Hezkuntza itunerako proposamenaz

2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Euskarari dagokionez, makina bat arrazoi daude kezkatuta egoteko hezkuntza sistemaren inguruan mamitzen diharduten «akordioaz». Arrazoietako batzuek zerikusia dute hogeita hamasei urtetik hona indarrean egon den legediarekin, eta bera hezkuntzan kudeatu den moduarekin; beste batzuek aurkeztu diguten akordioaren egitura berarekin; eta beste batzuek euskarari akordioan ematen zaion trataera zehaztugabe, baldintzapetu eta menpekoarekin. Hori dena ez da harritzekoa, kontuan badaukagu euskara ez dagoela alderdi politikoen lehentasunetan. Gainera, proposamenak zalantza ugari isio ditzakeen arren, hezkuntzako sindikatu «abertzaleek» ez dute ezta keinurik ere egin euskararen babeserako; euskara jaregin dute, abandonatu. [...]Euskara ia traba da batzuen interesetarako, edo besteen lehentasunezko kezka «unibertsaletarako». [...]

«Akordiorako» proposamenera jotzen badugu, menpekotasun hori nabarmena egiten da bere egituran, oinarrian dauden lehentasunezko kategoria politiko-moraletan, eta edukietan. Bost ataleko proposamena dugu; bost horiexek eta ez beste. Hori bai, baten batek aukeratu ditu, eta eman die lehentasuna gai batzuei, eta hori ez da inozoa. Behin finkatuta lehentasunak, oso adierazkorrak dira, ezer ez da kasualitatea, eta ondorioak horri lotuta datoz. [...] Benetan, gehiago ematen du akordio politikoa, hezkuntza akordioa baino. Ez al du inork ardurarik hartu nahi euskararen menpekotasun zahar-berriak egunera ditzakeen akordio horretaz?

36 orrialdetan luzatzen den testuan euskara lehenengo aldiz 7. orrialdean aipatzen da zeharka. Bestela, lehenengo bi ataletan euskara ez da agertu ere egiten. 3. Atalean, hizkuntzei buruzkoan, badu presentzia, beste hizkuntza batzuen artean, eta 4. eta 5. ataletan desagertzen da berriro. Bigarrenean, bizikidetza izenburua duena, ez dago euskararen arrastorik. Hau da, nabarmen modu ideologikoan bururatzen den akordioaren atalean, bete-betean jarraitzen zaio gidoi politiko-ideologikoari, ia modu doktrinarioan. Horren arabera, adostasunerako abiapuntua ez da erkidegoa izango; euskara ez da izango bizikidetzarako, akordiorako, aukera berdintasunerako, oinarria; euskarari ez zaio aitortuko lehentasunezko estatusik. Bizikidetzarako abiapuntua, oinarria, ez da aldez aurretik dagoen mundu esanguratsu bat, bere hizkuntza eta bere kidetasun hartu-emanekin, abegi emango diena aniztasun eta elkartasun modu ezberdinei. Haatik, abiapuntua horren ukazio hutsa da. Hirugarren atala hizkuntzei, ez euskarari, buruz hitz egiteko tokia da, eta hor aurkitzen dugu gure hizkuntza hizkuntzen trataera orokor batean nahastuta. Euskarari ez dagokio bere apartatu berezia, ez du merezi berezko, lehentasunezko, traturik, ez du merezi hausnarketa eta arreta seriorik bere estatusari, bere egoerari, bere iragan eta etorkizunari, buruz, ez dagokio estatus berririk, duina, lehentasunezkoa. Hasteko ez dago ezta hausnarketa seriorik ere orain arte hezkuntzan egin den bideaz, euskararen gutxieneko ezagupenik gabeko ehunmilaka ikasle atera dituen arren. Dena da goraipamena eta laudorioa.

Bost bider aipatzen da «euskara ardatz duen hezkuntza sistema», baina euskara ez da behin ere aipatzen berezko xede bezala. Euskara aipatzen den bakoitzean, ondoren, gogoratuko da espainolarekin batera, hau da, menpe, dela ofiziala. Horri gehitzen zaio hezkuntza sistema eleaniztuna izango dela, beste zama bat, muga bat, gehiago ezarriz euskararen berreskurapenari. Horrek denak gehiago ematen du murgiltze, D, eredua lurperatzeko diskurtso eufemistikoa, beste ezer baino. Non sartuko dute eleaniztasun hori? Euskarari ordu gehiago kenduta? Euskarari prestigio gehiago kenduta? Euskara menpekoagoa eginaz?

Ondo dago gogoratzea, baten bati ahaztu bazaio, bi hizkuntza ofizial daudela, eredu eleaniztuna ezarri nahi dela, baina euskara aipatzen den ia bakoitzean ondoren hori gogoraraztea, susmagarria baino zerbait gehiago egiten da. Zeharkakotasuna, askotarikotasuna, ezberdinen arteko akordioa, beti aipatzen diren mantrak dira, edozein ezarpen politiko zuritzeko, eta horrela egiten dute hor ere, prozesu opako hori ederresteko, eta itxurakerietan jarraitzeko. Hamabost egun ziztrinez egin zuten publikoa hautatuak izateko ohorea izan ez zutenek testua landu eta ekarpenak proposa zitzaten. Berriro opakutasuna etorri zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.