Hezkuntzak dena aldatzen du. Bideak zabaltzen ditu, talentuak argitzen ditu, loturak estutzen ditu, kidetasun sentimendua ematen du. Hemen eta orain, haur bakoitzak bere bizitza eraikitzeko behar dituen tresnarik onenak merezi dituela sinestea da gizarte batek bere buruagan izan dezakeen konfiantza-ekintzarik handiena. Gizarte aske, kohesionatu eta etorkizunez beteari eusten dion oinarria da. Hezkuntzaz ari garenean, esaten dugun guztia labur geratzen da. Izan ere, heztea irakastea da, bai, baina askoz gehiago ere bada. Sinestea da. Laguntzea da. Bizi-aukerak eraikitzea da.
Eusko Jaurlaritzak benetan uste du kalitatezko hezkuntza garatzea dela gizarte batek egin dezakeen inbertsiorik onena. Ez beste bat gehiago: onena. Izan ere, gela bakoitzaren atzean, irakasle bakoitzaren atzean, ikasle bakoitzaren atzean, biharko desio dugun herria dago. Baina, era berean — eta hori esatea oso garrantzitsua da —, gaur gure seme-alabei eskaintzen ari gatzaizkion oraina ere badago. Horregatik gaur Euskadin inoizko diru publiko gehien inbertitzen da hezkuntzan (3.247,5 milioi euro), eta inoizko pertsona gehien ari da egunero gure hezkuntza sisteman lanean.
Hezkuntza etorkizuneko promesa bat baino askoz gehiago da. Gure haurrek egunero bizi duten hori ere bada. Ikasteko gune bat da; euren buruarengan konfiantza izaten, elkarrekin bizitzen, mundua ulertzen eta galderak egiten ikasten duten gunea da. Han egiten dituzte lagunak, baloratuak sentitzen dira, autoestimua eraikitzen dute. Ereduak, inspirazioa, afektuak eta mugak aurkitzen dituzten tokia da. Autonomiaz jarduteko, espiritu kritikoz moldatzeko eta erabakiak hartzeko behar diren funtsezko gaitasunak eskuratzen dituzte. Eskola horixe da: bizi-espazio bat, zentzuz betea. Ikasi ez ezik, bizi egiten da bertan. Eta egun bakoitzak bere balioa du.
Horregatik, etorkizunari anbizioz begiratzen dion hezkuntza-eredu bat eraikitzen ari gara. Oso gurea den horretan oinarritutako eredua: baztertzen ez duen identitate partekatu batekiko konpromisoa; batzen duena. Aniztasuna harrotasunez eta arduraz besarkatzen duena. Bizitzarako ikaskuntza bultzatuko duen eredu bat, non ezagutza — ikaskuntzaren oinarri sendo gisa —, trebetasunak eta balioak batzen diren pertsona kritiko, prestatu eta konprometituak prestatzeko.
Urrats garrantzitsuak eman ditugu. Euskadik, gaur egun, Estatuko eskola-uzte tasarik baxuena du eta Europako batezbestekoaren azpitik dago. Euskal hezkuntza-sistemak sendotasun handia du; nazioartean, Lanbide Heziketa erreferente bat; lidergo pedagogikoa duten ikastetxeak, eta hezkuntza-komunitate biziak. Euskara eta gure kultura balioesten dituen eredu bat da geurea, hizkuntza bat ikastea ez delako kontu akademiko hutsala; integrazio-, kidetasun- eta balio-prozesu bat ere badelako. Hezkuntza sistema ona daukagu, baina hobetu beharra dugu, euskal gizartearen beharrizan eta erronka berrietara ondo egokituz. Euskal eskolak emaitza onenak lortzeko nahia, anbizioa eta beharra ditugu eta horretan ari gara.
Izan ere, erronka handiak dauzkagu aurrean: hainbat gaitasun indartzea, ikasturtean zehar kanpotik datozen ikasleentzat ibilbide egokituak ezartzea, ongizate emozionala zaintzea, pantailen erronken aurrean heztea…Sinplekeria eta eztabaida hutsalak utzi eta anbizioz, erantzukizunez eta ikuspegi zabalarekin jokatzea eskatzen dute desafio horiek. Benetan hezkuntza publikoa indartu nahi badugu, akordio arduratsu eta eraginkorrak lortu behar ditugu eta funtsezkoa da alderdi guztiek benetan garrantzitsua dena erdigunean jartzea: sistema hobetzea, ikasleak zaintzea eta kalitatezko hezkuntza-zerbitzua bermatzea. Konbentzituta gaude hor dagoela guztion topagunea. Eta hori lortzeko bide bakarra dago: guztiok dugun onena ematea. Gobernuak, ikastetxeek, ikasleek, familiek... Eta, jakina, irakasleek. Funtsezko elementuak dira hezkuntza-sistema hobetzeko, ikasleentzako erreferenteak dira, eta ikasleen motibazio piztaileak.
Gaur egun, Euskadi gizarte anitzagoa da. Jaiotza-tasa txikitzen ari da eta gure ikasgeletako errealitatea aldatzen. Eta horretan ere gure konpromisoa agerikoa da. Badakigu hobekuntzaren bidea ezin duela inork bakardadean egin. Horregatik sinesten dugu erantzukidetasun-ereduan, zeinetan hezkuntza-komunitateko eragile bakoitzak — irakasleak, familiak, zuzendaritza-taldeak, administrazioak, ikasleak — bere onena ematen duen eskola inklusiboagoa, sendoagoa eta gizatiarragoa eraikitzeko.
Egiten duguna zergatik egiten dugun gogoratu behar dugu: ezagutza garatzeko, hobeto bizitzeko eta pertsona bakoitzak bere leku propioa izango duen eskolan bizitzeko eskubidea bermatzeko. Izan ere, Euskadi Berriak esan nahi du inor atzean ez uztea. Heztea erantzukizun instituzionala delako; bai. Baina, batez ere, talde-lana da eta erantzukidetasunean jardutea. Konfiantza-egintza partekatua da. Itxaropentsua. Eta bihar ez, baizik gaur behar gaituen haur bakoitzarekiko konpromisoa da.
Gure egungo testuinguruan, hain exijentea izanik, ausardiaz heldu behar diogu hezkuntza hobekuntzari. Gure oraina eta gure hurrengo belaunaldien etorkizuna ditugu jokoan. Jaurlaritza garen aldetik, baliabide publikoak ondo kudeatu behar ditugu, eta hezkuntza-sistemaren hobekuntza beti jarri behar dugu aurretik. Horretan ari gara. Eraldatzen duen hezkuntza ereduan sinesten dugu; bideak irekitzen dituena eta eskua luzatzen duena; laguntzen duena, inspiratzen duena eta zentzua ematen diona. Heztea ez da soilik Gobernuaren erantzukizuna: gizarte osoaren inbertsioa da.