Hezkuntza akordioaz, Bildarratz sailburuari

Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hezkuntza Akordio bat gertu dagoela gero eta sarriago entzuten ari garen honetan, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko hainbat plataformatan, harridura handiz hartu ditugu Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aurtengo ikasturtearen irekiera ofizialean egindako adierazpenak. Bertan, bere sailak aurreikusten duen helburua hezkuntza itun baten alde lan egitea da, Hezkuntza Lege Berria onartu aurreko urrats gisa, eta horrek kezkatzen gaitu. Izan ere, Bildarratzek esan duenez, balizko itun horren oinarria aurreko sailburua zen Cristina Uriartek 2018an sinatu zuen Akordioa izango bailitzateke. Oraingoan, Eusko Ikaskuntzak egingo du prozesua, eta datozen 30 urteetan euskal eskolak beharko lukeen izaera zehazteko akordio zabal bat lortzea du helburu.

Behin baino gehiagotan azaldu dugu gure desadostasuna abian jarri nahi den prozesu berriaren oinarria izango den dokumentu horrekin, erabili zen prozeduragatik eta edukiengatik (Jaurlaritzak berak erabaki zituen gaiak eta parte-hartzaileak, eta eztabaida bideratua eta mugatua izan zen), sare publikoko eragile guztiok bere garaian arbuiatu zutena.

Horrez gain, gure kezkak eta zalantzak plazaratu nahiko genituzke entzuten ari garen balizko eta, antza, gertu dagoen hezkuntza akordioaren inguruan:

—Hasteko, sailburuak argitu egin behar du prozesua (denborak, parte-hartzaileak, edukiak...). Planteatzen dena azkarregia da. Ezinezkoa da urtebetean egitea 30 urte iraungo duen akordio bat.

—Akordio politikoa egon daiteke, baina beharrezkoa dena hezkuntza hitzarmen sozial eta zabal bat da, benetako prozesu parte-hartzaile demokratikoa egitea; eta horrek denbora eskatzen du. 2018ko Desakordioak ez du balio.

—Harritzen gaitu Eusko Jaurlaritzak ez duela oraindik sistemaren aurretiko diagnostikorik egin bere indarguneak eta ahuldadeak zehazteko, edozein hobekuntza planek eskatzen duen bezala.

—Bildarratz sailburuak eskola-segregazioa dagoenik aipatu gabe jarraitzen du, euskal hezkuntza-sistemaren arazorik larriena. Halaber, ez du birplanteatzen azken hamarkadetan zehar, Eskola Publikoaren kaltetan, itunpeko hezkuntzaren hazkundea sendotzen ari den finantzaketa-eredua berrikusteko beharrik.

Horrelako prozesu azkar batek, diagnostikorik, helburu zehatzik eta funtsezko edukirik gabe, ez du ezer aldatuko; orain daukaguna indartu baino ez du egingo. Hortik atera daitekeen balizko Hezkuntza Legea eskola publikoaren kalterako eta irakaskuntza kontzertatuaren mesederako baino ezin da izan. Ez dugu nahi egungo sistema duala legitimatuko duen akordio/legerik, eskola publikoa sistemaren erdigune bihurtuko duena baino, sistema inklusibo, ekitatibo eta ez-segregatzaile baterantz aurrera egiteko ezinbestekoa dena.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari, denona eta denontzat den eskola publikoaren alde egin eta eskola-segregazioaren kontra konpromiso argia azaltzeko eskatu nahi diogu.

OHARRA: Artikulu hau euskal eskola publikoaren aldeko Gasteizko,Amurrioko Zabaleko bizirik, Oarsoaldeko eta Santurtziko plataformen izenean dago idatzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.