Pasatu dira irakasleon beste bost greba egun hezkuntza publikoan, modu ziurgabean pasatu ere. Aurreko asteko negoziaziotik gaur arte, langileok irratia belarrian itsatsita eta erabat ezjakin pasatu ditugu gureak omen diren bi borroka aste hauek.
Ez dugu uste borroka hau langileona izan den ondorioa atera daitekeenik greba honetatik; Zergatik diogun hori? Greba-ziklo osoa langileon bizkarrera egin delako.
Sindikatuek adostutako neurri batzuen baitan, langileon lan-baldintzak jarri dira erdigunean eta ikasleen ikas-baldintzak aipatu ere ez dira egin. Hezkuntza okerrerantz doala nabaria da oso, baina horren ondorio larrienak ikasleek eta gureak baino lan-baldintza okerragoak dituzten familiek pairatzen dituzte eta ezin zaio errealitate horri bizkarra eman.
Egiaz gurea balitz borroka hau, nola liteke gure benetako kezkek lekurik ez izatea? Grebako aldarriek irakasleok eguneroko lanean identifikatzen ditugun arazo asko alde batera uzten dituzte (segregazioa bukatzeko neurri eraginkorren falta, tresna digitalen erabilera masiboak dakartzan ondorioak, ikaskuntza-prozesua edukiz hustea, eta abar) eta oso urrun daude ikasleentzat kalitatezko hezkuntza bat bermatuko luketen neurrietatik. Hezkuntzaren kalitateari tokirik egitekotan, maila diskurtsiboan egin zaio soilik; lan-baldintzak hobetzeak zuzenean hezkuntzaren kalitatea hobetuko duelako mezua zabaldu baitute sindikatuek, hezkuntzan dauden arazoak gure lan-baldintzetatik askoz harago doazen arren.
Nola da posible langileok ahotsik ez izatea grebara noiz joango garen erabakitzeko orduan? Nola da posible greben intentsitatea sindikatuen arteko norgehiagokan eta langileon parte hartzerik gabe adostea? Lanuztea ez da langileon iniziatiba izan, ez baitugu inongo erabakimenik izan prozesu osoan. Are gehiago, ezjakintasuna eta ziurgabetasuna erabatekoak izan dira; ia egunero egon gara biharamuneko greba deskonbokatuko ote zuten zalantzan. Martxoaren 24ko gauekoa izan zen horren erakusgarri: sindikatuetatik heltzen zen komunikazio bakarra goizean badaezpada iratzargailuak betiko orduan jartzeko abisua izan zen.
Nola da posible hitzarmena sinatu edo ez erabakitzeko orduan langileon borondatea ez hartzea kontuan? Langileokin bildu beharrean sindikatuak euren artean eta Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira. Aurreko asteko astelehenean filtratu zen proposamenean, hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko nahikoa ez ziren neurriak eta bermerik gabeko promesak egin zituen Eusko Jaurlaritzak. Ezin jakin negoziazio-mahaian zer eztabaidatu zen, baina argi dago Eusko Jaurlaritzak ez duela borondaterik izan proposamen hoberik egiteko eta, hala ere, bazirudien sindikatuak proposamen hori sinatzeko mugan zebiltzala.
Hori guztia ikusita, ematen du sindikatuak langileon mesederako egon beharrean, langileok ari garela sindikatuen mesedetan, haiek prestatutako greba babesten. Sindikatuen korporatibismoa ari da izaten garaile, eta langileok erabiltzen gaituzte horretarako, inongo erabakimenik ez hitzik eman gabe.
Greba-ziklo hau goitik erabaki da eta goitik itxiko da. Agerian geratu da langileok azken hondarra garela, eta ez borrokaren parte aktibo. Gure artean antolatu gabe jarraitzen dugu, sindikatuek gu gabe prestatu duten partidan, gu gabe itxiko duten jokaldiaren zain.