Jakin dugunez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2017ko aurrekontuak onartuko dira laster EAJ, PSE eta PPren babesarekin. EAJk erabaki du aurrekontuak LOMCE legea inposatu, murrizketak areagotu, hezkuntzaren kalitatea murriztu eta herri gisa oinarrizko eskubideak ukatu dizkigun PPrekin onartzea. Berriro ere, benetako beharrei, pertsona gehienen beharrei erantzuten ez dieten aurrekontuak izango dira. Azken urteetan bezala, lehentasunak ez dira ipintzen jendarte justuagoa eraikitzeko bidean, eta hezkuntza horren adibide argia da.
Aurrekontu hauekin, azken urteetan hezkuntzan ezarritako murrizketek —hainbeste kalte egiten ari direnak— indarrean jarraituko dute. Sarri entzuten dugun arren hezkuntzak duen garrantzia, ezinbesteko zutabe kohesio sozialerako, eta politika publikoetan lehentasuna izan behar duen esparrua dela, beste behin ere, aurrekontuak ezeztatzen dute hori guztia, eta hitz hutsalak besterik ez direla argi gelditzen da.
Legebiltzarkide ohi gisa, aurreko legealdian ikusitakoaren jarraipena dira hauek, zoritxarrez. Betiko leloaren betiko leloa.
2017ko hezkuntza aurrekontua oso urruti gelditzen da 2009ko aurrekontuetatik.167 milioi euro gehiago inbertitu beharko lirateke hezkuntzan orain dela zortzi urteko egoerara itzultzeko. Oraindik ere, urteetako murrizketei buelta eman gabe jarraitzen dugu, eta baliabiderik gabe erronka berriei aurre egiteko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan BPGaren %3,6 dedikatzen den bitartean hezkuntzara (2009an %4,3), Espainian %4 tik gora eta Europako batezbestekoa %5 eta %6 artean kokatzen da. Badago tartea hobetzeko! Baina Jaurlaritzarentzat, EAJrentzat, hitzetatik harago, hezkuntza ez da lehentasuna, eta hezkuntza publikoa are gutxiago.
Hezkuntza sistema ahulduz doa. Ahulduz doaz. Aurrekontu hauetan Unibertsitateak pisua galtzen du, Haurreskoletan gabezia nabariak daude eta orokorrean aurreko urteetako irizpideei jarraitzen die. Ez dago apusturik, ez dago inbertsiorik hezkuntzaren kalitatearen alde eragiteko.
Ikastetxeetako egoera kaskartuz joan da. Kontuan hartu behar da, unibertsitatez kanpoko hezkuntza sisteman, azken urteetan matrikulazioak nabarmen egin duela gora baina irakasle, langile kopuruak ez. Gutxienez, 1.800-2.000 irakasle gehiago behar dira erantzun ahal izateko ikasleei.
Irakasleen artean %31 behin-behinekoak dira. Honek kalitatean, antolakuntzan eta lan baldintzetan ondorio zuzenak ditu. Gainera, Jaurlaritza egiten ari den Lan Eskaintza Publikoak ridikuluak dira, ez dute konpontzen benetan dugun arazoa. Eta Jaurlaritzatik egonkortasuna bermatzeko beste tresnarik ez da landu. 6.000 lanpostu egonkortu behar dira.
Hain inportanteak diren ordezkapenak ere, atzerapenekin egiten dira. Ordezkapenak lehen egunetik bete behar dira, ezin ditugulako ikasleak irakasle gabe utzi.
Irakasleen gaixotasun bajak zigortzen dira (egindako beste murrizketa bat). 2010etik soldatak murriztu egin dira: %5eko jaitsiera, 2012ko aparteko lansariaren zati bat oraindik ez da itzuli, soldata izoztuak azken urteetan, eta gehienez %1eko igoera.
Irakasleen batez besteko adina altua da. Erretiroa hartzeko adina atzeratu egin da, ez dago ordu murrizketarik edo beste neurririk. Bitartean, gazteak langabezian edo beste herrialdeetara joan behar dira. Lan baldintzak okertu dira, lan zama nabarmen handitzen zaien bitartean irakasleei. Errealitate honek eragin zuzena dauka hezkuntza kalitatean. Zerrenda luzearekin jarrai nezakeen, baina ez naiz gehiago luzatuko.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua abian ipiniko dituen planak aurkezten ari da. Hezkuntza hobetzeko plana, inklusiorako plana, ikasle etorkinak eskolatzekoa... Nahi beste hobekuntza plan egin daiteke, baina gutxi indartu daiteke errealitatea ez bada errotik aldatzen.
Irakasle nahiko egotea, egonkortasuna ikastetxeetan, lan baldintza duinak izatea, ikasleen aniztasunari erantzuteko aukerak izatea: errefortzuak, bikoizketak, material pedagogikoa eta testu liburuak dohainik eskaintzea, matrikulazio irizpideak aldatzea, beharrezko azpiegiturak egitea... ezinbestekoak dira edozein plan aurrera eramateko eta hau arrakastatsua izateko.
Hezkuntzan egiten den inbertsioak zuzeneko eragina du eraiki nahi den hezkuntza sisteman. Inbertsioa handitu eta bitartekoak ganoraz kudeatzea beharrezkoa da.
Gauzak horrela, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek mobilizazioetara deitu dute martxoaren 22rako. Greba eguna izango da.
Nola ez eskatu baliabideak hezkuntzarako? Nola ez adierazi hezkuntza publikoko langileek duten haserrea? Nola ez ulertu hezkuntza komunitateak duen haserrea? Nola ez mobilizatu benetako negoziazioaren alde, akordioen alde eta inposizioen kontra? Arrazoi osoa dute, zilegi da eta beharrezkoa bestelako hezkuntza politika batzuk behar ditugula exijitzea. Proposamen eraikitzailez beteriko deialdia da.
Murrizketarik gabeko aurrekontuak behar ditugu, hezkuntza lehenetsiko duten neurriak hartu behar dira, Europako batezbestekora iristeko bidea egiten hasi behar dugu. EAJk, PSEk eta PPk adostutako aurrekontuak alderantzizko bidean doaz. Lotsagarria da. Horregatik, nik ere greba egingo dut!
Hezkuntza, aurrekontuak eta greba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu