena sare publiko bakarra, euskalduna, modu demokratikoan kudeatuta eta baliabide nahikoekin hornituta sostengatzea da. Horretara iristeko bide luzea dugu, bada garaia martxan jartzeko.

Laburbilduz, honako iritzia dugu: lege hau kontsentsu sozialik gabea da eta adostasun eskasekoa; lehenengo zirriborrotik pribatizatzailea izanik, ez da eraginkorra izango segregazioa bukarazteko eta ez du bermatuko ikasle guztien euskalduntzea. Lege hau eskola publikoaren kontra doa eta eskola publikoa lege honen kontra dago.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea denona eta denontzat den eskola publikoaren alde borrokatu da urte hauetan, sistemaren ardatza izan dadin. Bide horretan, onartu berri den legea oztopoa izan arren, jarraituko dugu publikoaren alde ekiten, sare publikoko komunitatea sendotzen, eta ahalik eta indar gehienak erakartzen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.