Hezkuntza eta akordioak

Maider Izagirre eta Ibai Redondo
2017ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Hezkuntza askatasuna da, eta soilik zapalduen ahultasunetik sortutako boterea izango da behar bezain indartsua guztiak askatzeko», Paulo Freire. Akordioa, akordioa, akordioa... Hezkuntzan eta jendarteko beste hainbat esparrutan akordioen beharraz hitz egiten da, eta akordio hitza totem bilakatu da. Akordioa zertarako? Hori da geure buruari egiten diogun galdera. Gauzak dauden bezala jarraitzeko, egungo ereduan sakontzeko edo hezkuntza eraldatzeko? Akordioa noren artean? Elite baten edo hezkuntza komunitate osoa inplikatuz? Guk argi dugu: hezkuntzan akordioak behar ditugu, behetik gora eraikiak, parte hartzaileak, sendoak, ikuspegi nazionala izango dutenak, burujabetza terminoetan kokatuak, iraunkorrak eta egungo hezkuntza sistema eraldatzera bideratuko direnak. Hezkuntza baita klase sozial guztiei aukera berdintasuna bermatzeko tresna, gure herriaren biziraupen eta garapenerako tresna nagusia.

Irailaren 23an, EAEko Hezkuntza Sailak hezkuntza komunitateari dei egin zigun Hezkuntzan akordioa lortzeko. Paraleloan, Madrilen alderdi politikoak Espainiako Hezkuntza Sistema egonkortzeko akordio bat lantzen ari dira. Eta ez dezagun ahaztu: gaur egun Euskal Herrian daukaguna ez da Hezkuntza Sistema Burujabea, Madril eta Parisen erabakien menpeko, elite ekonomikoen menpeko administrazio bat baizik: beraiek erabakitzen dute gure ikastetxeetan zer ikasi eta irakatsi behar dugun (Curriculuma); Felipe VI.ak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak balioztatzen dituzte unibertsitate tituluak; Madril eta Parisek erabakitzen dute zenbat irakasle postu atera daitezkeen oposizioetan; erabat atzerakoia den azterketa sistema inposatuz gure ikastetxeetako pedagogia eredua baldintzatzen dute; Madrilen erabakitzen dute erlijioa irakasgai izatea eta hezkuntza eredu pratriarkala mantentzea... Finean, Madrilek eta Parisek erabakitzen dute botere ekonomikoen neurrira egin eta Euskal Herrian inposatzen zaigun hezkuntza sistema.

LABek oso argi dauka, Espainia eta Frantziako ereduak inposatuak izateaz gain, ez direla batere osasuntsuak eta gure herriarren beharretatik oso urrun daudela. Ingurura begiratuta, inongo estatuk ez ditu sistema hauek eredu on gisa erabiltzen. Europako hezkuntza sistemak aztertzeko egin berri diren jardunaldietan ikusi dugu badaudela Europa Iparraldean bestelako ereduak; alta, gure herriari eta jendarteari egokituta ereduak behar ditugula argi dugu; errealitate zein behar ezberdinei egokitutakoak. Kateak askatu, Europa iparraldetik eta mundutik ikasi eta behingoz gure herriak behar duen hezkuntza sistema eraikitzeko ordua heldu da.

Dena da beltza? Espainia eta Frantziako legediak uzten dituen marjinak estuak izan arren, Euskal Herriko Hezkuntza komunitateak behin eta berriz desobedientziaren bidez alternatibak eraiki ditu: frankismoan ikasleak euskalduntzeko Ikastolak martxan jarriz eta eskola publiko euskaldunak eraikiz; curriculum inposatuen gainetik Euskal Curriculumean oinarritutako materialak egin eta hainbat ikastetxetan aplikatuz (herri curriculumak, Eki proiektua...); hezkuntza hezkidetzailea lortzeko programak garatuz; azterketa, errebalida, baxo, selektibitate eta kontrol neurri guztien gainetik ebaluazio eta pedagogia askatatzaileak nola edo hala gure ikastetxe ugaritan abian jarriz; erlijio katolikoaren irakasgaia emateari uko eginez; herri unibertsitateak eta eskola alternatiboak antolatuz...

Egindakoa ez da gutxi, baina egiteko duguna asko da. Eta zer egin dute gobernu autonomikoek? Amen, amen. Madril eta Parisetik datorren legedi zentralizatzaileei amen, eredu kapitalistari amen eta murrizketak aplikatu. Nola lortu kalitatezko hezkuntza sistema bat inbertsioak murriztuz? Nola lortu gure eskoletako kultur aniztasunaren altxorra altxor izatea eta ez arazo, baliabiderik ez badugu? Nola lortu inklusioa gelak gainezka baditugu? Nola aurre egin segregazio eta masifikazioari inbertsiorik egiten ez bada? Nola aurre egin patriarkatuari hezkuntza hezkidetzailea lehentasuna ez bada? Euskal Herriak kalitatezko hezkuntza sistema burujabea behar du,hezkuntza publiko-herritarra ardatz izango duen sistema berri etanazionala.

EAEko Hezkuntza Sailak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eragile eta sindikatuoi hezkuntzan akordioa egiteko proposamena egin digu. Gure erantzuna argia da: Hezkuntzan erabakitzeko eskubide osoa lortzeko bada, bai, egongo gara; Madril eta Parisen erabakien menpe egongo den hezkuntza sistema atzerakoian partxeak jartzeko bada, ez... Eta traumarik gabe! Hezkuntza komunitatea nahikoa heldua da, mugak eta oztopoak gaindituz, gurea eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.