Hezkuntza eta politika

2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hezkuntza sistemak eta haiek arautzen dituzten legeak estatuen garapenpolitikoarekin batera joaten dira. Horregatik, azken hau analizatzeak aurrekoen izaera agerian utziko du, eta alderantziz. Hau egia izanik, zera ondoriozta daiteke: gobernuek itxura baino ez dutela aldatzen hezkuntza legeak egitean, garrantzitsuena berdin utziz. Eta horrela da hezkuntza oro har, eta arautua zehazki (ikastetxeena), sistema politikoa irauteko eginak direlako.

Hori dela eta, oso inportantea da hezkuntza legeek helburutzat biltzen dutena eta errealitatean hartzen dituzten neurri praktikoak bereiztea. Adibidez, lege batean adieraztea justizia soziala bilatzen dela, errealitate praktikoan ikastetxe pribatuak baimendu, bermatu eta diru publikoarekin lagunduak diren bitartean, kontraesana izateaz gain iruzur hutsa da.

Boterea dutenen interesen eta hezkuntza sistemaren arteko loturak nabaria izan beharko luke ezkertiarrentzat, baina, zoritxarrez, errealitateaaldatu nahi duten alderdiek, sindikatuek, pedagogia mugimenduek, irakasleriak... ahaztuta dute, hein handi batean.

Noski, gaurko errealitate soziala 60ko hamarkadakoaren ezberdina da, Paolo Freireren Zapalduen pedagogia argitaratu zenean, baina, nire irakasle izan zen Iñaki Otxoa de Olzak zioen bezala, espainiar estatuan ohitura da teoriak baztertzea, irakurri ere egin gabe. Freireren mezua, hau da, aldaketa sozial, autonomo eta kontzientea gertatzeko botereak nahi duen bestelako hezkuntza beharrezkoa dela defenditzen zuena, zuzena eta egungoa da. Eta gaurkotasun hori ez da galduko desberdintasunek eta injustizia sozialek irauten duten bitartean. Horrek zera esan nahi du: ez dela saiatu behar ikasleria egoki dadin instituzioek gizarteratzeko prestatua duten programaziora; aitzitik, bide berriak erakutsi behar zaizkiola, bere egoeratik abiatuta errealitate bidegabea justuagoa bilakatzeko.

Mezu hau gauzatzeko, irakaskuntzan lan egiten dutenek kontziente izan behar dute haien jarduera politikoa dela, eta ez administrazio-lan hutsa.

70eko hamarkadan, Franco gabe ja baina frankismoa indarrean zegoenean (tiranorik gabeko beste frankismoak hein handi batean oraindik jarraitzen baitu), eta hurrengo hamarkadan ere, heziketan lan egitea, politikan parte hartzea zen orduko irakasle askorentzat. Irakaskuntzan lan egiten genuen gutariko askok alderdi ezkertiarretan militatzen genuen, eta konbentzitzen saiatu bai, baina kasurik ez genien egin heziketa politikatik kanpo geratu behar zela esaten zutenei, zeinek defenditzen zuten, gizartearen hierarkizazioaren aldekoak zirenez, iaioei (gaurko adituak) baino ez zegokiela politikaz arduratzea, jakinda, noski, orduan botere politikoan zeudenen ordezkoak haiek izango zirela, ez merituengatik, oinordekoak izateagatik baizik.

Eta heziketa politikaren arloan sartzeko arrazoia zen haren bidez gizarte bidegabea aldatu nahi genuela, eta zeuden injustiziak zuzentzeko ikasleek, gure bidez, injustizia horien kontzientzia hartu behar zutela. Beraz, ezinezkoa zen gutariko askorentzat ikasgelako lana eta justiziaren aldeko borroka bereiztea. Eta ez genuen doktrinatzearen bidez egiten, ofizialak ez ziren beste errealitateen aurkikuntzaren bidez baizik, ikasleriak bere bizitza bideratzeko aukera izan zezan. Arrazoi horregatik, testuliburuek eta irakasle frankistek biltzen zuten eduki ofizialari aurre egiteko alternatibak bilatu eta proposatzen genituen.

Horren adibideak izan ziren: Adarra, gure irakaskuntza hobetzeko lagungarri izan zegokigun mugimendu pedagogiko autonomoa; batzar bidezko funtzionamendua, zeinaren bidez irakaskuntzan sartzeko baremo bat landu genuen, ikastetxeko zuzendariei irakasleria hautatzeko eskumena kenduz; AEKn matrikulatzeko irakasleen olatua sortu zen, ez lanpostuak lortzeko helburuarekin, galtzear zegoen hizkuntza berreskuratzeko kontzientziarengatik baizik; eta ikastetxeetan gurasoen, langileen eta ikasleen parte-hartzea bultzatzeko batzarrei eman genien bultzada, besteak beste. Horrek guztiak helburu politiko praktikoa zuen: injustizien sortzailea zen sistema aldatzea.

Gaur, saiakera alternatibo haiek guztiak xurgatu eta desagerrarazi ditu kapitalismoak, instituzionalizazioaren bidez eta kontzeptuen lapurretaren bidez. Horrela ba, berrikuntza pedagogikoaren aldeko mugimendua Formakuntza eta berrikuntza pedagogikoa izatera pasatu zen, horretarako Berritzeguneak sortu zituztelarik, zeinak irakasleriari laguntza emateko baino, klarionetik ihes egiteko bidea izan ziren; euskara ikastea ere ofizial bihurtu zen, eta, hortik aurrera, tituluak lortzeko zapuzketa sortzen zuten eta duten azterketen bidezko prestakuntzari garrantzi handiagoa eman zitzaion; eskola kontseiluak arautuak izan ziren, ikasleriaren parte-hartzea hutsean geratuz.

EAJren lege berriaren bidez, zuzendariei irakasleria hautatzeko parada arbitrarioa emango zaie berriro, ikastetxeak taifa erreinu bilakatuz. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, gaizki deitutako kalitate sistemak gehitu behar dizkiogu hezkuntza endekapenari, zeren eta produkzioa eta salmenta hobetzeko sortuak izan ziren programa horiek sasi-adituen eta etekinak ateratzeko enpresen bidez irakaskuntzan txertatuak izan dira, ikasleak eta haien gurasoak bezero bilakatuz, eta bukaezinezko burokraziari esker ikasketa kontrolatzea lortu dute, produkzio kateko produktua balitz bezala.

Ikastetxeetan ematen den heziketa hobetzeko, hauek lirateke besteren arteko proposamenak: ikasleak injustiziak eragiten dituztenen ereduaren kopia izatetik ospa egin; ez utzi ikasgelan ez daudenen esku bertan egin behar dena; esperientzia partekatu botereak kontrolatzen dituen erakundeetatik at; inposatutako burokrazia gainditu, programazioari eta bere garapenari %100 emateko; programazio horiek egiteko ikasleen egoera sozialetik abiatu; publikoarentzat baliabide gehiago eta pribatuari ematen zaion diru publikoaren desagerpena exijitu, jatorrizko desabantailak orekatzeko, eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.