Hezkuntza gure neurrira, euskaraz

Saioa Gomez
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Zinemetan harrera ezin hobea izaten ari denIrati filma euskaraz egina egotea iraultzailea ote da? Asko pentsatzen egon naiz gai honen inguruan azkenaldian. Bada, filmaren zuzendari Paul Urkijok dioen bezala, lan hau euskaraz produzitu baitu bere hizkuntza delako. Honako honek naturala izan beharko lukeen harren, apustu oso indartsua izan da.

Izan ere, euskal herritarrok denboraluzez euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzen ari dugun arren, gaur egun ez da posible. Gure hizkuntza eskubideen aurka egiten duten jarrera zein epai judizialak eguneroko kontua dira oraindik.

Euskararen kontrako jarrera guztiak zerrendatzen hasiko bagina, egunkari osoa bete ahalko genuke honekin. Beraz, hilabete hauetan zehar ahotsa hartzen ari duen Hezkuntza Euskaraz Izan Behar Da dinamikarekin lotu eta batxilergoko ikasle bezala bizi dudan esperientzian zentratuko naiz.

Euskal Herria hiru lurralde administratibotan banatuta dagoen heinean, batxilergoko ikasleok bizi dugun errealitatea oso ezberdina da. Gure zilborretik begirada altxatu eta Nafarroan lurralde euskaldun, misto eta ez-euskaldunak sailkatzen dituen zonifikazioaren legea abian dagoela ikusi besterik ez dugu. Edo eta Ipar Euskal Herrian ikasleek azterketez kexu egitetik urrun, hauek euskaraz izateko borrokatzen ari direla. Nik neuk, baditut lagunak gaur egun euskaraz ikasteko baliabide espazial zein ekonomikorik ez dituztenak. Edo eta beraien hizkuntzan ikasi ahal izateko egunero ordubete baino gehiagoko bidaiak egin behar dituztenak eskolara. Asko dira gaztetatik etxetik alde egin behar dutenak euskaraz ikasten jarraitzeko, eta beste hainbat kasu.

Nire kasuan, ezkerraldean bizi eta ikasten dut. Eskola publikoan ikasi izan dut txikitatik, beti D ereduan. Askok pentsatuko dute honekin nahikoa dela, euskaraz eskola publikoan ikasteko aukera bera pribilegio bat dela. Euskal Herriko errealitatea aztertuz, izan ere, badirudi pribilegiatu bat naizela, baina ez luke horrela izan beharko. Pertsona orok izan beharko bailuke bere hizkuntzan bizi, eta, hortaz, modu duin batean ikasteko eskubidea.

Euskaraz hitz egiten dute nire irakasleek, bai. Baina argi daukat hezkuntza hau ez dela euskalduna. Eskola orduak euskaraz izateaz gain eta irakasleek euskara maila duin bat izateaz gain, erreferente euskaldunak izan beharko lirateke; hau da, euskara jakin eta praktikan jarri beharko lukete. Horrez gain, ikasle ororen integrazioa bermatzeko murgiltze eredu erreal eta eraginkorrak behar ditugu.

Eskakizun minimo hauek dira euskara klasetik kalera ateratzeko bermeak. Ikasleok euskara titulu bat izatea bermatuko digun ezagutzatik harago, euskara bizitzeko tresna gisa ulertaraziko digun euska(h)alduntze bat behar dugu.

Eskolako lan zein azterketetan erabiltzen dudan hizkuntza batetik harago, jolasorduetan, klase tarteetan, aisialdian, parrandan eta imajinatu gabeko txoko guztietan erabili nahi dut nire hizkuntza. Eta nola ez, hau guztia ahalbidetuko duen hezkuntza izango da euskalduna, eta bestela, ez da izango. Eskola orduak euskaraz emateak ez du hezkuntza sistema euskalduna egiten, eta martxoaren 23an, hizkuntza eskubideak bermatzea exijitzeaz gain, honako hau aldarrikatzen dugu.

Logika honetan, euskara Euskal Herriaren biziraupenerako tresna gisa ulertzea nahitaezkoa da. Hizkuntza baita nazio zapalduetan gure nortasunaren adierazle, eta beharrezkoa da hizkuntza gutxituek bizirik jarraitzea herriaren kultura, historia, nortasuna... galdu ez dadin. Hau horrela, euskara tresna eraldatzaile bat da, gure herriaren eraikuntzan eta biziraupenean ezinbesteko papera betetzen duena.

Honegatik guztiagatik, hezkuntza gure neurrira euskaraz izan behar da, eta ez da posible izango euskal curriculum integral bat lortu ezean. Martxoaren 23an batu hiriburuetan antolatuko diren mobilizazioetara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.