Hezkuntza-itun historikoa?

Mitxel Elortza eta Itziar Rekalde
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean, EAJk, PSEk, EPk eta EH Bilduk «historikoa» omen den Hezkuntza-ituna adostu zuten. Ordezkaritzari dagokionez, legebiltzarkideen %90 baino gehiagoren babesa lortu du. Deigarria da, hain akordio biribila lortu arren, oraindik publiko egin ez izana. Ez dugu, beraz, «akordio historikoa» baloratzeko nahikoa informaziorik, soilik alderdi ezberdinen balorazio labur eta nahasiak. Hauteskundeetan bezala, guztiak omen garaile. Guztiek egin dute bere akordioa lortu izanaren «garaipena».

EAJko Ortuzarrek, akordioaren garrantziaz batera, ekarriko ei dituen «egonkortasuna eta ziurtasuna» azpimarratu zituen. Euskarari buruz, txintik ere ez.

PSEko Anduezak talde guztiak zoriondu zituen «esparru eleaniztun batean, hiru komunikazio-hizkuntzetan oinarrituko den hezkuntzaren alde Euskal Sozialistek eginiko apustua izenpetzeagatik» eta abar.

Elkarrekin Podemosek bere burua zoriondu zuen «eredu eleaniztuna, lurralde bakoitzeko errealitatean oinarritua» lortzeagatik, besteak beste.

EH Bilduko Otxandianok aitortu zuen eredu eleaniztuna izango dela, euskara ardatz, baina irakaskuntza prozesuan beste hizkuntzak ere erabiliko direla. Oso garrantzitsutzat jo zuen B2 maila lortu beharra akordioan egotea. Bere aburuz, murgiltze ereduak ezarri beharko dira, ituna bete dadin.

Baina, orduan, zergatik ez (ei) da akordioan murgiltzea aipatu ere egiten? Gauza bera esan genezake euskal curriculumaren eta marko arautzaileen defentsaren inguruan ere.

D ereduan ikasleak euskalduntzeko gero eta zailtasun handiagoak ageri direlarik (ikasleen %40k ez du euskarazko nahikotasun maila eskuratzen), nola nahi dute ikasleek B2 maila eskuratzea, gaztelera eta ingelesa ere irakas-hizkuntza izango dituen eredu eleaniztun batean?

Haur euskaldunak sistematikoki sakabanatzen jarraituko duten beldur gara, bestalde, taldeotako batek ere ez baitu ezer ere esan taldekatze irizpideei buruz.

Eredu hirueledun batean eta haur euskaldunak sakabanatuta, zein mirariren bitartez nahi dituzte ikasleak euskaldundu? Itun historiko baten atarian barik, atzerapauso historiko baten atarian ez ote gauden beldur gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.